Biografías - Ver ficha   Más información sobre esta sección

Koldo Tapia

Datos personales

Nombre
Tapia, Koldo
Nombre y apellidos completos
Tapia Garmendia, Koldo
Nacimiento
1946 Zizurkil + Zizurkil < Tolosaldea < Gipuzkoa < Euskal Herria

Bertsolarismo

Principal dedicación
Promotor
Dedicaciones
Organizador
Gai-jartzailea
Secretaria/o
Investigador/a
Jarduerei buruzko azalpenak
Santutxuko lehen bertso-taldeko kidea (1979). Talde horretatik eratorri zen Santutxuko Bertsolari Eskola, 1983an sortu zen Bizkaiko Bertsolari Ikasleen Elkartearen, Bizkaiko Bertsozale Elkartearen aitzindari izango zenaren, bultzatzaileetakoa.

Euskal Herriko Bertsozale Elkartearen (EHBE) sortzaile taldeko kidea. Lehen Estatutuen idazketaren arduraduna, EHBE-ko idazkaria eta zuzendaritzakidea izan da 1987tik 2007ra. Liberarturik 1991an, dedikazio osoz jardun zuen 2007ra arte ardura eta betekizun ugarirekin: Koordinatzaile orokorra, kudeatzailea, proiektu arduraduna, sail desberdinetako eragile, ...

Sustapen eta hedapen alorrean: Euskal Herriko Bertsolari Txapelketa Nagusiako Araba-Bizkaiko kanporaketa 1985-en antolaketa arduradun (1985) eta Araba-Bizkaiko Bertsolari Txapelketa 1987-ren antolaketa arduradun. Euskal Herriko Bertsolari Txapelketa Nagusiak, 1993 eta 1997: koordinatzailea.

Ikerketa-azterketa-gogoeta alorrean: Bertsozaletasunaren Azterketa Soziologikoak, 1992-1994 (Siadeco) eta 2005 (EHU): proiektuaren EHBE-ko koordinatzailea. "Bertsolamintza" jardunaldien koordinatzailea lehen bi edizioetan, 1993 eta 1995.

Transmisio alorrean: "Bat-bateko bertsolaritza: gakoak eta azterbideak", 2001 (euskaraz, espainieraz, frantsesez eta ingeleraz argitaratua): koordinatzailea eta edizio arduraduna.

Kulturarte-nazioarte alorrean: Ahozko Inprobisazioa Munduan, kultur arteko topaketa 2003: koordinatzailea.

Datos biográficos

Biografía
Zizurkilgo (Gipuzkoa) Kamiotxiki kale-etxean jaio zen 1946ko azaroaren 20an. Baserrian ez, baina baserri giroan sortua da. Amonari entzundako bertso zaharrak entzunez zaletu zen bertsotara.

Gazte zelarik, frankismo beteko oldar-garaiak bizitzea egokitu zitzaion. Herri mugimenduetan aritu zen, kartzela ezagutu zuen lehenik, klandestinitatea gero, Bartzelonara ihesa ... Euskal Herrira itzulirik politikagintzan eta sindikalgintzan murgildu zen, harik eta kontu haiek guztiak alde batera uztea erabaki eta, 1980ko hamarkadaren hasieran, Santurtziko euskara arduradun plaza eskuratu zuen arte; Euskal Herriko Bertsozale Elkartearen sorrera eta antolaketan borondatez jardun ondoren hainbat urtetan, bertan bete zuen bere bizitza profesionalaren azken aldia (1991-2007). Bat-bateko itzulpengintzan trebatu zen 80ko hamarkadan eta jarduera hori ere burutu zuen beste lanbideekin batera. Kulturgintzan egin duen lana, neurri handian, 1980ko hamarkada aurreko eskarmentuarekin lotura zuzena duela dio berak.

