Biographies - View details   To know more about this section

Miel Frantzisko Zubeldia "Artxanberri"

Personal details

Name
Zubeldia, Miel Frantzisko "Artxanberri"
Complet name and surname
Zubeldia Aldasoro, Migel Frantzisko
Birth
1894 Zaldibia + Zaldibia < Goierri < Gipuzkoa < Basque Country
Death
1974 Altzo + Altzo < Tolosaldea < Gipuzkoa < Basque Country

Bertsolarism

Main specialization
Bertsolaria

Biographical details

Biography
Zaldibian (Gipuzkoa), Ernaitzaga-azpikoa baserrian jaio zen 1894ko abuztuaren 8an. Orduan oso ohikoa zen bezala, oso gazterik hasi zen lanean, artzain morroi bezala. 18 urte zituela Iparraldera joan zen langintza horretara. Lau urte inguru han egin eta itzuli zenean, artalde bat hartu zuen jabetzan. Ordurako bere sendia Abaltzisketako Iarzagoikora aldatua zen; mendian artaldea utzi eta Abaltzisketako ostatura sartu orduko hala esan omen zion bertako nagusiak: hara gure artzaiberri! Handik aurrera batzuentzat Patxi eta besteentzat Artxanberri izango zen; bertsozaleentzat, Artxanberri.

1935 inguruan, artzantza utzi eta ezagun egingo zuen beste ofizio bat hartu zuen: azeri-harrapatzailea. Euskal Herriko lurralde guztietatik deitzen omen zioten langintza horretarako, eta baita kanpo-herrietatik ere, Kantabriatik eta Burgosetik-eta.

Ez zen plazaz plaza asko ibilitako bertsolaria izan, ezta txapelketetan ere. Inguruko herriren batean ariko zen noizean behin, baina ez dago plazako bertsolaria zela esaterik; lagunartea, taberna giroa zen bere lekua. Emazte Manttonik esaten omen zuenez, dei asko jasotzen zituen herrietatik bertsotara joan zedin, baina joan nahi ez… Bere garaiko txapelketa guztien liburuak begiratuta ere ez da bere izenik topatuko. Bertsolari ezaguna zen halere, eta bere garaiko bertsolari handienekin aritu zen kantuan: Txirrita, Txapel, Prantzes Txikia, Uztapide, Basarri, Lasarte, Lazkao-Txiki… Hauetatik testigantza utzi dutenek nabarmen aitortu diote bere bertsolari izaera, eta bere bertsoak hartu dituzte gogoan.

Zaldibiako herriak omenaldia eskaini zion 1974ko ekainaren 29an, San Pedro egunean. Han izan ziren Manuel Olaizola "Uztapide", Lasarte, Patxi Iraola eta beste.

Zaldibiko omenaldia jaso eta gutxira zendu zen, Altzon, Altzo Azpiko Seroretxen, 1974ko abuztuaren 7an, 80 urte bete bezperan. Gogoratua eta estimatua izan da bere jaioterrian, orduz gero gauzatu dituzten hainbat ekintzak erakusten duten bezala.

1977an, bere izena ere bazeraman "Artxanberri eta Pello Errota saria" bertsolari gazteen txapelketa antolatzen hasi ziren Zaldibian, eta bi urtez behin antolatu zuten 1989a bitartean.

2011ako abenduan, Artxanberri izena jarri zioten Zaldibiako kale bati. Izen bera eman zioten 2015eko ekainean 23an inauguratu zuten probalekuari. 2024ko abuztuaren 6an, heriotzaren berrogeita hamargarren urteurrenean, plaka berri bat jarri zuten berari eskainitako kale horretako plaza txikian.