Biographies - View details   To know more about this section

Izaskun Ellakuriaga

Personal details

Name
Ellakuriaga, Izaskun
Complet name and surname
Ellakuriaga Bustinza, Izaskun
Birth
1972 Iurreta + Iurreta < Durangaldea < Bizkaia < Basque Country
Death
2025 Iurreta + Iurreta < Durangaldea < Bizkaia < Basque Country

Bertsolarism

Main specialization
Bertso-kazetaria
Specializations
Bertso-irratsaiogilea
Bertso analisigilea/kritikaria

Biographical details

Biography
Iurretan (Bizkaia) jaio zen 1972ko otsailaren 14an. Iurreta eta Durangoko ikastoletan egin zituen oinarrizko ikasketak, eta Kazetaritzan lizentziatu zen 1995ean, Euskal Herriko Unibertsidadean. Komunikazio alorrean trebatzen jarraitu zuen gero eguneroko praktikarekin uztartuz.

Euskaltzalea, kulturtzalea eta bertsozalea izaki, bertsoarekin lotura handia izan du bere ibilbideak: Jon Lopategirekin hasi zen murgiltzen bertso-munduan, eta Santi Belarrekin ere aritu zen Durangoko Bertso Eskolan, besterik beste, Unai Iturriaga eta Igor Elortza kantukide zituela. Plazan ere kantatu zuen baina ez zuen luzatu ibilbide hau. Gerora, bertsoaren bestelako alorretan aritu da, bereziki, komunikazioan: 2008an Bizkaiko Bertsolari Txapelketako komunikazio arduraduna izan zen, eta 2009an Euskal Herriko Bertsolari Txapelketa Nagusikoa. Bertsozale Elkarteko Komunikazio Taldean boluntario gisa bere ekarpena egiten jarraitu du gerora. Horrez gain, gai-jartzaietzan eta epailetzan jardun izan du herri mailan.

Kazetaritza eta komunikazioa izan ditu bizibide, eta ibilbide ugaria da berea: Durangoko Anboto hedabidearen aurrekaria izan zen Eraz aldizkariaren sorreran hartu zuen parte eta bertako erredaktore eta zuzendari izan zen hainbat urtetan (1994-2003). Bizkaia Irratiko kazetaria izan da 2002az gero, eta Gerediaga Elkarteko eta Durangoko Azokako komunikazio arduradun lanarekin partekatu du zeregin hori aldi horretan guztain. Horrez gain, Berrizko udaleko komunikazio aholkularia (2004-2011), Durangoko Kurutziaga ikastolak antolatutako Ibilaldiko komunikazino arduraduna (2005), eta Lekukomen sortzaileetakoa da.

Kazetaritza lanean ere isla izan du bere bertsozaletasunak; besteak beste, Bizkaia Irratiko 'Zortziko Txikia' irratsaioa egiten zuen gaztetxoenekin, eta artikulu ugari idatzi du Bertsolari aldizkarian.

Minbiziaren eraginez 2025eko uztailaren 16an hil da sorterrian, 53 urte dituela.