Xabier Amurizak bere teoria praktikan jartzeko Bizkaian sortu zen lehen taldeko (Santutxu, 1979) partaidea izan zen Joserra Etxeberria, Joserra Bilbao, Iñaki Antiguedad, Trino Azkoitia, Begoña Iturriza, Juanjo Basterra, Karlos Ibarzabal eta beste batzuekin batera. Santutxuko Bertso-eskola eratorri zen handik, eta laster bihurtu zen Bilbo eta inguruetako mugimendu bertsozale eta euskaltzalearen muina: erreferentzia ziren inguruko beste hainbat mugimenduenztat batetik, eta, bestetik, ekimen ugari antolatzen zituzten beraiek. Bertso-eskolen mugimendua azkar hedatzen ari zen eta harreman estua sortu zen Bizkaiko bertso-eskolen artean. Paper garrantzitsua jokatu zuen horretan ere Santutxuko talde horrek. Horren emaitzetakoa izan zen 1983an sortu zen Bizkaiko Bertsolari Ikasleen Elkartea, «Asociación de Versolaris Noveles de Vizcaya», gerora, Euskal Herriko Bertsozale Elkartean txertatu eta Bizkaiko Bertsozale Elkartearen ernamuina izango zena.

Euskaltzaindiak antolatu zuen azken Txapelketa Nagusian, 1982an, bertsolari gisara parte hartu zuen; hartaraxe mugatu zen kasik bere plazako bertso-jarduna. 1985-86ko Euskal Herriko Bertsolari Txapelketa Nagusiko antolakuntza batzordeko kidea izan zen, Araba-Bizkaiko kanporaketa saioen arduradunetakoa, eta, Txapelketa hori amaiturik buru-belarri lotu zitzaion Euskal Herriko Bertsozale Elkartearen sorrera eta antolaketari.

Euskal Herriko Bertsolari Elkarteko (gerora Euskal Herriko Bertsozale Elkartea, EHBE) idazkari izendatua izan zen 1987ko ekainaren 18an Donostiako Udaletxean egin zen "birsortze" batzarrean (Batzar hau hartu izanda EHBE-ren sortze ofizialtzat). Batzar honetan, nagusiki Koldo berak landu eta proposatutako Estatutuak onartu ziren, 1985-1986ko Txapeketa Nagusia antolatzeko erakundea legeztatzeko presaka idatziak ordezkatuz. Kargu hori izan zuen 2007 urtera arte. 1991ean idazkaria liberatzea erabaki zuen Bertsozale Elkarteak. Proposamena onartu zuen eta Koordinatzaile Orokorra (1991-2005) eta, aldian aldiko ardura banaketaren arabera, Sustapen, Ikerkuntza eta Transmisio sailetako eragiletza ardurak bete zituen 2017an erretiroa hartu zuen arte.

Bertsolaritzaren alor askotan jardutea egokitu zaio -bertsolari, gai-jartzaile, antolatzaile - baina EHBEren garapenean egindako ekarpena da bereziki nabarmentzen dena: proiektu zehatzak bideratzen (XDZ, Azterketa Soziologikioak, Bertsolari Txapelketak, transmisio proiektuak, nazioarteko harremanak, Kulturarteko Topaketak, ...) eta taxutzen izandako ardurak gutxietsi gabe, EHBEren lehen bi hamarkadetan, bere oinarriak sendotzen, norabidea zehazten eta proiektuaren gidaritzan egindako lana da behinena.

Zizurkilen erroak, Barcelona, Barakaldo eta Oiartzunen bizialdi batzuk eginik, Urnietara eraman du bizitzak. Hor, euskara eta euskal kulturaren indarberritzeari loturik jarraitzen du: euskal kantutegia kaleratzeko "Kantazaun" taldeko partaide da 2019az gero, eta Urnietan euskara eta euskal kultura sustatzeko 2023an sortutako "Manttale Kultur Elkartea"ren sortzaile taldeko kidea da.


Publicaciones

Ekoizpen oharrak
"Arin Arin" trikitixa programa, ETB1. aurkezlea (1992)
"Aho Bete Kanta" euskal kantutegi garaikidearen bilduma argitaratu zuen Arteola Elkarteko sustatzaile eta partaide (2006)