Biographies - View details   To know more about this section

Patxi Etxeberria

Personal details

Name
Etxeberria, Patxi
Complet name and surname
Etxeberria Zubiria, Patxi
Birth
1930 Orio + Orio < Urola Kosta < Gipuzkoa < Basque Country

Bertsolarism

Main specialization
Bertsolaria

Biographical details

Biography
Orioko Ortzaika auzoan, Erretzabal Txiki baserrian jaio zen; zortzi senideetatik bosgarrena bera. Txirotasuna ondo ezagututakoa izaki, eskola apenas jaso ostean bederatzi urterekin lanean hasi zen, eskabetxeriaren industrian, eta 13 urterekin itsasorako bidea hartu zuen; 12 urte horrela. 1955ean, Iñaxi Etxeberria oriotarra eta biak ezkondu, eta Lasarte-Orion hartu zuten bizitokia; 1962an biek arrandegia ireki zuten bertan.

“Jaiotzez nirekin etorri zen bertsozaletasuna” esan izan du. Horrela, gaztetan, bakarka nahiz lagun edo taberna giroan hasi zelarik, 1956ko irailean, Zikuñaga auzoko (Hernani) bertsolari gazteen txapelketa batean egin zuen plazetako jauzia; irabazle irten zen orduan. Geroxeago heldu zitzaizkion errenkadan, Aginagako gazteen txapelketa 1959an, Loiola Irratiko sariketak... Koskaz koska joan zen ezagutarazten bere ahotsa bertso munduan.

Molde klasikoko bertsolaria, “Hizketan bezala bertsotan” egin izan duen bertsolari belaunaldiko kidea da. 1965eko maiatzean, Loiolako Herri Irratiak antolatuta bertsolari gazteen txapelketako finala zela-eta, Zeruko Argia aldizkarian idatzitako kronikan, egoki asko definitu zuten Etxeberria: “izketa, neurria, irudimena, zorroztasuna... denak berekin ditu. Bertsoa errez, eta sakon egiten, mutilla degu Etxeberria. Oraindik, bertsolaritza bizi bada (Jainkoak nai dezala!) oriotarrak ortzak erakutsiko ditu”.

Etxeberrria lehenbiziko egunetik izan da jakitun doahinik ez duela eduki punta-puntako bertsolaria izateko. Baina ofizioa bikain menderatuz, plaza handietan bezainbat gozo eta gustura jardun du kantari edozein auzo txikiko bazkal edo afal osteeetan, santa eskean, erromerietan... Gehien ibili den urtetan, 100 plaza pilatu izan ditu. Beti ere, eskua atzen jarrita, serio-serio, plaza gizon patxarosoaren irudia transmitituz.

Ahots sendoagatik eta doinu aberastasunagatik famatu izan da maiz. 1980ko Euskal Herriko txapelketan, esate batera, hogei doinu desberdin abestu zituen, bere ibilbidean ahotik belarrira ikasita zeuzkanak.

Bertsolarien belaunaldi mordoarekin plazak partekatzea egokitu izan zaio; kasik ehun bertsolariekin, bere apunteen arabera. Hasita Basarri, Uztapide, Lasarte, Zelai, Txapel, Mitxelena, Azpillaga, Lazkao Txiki... eta abarrekin, eta bukatuz Unai Agirre, Amaia Agirre, Ane Labaka, Unai Gaztelumendi eta horien garaikide askorekin.

Urtetan aurrera eginda egon arren, ederki asko egokitu zen bertso-eskolen mugimendu berritzailera, eta, Lasarte-Oriako bertso eskolako kide izan da urtetan, Ebaristo Pikabea, Joxe Kruz Labaka, Imanol Lizardi, Pablo Suberbiola, Andoni Otamendi, Beñat Iguaran, Zigor Iriondo, Ane Labakarekin eta beste zenbaitekin batera. Ia 70 urte zituelarik, 1999ko Gipuzkoako Herrien Arteko Txapelketan parte hartu zuen, Andoni Otamendi eta Pablo Suberbiolarekin Lasarte-Oria ordezkatuz.

80 urteak atzean ondotxo utzi arren oraindik ere plazetan bertsotan segitu du, baina jada utzita dauka.

Iturria: Lasa, Xabier. "50 urtez plaza gizon : (1959-2009) : Patxi Etxeberria : hizketan bezala bertsotan". Lasarte-Oria: Lasarte-Oriako Udala, 2009.

First steps in bertsolarism

Lehen plaza
Hernaniko Zikuñaga auzoan, 1956ko irailean, bertsolari gazteen txapelketa batean.