Biographies - View details   To know more about this section

Mikela Elizegi

Personal details

Name
Elizegi, Mikela
Complet name and surname
Elizegi Bengoetxea, Mikaela
Birth
1869 Asteasu + Asteasu < Tolosaldea < Gipuzkoa < Basque Country
Death
1967 Donostia + Donostia < Donostialdea < Gipuzkoa < Basque Country

Bertsolarism

Main specialization
Bertsolaria

Biographical details

Biography
Mikela Elizegi Bengoetxea Asteasun jaio zen 1869ko abuztuaren 19an. Pello Errota bertsolariaren seme-alabetatik laugarrena zen, eta bera ere bertsolaria zen.

Berari esker bildu izan zituen Aita Zavalak Pello Errotaren hainbat bertso eta biografia-ohar. Pello Errotari, aitari, idazkari lana egin zion ezkondu artean. Pello Errotaren bertso asko Mikaelak papereratuak dira.

1893ko urriaren 14an ezkondu zen Asteasuko Ondartza-aurrena baserrira, eta bere azken urteak Donostian igaro zituen, bere alabaren etxean.

Mikelaren bertso gutxi jaso dira. Auspoa 32. zenbakian Uztapideri erantzundako eta Argentinan bizi zen ahizparen gonbidapenari erantzundakoak jasotzen dira:

"(...) bazkalondoan bota zidan [Uztapidek], "amona, zer moduzko biziya" galdetuaz, ta nik olaxe erantzun nion:

Pobriak jayo eta
pobriak biziyak,
iñork eztit ukatzen,
eman nai guziyak,
nunbait izango ditut
denak mereziyak,
zor artzekotan kito,
Jaunari graziyak.

Ala bota nion. Ori, edozein tokitan botatzeko ere bertso ederra da. Iñork berriz toriatzen banau, orixe botako diot. (...)"

Bere ahizpa Joxepa Inazi Argentinara joanda zegoen, eta Mikelari ere bertara joateko esaten zion:

"Arek [Joxepa Inazik] ara eraman nai niñun, bañan neri etzitzaidan gogorik egiten, da bakarrik ezin joango nitzala esaten nion.
Ta bertsoa ere bialdu zidan:

Nere aizpa Mikela
nik abixaturik,
eztuela etorri nai
birian bakarrik,
eztet nai eukitzia
etxian negarrik,
or gelditzen bazera
zeretzat alperrik.

Nik, berriz, onela erantzun nion:

Aizpa, bialtzen dizut
orren errespuesta,
oraindik ni juatia
seguruba ezta,
orrenbeste enpeñoz
gelditzia gaitz-ta,
akaso juango naiz
mudakorra naiz-ta."

Auspoako sail nagusian jasotako bertsoak:

"Larogei urte zituala, fameli arteko bazkalondo batean, onako au kantatu zuan:

Larogei urterekin nago ni
gaur munduari begira,
gure denboran beti izan du
bizio orrek segira;
por desgracia aspaldi ontan
aumentatutzen ari da,
len baziran da orain badira,
gero're izango dira.

Eta despedidan:

Orain pentsatutzen det
kantatzen astia,
ondo gobernatuta
ez nago tristia;
oik ez dute merezi
ixilik uztia,
agur, ezkonberri ta
konpañi guztia."

Auspoa sail nagusian Mikela Elizegik bere aitaren omenaldiaren harrira idatzitako bertso-sorta biografia honi lotuta daude, dagokien bertso-fitxan.

1995ean Bertsolari aldizkariak Aita Zavalak Mikelaren bizitasuna erakusten duen pasartea dakar, Asteasuko emakume talde bat Mikela tentatzen zebilela, haietako emakume batek esandakoa eta Mikelak, ordurako 90 urte beteak zituenak, erantzundakoa:

- "Aizu, Mikela! Hemen emakume artean eztabaida bat sortu da, emakumeari gizonarenganako gogo hori noiz, zenbat urtekin joaten ote zaion, eta zaharrena zeu zarela eta zeuri galdetzea erabaki dugu"
- "Ba zaharrago batengana jo beharko duzue hori jakitera, neri ez zaidan oraindik joan eta".

Mikelak eta beste emakumeek jasan behar izaten zituzten irainak jasotzen dira besteak beste "Hau leku aittorra" liburuan. Pello Errotaren alaba bati eedo alaba bati buruz botatako bertsoa, eta alaba horrek ustez emandako erantzuna dira. Erantzun horren egiletza emakume batena denik ere zalantzazkoa izan daiteke, Joxepa Inaxi, Mikela eta Dolores ahizpek bertsotan erantzun-bizitasuna izateaz gain, erlijioaren eragina izugarria baitzuten. Dena dela, emakume izate hutsagatik jasan beharreko jazarpenaren adibide dira:

"(...) Nonbait, baten bat Pello Errotaren alabari modu zakar honetan hasi zitzaion:

Pello Errotariya
Astiasukua
Ameriketan barrena
ibillitakua;
alaba ere badu
neskatxa bapua
hamaika buztan eder
biruindutakua.

Pello Errotaren alabak ez zion, agian, merezi zuen adinako erantzuna eman; motz geratu ote zen…, baina badu ironia ukitu interesgarri bat:

Jaunak adi zazute
nere abisua
gizona izatia
horren berritsua
danak dontzella egotia
al da prezisua
len usatuak ere
badu serbitzua.

Bartolo Aierbek lehenengoa gabe, bigarren bertso leunduxea jakinarazi zuen Argian, 1996an, dontzella ordez soltera esanda beste aldaketa txiki batzuez gain."


Iturria:
- Elizegi, Mikela. "Pello Errotaren bizitza bere alabak kontatua". Auspoa; 32. https://www.euskaltzaindia.eus/dok/iker_jagon_tegiak/auspoa/8580.pdf ]
- Zavala, A. "Pello Errota". Auspoa Sail Nagusia. https://www.euskaltzaindia.eus/dok/iker_jagon_tegiak/auspoa/10264.pdf ]
- Azkune, Laxaro. Mikaela Elizegi 1869-1967 IN "Bertsolari aldizkaria", 17 zkia., 1995 martxoa, 24-26 orr. http://www.bertsolari.eus/aldizkariak/emakumeak-plazara/
- Mendizabal, Agustin. “Hau leku aittorra! : Oiartzun haraneko kanta eta bertso zahar bilduma berria”. Oiartzun: Udala, 2017.

Publications

Ekoizpen oharrak
Pello Errotari, aitari, idazkari lana egin zion ezkondu artean. Pello Errotaren bertso asko Mikaelak papereratuak dira.