Bertsos - Ver ficha Más información sobre esta sección
2012-03-08 Usurbil Lagun-artekoa [Bertsoa] / Ainhoa Agirreazaldegi, Uxue Alberdi
Bertsoa entzun |
2012-03-08 Usurbil Lagun-artekoa [Bertsoa] / Ainhoa Agirreazaldegi, Uxue Alberdi
Nombre de la estrofa:
Zortziko handia (hg) / Lau puntuko handia (ip)
Localización:
XDZ - Xenpelar Dokumentazio Zentroa
A. Agirreazaldegi
Pentsatu gendun "Haur bat nahi dugu"
jausi zitzaigun adurra
gero haurdun gelditu nintzen
ta hankek jo zuten lurra.
Beti ez nago oso seguru
ez det esango gezurra
emankorra izan ote naitekeen
hori da lehen beldurra.
U. Alberdi
Izango zara jausi ezean
beti beldur hoien mende
ahaztu ezkero jartzen diguten
mila aholku ta lege.
Umearekin disfrutatzea
hartu zazu zure xede
gero ez dezu astirik izango
beldurra izateko ere!
A. Agirreazaldegi
Haurra izan ta beti jendea
ondoan balitz behinepin
baina ama asko ikusi eta
hain zaila zenik ez nekin.
Zure barrua nola moldatzen
ote den nahi nuke jakin
lagun guztiak euren martxan ta
zu pasiaran haurrakin.
U. Alberdi
Nahiz ta ohituta nengoen lehen
beti publikotasunean
orain sarritan murgildu ohi naiz
nere ta haurraren senean.
Orain bizitza bizi dezaket
egunean-egunean
gero ere hala egongo naiz ta
zuk deitu nahi duzunean.
A. Agirreazaldegi
Ta bikotean lehen maitatzeko
izaten zen ahalegina
ostiraleko antzerkia nahiz
zapatuko pasiara atsegina
ta orain dena haurrarentzako
aitak ta amak jakina
ta nola zaindu bikotea bada
hirugarrengo erpina?
U. Alberdi
Bizitzak badu bere denbora
fase bat da hau alafede!
Baditu bere kalteak eta
baditu nahiko mesede.
Dena umorez hartu behar da
bizi behar da alegre
dena txandaka egiten dugu
ia baita larrutan'e!
A. Agirreazaldegi
Jendea kezkaz ikus dezaket
nere beldurrei begira
guztia baikor saldu ohi degu
amatasunan harira
ilusioak eta beldurrak
guztiak datoz neurrira
baina mamuak txikio dira
aipatzen baldin badira.
U. Alberdi
Bizi ohi ditut momentu onak
eta bada une txarrik
bizi izan dunak ondotxo daki
ez det esaten alperrik
baina zuk segi zure bidean
ta ez zazu egin negarrik
gero're Ainhoa izango zara
ta ez ama bat bakarrik.