Biographies - View details   To know more about this section

Martin Larrañaga Guridi "Larrumeko Martin"

Personal details

Name
Larrañaga Guridi, Martin "Larrumeko Martin" (1917-1966)
Complet name and surname
Larrañaga Guridi, Martin
Birth
1917 Azkoitia + Azkoitia < Urola Kosta < Gipuzkoa < Basque Country
Death
1966 Azkoitia + Azkoitia < Urola Kosta < Gipuzkoa < Basque Country

Bertsolarism

Main specialization
Herri-bertsolaria
Specializations
Biltzailea

Biographical details

Biography
Azkoitiko Kukuerri bailarako Larrumeaundi baserrian jaio zen, 1917ko abenduaren 12an. Bertsolaria zuen aita, Jose Mari Larrañaga Odriozola "Larrumeko Markesa", eta baita osaba Martin ere. Senditik zetorkion beraz bertsozaletasuna. Horrezaz gain, dultzaina-jolea ere izan behar zuen. Testigantza hauk guztiak jaso zituen Laxaro Azkunek "Martin Larrañaga Guridi (Larrumeaundi)" iker-lanean.

Bat-batean etorri onekoa izan arren ez omen zen plazaz plaza ibili. Santa Eskean ibiliko zen, Gelatxo trikiti-joleak berarekin aritu izana gogoratzen zuen-eta. Tabernako bertsolaria zela dio Laxaro Azkunek, ahoz aho gordetako bere bertsoren bat jasotzen du Laxaro Azkunek, eta Antonio Zavalak ere jasotzen du berari idatziz helarazitako bertso bat Auspoa saileko "Azkoitiako zenbait bertsolari" liburukian.

Bertsozalea izaki, han-hemen eskura jartzen zitzaizkion bertso-paperak erosten zituen eta, hain zuzen, bere bilduma da Antonio Zavalaren Auspoa liburu-bilduma erraldoiaren abiapuntua. Hala jaso zuen Laxaro Azkunek Martinen iloba Alejandroren ahotik, Javierren ikasle zegoelarik, berau izan zelarik Antonio Zavalaren eskuetan aipatu bertso-sorta jarri zuena.

1966ko uztailaren 9an hil zen 48 urte zituela.

Other works

Bat-bateko bertso ezagunenak
Laxaro Azkunek bildua, iloba Alejandro Larrañagari:

1960 urte inguruan edo izango zen, Azkoitiko Altzibarko tabernan bertsotan ari zen Martin beste bi anaia oiartzuarrekin. Bietako batek poliki egiten omen zuen gainera bertsotan. Haiek bertsotan ari zirelako tabernan zeuden erdaldun batzuk kexaka hasi ziren beren hizkuntzan bertsolariei isiltzeko esanez. Hara Martinen erantzuna bertsotan:

Gure Jainkuak lurralde honi
emana zion hizkuntza.
Euskara eder hau zapaldu nahian
kastillanuak dabiltza.
Herri hontan guk ez degu behar
jendekera honen laguntza.
Konforme ez dana joan dadila
gure mugatik haruntza.

Antonio Zavalak jasoa:

Orren semea ere (Jose Mari Larrañaga Odriozola "Larrumeko Markesa"gatik ari da), Martin, bertsolaria zan, bañan onen bertsorik dakienik ere ez degu arkitu. Bertso biltzeari ekin nionean, bertso-paper mordoxka polita eman zidan, baita buruz zekizkian batzuk esan ere. Bañan eskutitz batean bialdu zidana jarri nezake orain emen. Artean mutilzar zegoan, da eskutitz batean, adarra jotzeagatik, andregaia billatzeko edo praile edo jesuita sartzeko esan nion. Orra aren erantzuna:

Orra nere buelta
pazientzia artuta:
Gizona nola egon litake
komentu ortan sartuta,
orko errezo ta kanpai-otsakin
belarri biak gortuta?
Or mutilzar baño obeko det nik
andre polit bat artuta!