E. Lekue:
Gauza on batzuk gertatu jakuz
onartu behar da behintzat
azkenaldiko gertaerak be
hartu dagiguzan aintzat
Euskal Herrian barriz atea
jo dau eta esperantzak.
Barri ona da hori neuretzat
eta beste guztiontzat.
A. Estiballes:
Agiri batek bandoa jo dau
aspaldian tarrapatan
bi mila ta hamarrean hasita
oraintxe geu zalapartan
baina bakean sinistu behar
dogu danok geure baitan
hamarrekoa galdu ez dadin
bi mila eta hamaikan.
E. Lekue:
Ta atzo bertan beste barri bat
gertatu zan neuretzako
Zamudioko lagun bat euan
kartzelan herritik kanpo
ta atzo aske geratu jakun
zorte opari halako
ia aurten be doguzan danok
holango barri on asko.
A. Estiballes:
Bi mila ta hamar dino Arbilduk
ez eizu galdu brujula!
Txapelketa bat ere egon zan
ta egingo deutsut burla
berri on bat hantxe jaso neban
berri on eta mardula
berri onena hori izan zan
bigarren egin zendula.
E. Lekue:
Eta albotik zuk sartu gura
al deustazu barriz bala?
Bai jente danak ederto daki
txapelduna zeu zarala.
Halan be entzule asko hurbildu
ta esan deustie hala:
nahiz ta txapela zeuk irabazi
ni neuk merezi nebala.
A. Estiballes:
Lo egin barik pasau al dozuz
horregatik hamaika gau?
Txapela merezi eta Etxahun
neuk irabazi neuen rau!
Jendeak zeuk merezi zendula
zurrumurruak hor dirau
bertsotan ulertzen ez dauenak
gauza asko esaten dau.
Hil 1936-10-17
"Gerra aurreko kultur bilkuretako argazkietan, gehien zabaldu direnetan, maiz, ia gehienetan, sotanaz jantzitako gizon lodi samar bat kausituko dugu —Txirrita zen gailentzen zuen bakarrenetakoa—. Zinez itzal handiko, Tolosan jaiotako Jose Ariztimuño. Aitzol ezizenez ezaguna gerra aurreko euskalgintzan, inoiz esan izan da, euskalgintza bezain beste, herrigintza izan zela Aitzolek landu zuena.
Apaiztu ondoren, Espainiako Elizaren Misio Batasuneko idazkari izendatu zuten eta Bartzelonara aldatu zen. 1930ean Donostiara itzuli eta berehala, sortu berria zen Euskaltzaleak elkartearen zuzendaritza hartu zuen; ondoren, Eusko Pizkundea mugimenduaren hastapenetako oinarriak jarri zituen. Antolatzaile aparta, elkarrizketa maite zuen, Madrilekin hartu-emanetan sakonduz, akordioetara iristea zuen helburu, bide horrek irakaskuntzaren elebitasuna bezalako lorpenak ekar zitzakeelakoan. Europako herriek kultur alorrean egindakoaz jantzia, Abaddiaren jarraitzaile, Kataluniako esperientzien berri bazuen, antolatzaile bezain beste, kontrolatzailea zen Aitzol.
Sustatzailea kultur eztabaidetan ere, hasiera batean, Lauaxeta eta Lizardi buru zuten kultur alorreko berrikuntza kritikatu zuenak, 1934an bi poeten maila goratu zuen (berandu, Lizardik laudorioak entzun zitzan). Bide berriak, bide guztiak direla ikasi ote zuen. Idazlan gehienak, gazteleraz idatzi zituen.
Gerra pizturik, geldirik ez zekien Aitzolek, EAJ eta karlisten arteko akordioa lortzen saiatu zen, eta jardun horretan ari zela, frankistek harrapatu egin zuten Pasaian. Hernanin fusilatu zuten eta orduko-gaurko prentsak ez zion losintxarik eskaini." (Larrion)
Bere lan guztietan euskararen normalkuntzaren aldeko ekimenak bultzatu zituen. Misio propagandista bezala asko ibili zen Europan zehar, eta arreta berezia jarri zien herri txikietako gertakizunei. Horrela, okzitanieraren susperraldian Mistral-en Mireio poema epiko nazionalak izan zuen arrakasta eta eraginaz ohartu zen, halaber, Finlandian Lonnrot-en Katevala poema epiko nazionalak izan zuenaz. 1930-36 bitartean sortu zen euskaltzale errenazentisten mugimenduko partaide eta eragile zuzena izan zen. Poemagintza jasoa bultzatu bazuen ere lehen aldian (Lauaxeta, Lizardi ...), olerki jaso horrekin herriarengana ez zirela heltzen ikusirik, euskaldunen poema epiko nazionala aldarrikatzen hasi zen (Orixeren Euskaldunak horren ondorio) eta bertsolaritza, herri xeheak maite zuena, prestijiatu eta bultzatu nahi izan zuen: asmo honetan lekutu behar dira 1935 eta 1936ko Bertso guduak eta bertsolaritzarekiko orduko intelektualen ikuspegia aldatzeko egin zituen ahaleginak.
Iturriak:
- Larrion, Patxi. Gure Mendea. Argia. http://www.argia.com/mendea/pertso/36aitzol.htm ]
- Haitzondo egitasmoa, Bertsozale Elkartea
X. Silveirak moldatu du bere erara, BEBE kantariak, Pafuera telarañas izeneko diskoan, Razones delako kantuan erabili duen doinua. Bertsolari batzuek sei puntuko bertsoak sortzeko erabiltzen dute doinu hau, eta beste batzuek zortzi puntukoak sortzeko.