Biographies - View details   To know more about this section

Begoña Iturriza

Personal details

Name
Iturriza, Begoña
Complet name and surname
Iturriza Zabala, Begoña
Birth
1947 Bilbo + Bilbo < Bilboaldea < Bizkaia < Basque Country

Bertsolarism

Main specialization
Organizer
Specializations
Presenter
Bertso-eskolako eragilea
Bertso irakaslea
Eragilea
Gai-jartzailea
Jarduerei buruzko azalpenak
Santutxuko Bertsolari Eskolara lotu zen hastapenetan (1980). Honen lehen bi hamarkadetan, bertsolaritzari atxiki dakizkiokeen lan mota gehienak bete ditu: saio antolatzaile, bertso-irakasle, gai-jartzaile, aurkezle ... Nonoiz jendaurrean kantatu ere egin du.
Bizkaiko Bertsolari Ikasleen Elkartearen sortzailetakoa (1983). Euskal Herriko Bertsozale Elkartearen hastapenetan Bizkaiko egiturako partaidea (1985-1990).
Araba-Bizkaiko Bertsolari Txapelketa 1987 -ren antolatzaile taldeko kidea. Administraria eta argitaratu zen liburuko bertso-transkribapen arduraduna.

Biographical details

Biography
Bergaran jaio zen 1947ko azaroaren 15ean. Artean oso umea zela, Bilboko Santutxu auzora joan zen familia eta hau izan du bizitoki orduz gero. Irakaslea izanik ofizioz, bertsolaritza izan du afizio handietakoa, eta bertso-irakasle, gai jartzaile, antolatzaile, eragile eta noiz edo noiz jendaurrean bertsotan jardutea ere egokitu zaio.

Gurasoak ez ziren bereziki bertsozaleak, baina bai euskaltzaleak eta etxean jaso zuen euskara: ama euskalduna zen eta euskaraz egiten zien beti, etxean zein kalean; aitak ez zuen erraztasunik. Hamalau-hamabost urte zituelarik, ordea, inguru guztiz erdaldunduan, ez zuen euskara kasik erabiltzen eta galtzear egon zen. Euskaltzaindiak garaian Bilbon antolatutako ikastaro batek erakarri zuen berriro euskarara, eta bertsolaritza izan zuen gero bere berreuskalduntze prozesuan lagun garrantzitsuetakoa.

Jorge Oteizaren bertsolaritzaren goraipamenek, honi atxikitzen zion "misterioak", baina batik bat Xabier Amurizaren 1980ko txapelketako proposamenak, bertsokera berriak, liluratu eta ekarri zuen bertso mundura. Urte hartan bertan bildu zen Santutxun Xabier Amuriza ematen ari zen ikastarora. Han ziren Trino Azkoitia, Joxerra Etxebarria, Joxerra Bilbao, Juanjo Basterra, Koldo Tapia, Iñaki Antiguedad eta beste batzuk. Handik eratuko zen Santutxuko Bertso Eskola, eta bertako parte-hartzaile aktiboa izan zen ondorengo bi hamarkadetan (1980-2000).

Bertso-eskola hura laster bihurtu zen Bilbo eta inguruetako mugimendu bertsozale eta euskaltzalearen nukleo: erreferentzia ziren inguruko beste hainbat mugimenduenztat batetik, eta, bestetik ekimen ugari antolatzen zituzten beraiek. Behar militante handia zegoen: bertso saioen antolaketa, bertsolariak lotzea, gaiak jartzea… Bertso-eskolen mugimendua azkar hedatzen ari zen eta harreman estua sortu zen Bizkaiko bertso-eskolen artean. Paper garrantzitsua jokatu zuen horretan ere Santutxuko taldeak. Bilerak antolatzen hasi ziren Bilboko alde zaharreko Gernikesan, jendetsuak eta kementsuak, eta horren emaitzetakoa izan zen 1983an sortu zen Bizkaiko Bertsolari Ikasleen Elkartea, «Asociación de Versolaris Noveles de Vizcaya», Bizkaiko Bertsozale Elkartearen ernamuina izango zena.

Emakumeak presentzia oso-oso txikia zuen garaian, tokia hartzen hasi zirenetakoa izan zen Iturriza. Aipatutako lan oparoaren baitan, mugarri izan zen berarentzat Basauriko Hamaiken aurkako epaiketa puri-purian zegoelarik (1982), emakume horien alde Bilbon antolatu zen kantaldia: oholtza gainean izan zen Kristina Mardarasekin batera, eurei abesten.

Euskal Herriko Bertsozale Elkartearen hastapenetan, Bizkaiko egituraketan parte hartzea ere egokitu zitzaion. Besterik beste, 1987an antolatu zen lehen Araba eta Bizkaiko Bertsolari Txapelketako antolatzaile taldeko kidea izan zen, administrazio arduraduna, eta baita ostera argitaratu zen liburuko bertso-transkribatzio egilea ere: bat-bateko bertsoak idazteko irizpide argirik ez zen garaia izaki, lan eskerga suposatu zion.

2023ko Bizkaiko Bertsolari Txapelketako txapeldunari txapela jartzeko hautatu du Bizkaiko Bertsozale Elkarteak, bere sorreraren 40 urtebetetze ospakizunetan. Nerea Ibartzabali jantzi dio.