Bertsoak - Fitxa ikusi Atal honi buruz gehiago jakiteko
2011-03-04 Elgoibar Jaialdia [Bertsoa] / Ainhoa Agirreazaldegi, Beñat Gaztelumendi
Bertsoa entzun |
2011-03-04 Elgoibar Jaialdia [Bertsoa] / Ainhoa Agirreazaldegi, Beñat Gaztelumendi
Neurria:
Lauko handia (hg) / Bi puntuko handia (ip)
Kokapena:
XDZ - Xenpelar Dokumentazio Zentroa
A. Agirrezaldegi:
Hara ba Beñat nik sentitzen det
gaur galdetzeko beharra:
konta zaiguzu noiz egin zendun
zure azkenengo negarra.
B. Gaztelumendi:
Kuriositate pixkat badezu
Muñoarena entzunik
gustora esango nizuke Ainhoa
baina lotsa ematen dit.
A. Agirrezaldegi:
Ba beraz Beñat hementxe daukat
gertu bigarren galdera:
jende aurrean negar egiten
zu atrebitzen al zera?
B. Gaztelumendi:
Ez al dakizu? Gizona jaio
nintzen Ainhoa maitea
gure bertute haundiena da
harrizkoak izatea.
A. Agirrezaldegi:
Ze harri eta ze kristo Beñat
ez zaitut ulertu aizu!
Negargurea daukazunean
ze kristo egiten dezu?
B. Gaztelumendi:
Ez al dakizu nahiko erantzun
sinplea daukala horrek?
Negargurea daukadanean
irribarre egiten det.
A. Agirrezaldegi:
Barkatu baina berriro diot
kasi ez zaitut ulertzen nik
zuk ez al dezu negarra eiten
baimentzen dizun lagunik?
B. Gaztelumendi:
Negar egiten badakit baina
nere kuartoan bakarrik
besteek ez dute nere sekretu
guztiak jakin beharrik.
A. Agirrezaldegi:
Bada negarra omen da sarri
askatzaile den brujula
eta seguru nago anginak
maiz izaten dituzula.
B. Gaztelumendi:
Anginak izan beharra ez da
hain sentsazio itzela
baina ez det nahi jakin dezaten
ni ere hausten naizela.
A. Agirrezaldegi:
Ba sinets zazu gure aholkuak
beti ez dira hain txarrak
sarri orgasmo batek baino hobe
utzi zaitzake negarrak.
B. Gaztelumendi:
Bertso saioan gaude ta arren
zuk ez esan holakorik!
Ondo pasatzen ari naiz ta ez det
malkorako motiborik.
A. Agirrezaldegi:
Zuk ba al dakizu munduan zer dan
askoren kalitatea?
Txinan goizero da ariketa
negar pixkat egitea.
B. Gaztelumendi:
Baina neretzat Txina gelditzen
da neregandik urruti
besteen penak kontsolatzeko
ordea prest nago beti.
A. Agirrezaldegi:
Bueno mutiko jatorra zera
bizitzan bada aukera
seguru nago helduko zara
noizbait gizon izatera.
B. Gaztelumendi:
Sekretuekin bukatzea igual
eskatuko du gaurkoak:
neri bi malko atera dizkit
Uxuen bakarkakoak.
Datu-base honetan eskainitako informazioari buruz jakiteko, kontsultatu lege oharra