Bertsoak - Fitxa ikusi   Atal honi buruz gehiago jakiteko

2017-06-24 Andoain Jaialdia [Bertsoa] / Amets Arzallus, Aitor Mendiluze

Bertsoa entzun  

Informazio orokorra

Kategoria
Bat-batekoa
Saioa
2017-06-24 Andoain Jaialdia
Gai-jartzailea
Beloki, Ion
Bertsolariak / Egileak
Arzallus, Amets
Mendiluze, Aitor
Jarritako gaia
Errauskailuaren aurkako gose greban zaudeten bi guraso zarete. Amets, ezin duzu gehiago; zu, Aitor, greban jarraitzeko prest zaude.

Deskribapena

Doinua
Hamaika aldiz daukazu lehendik A
Neurria / Estrofaren izena
Zortziko handia (hg) / Lau puntuko handia (ip)
Bertso kopurua
8

Kokapena

Kokapena
XDZ - Xenpelar Dokumentazio Zentroa
Bilduma / Funtsa / Proiektua
Bapatean Bilduma

2017-06-24 Andoain Jaialdia [Bertsoa] / Amets Arzallus, Aitor Mendiluze

Neurria:  Zortziko handia (hg) / Lau puntuko handia (ip) 
Kokapena:  XDZ - Xenpelar Dokumentazio Zentroa 


A. Mendiluze
Gose greba hau hasi genuen
taldean denok batera
eta orain ezin omen dezula
baina posible ote da?
Indar gehiago atera behar da
hori da geure aukera
konpromisotik ezin badezu
amorrutikan atera.

A. Arzallus
Nik nahi nuena zan erraustegi
horren gaia salatzea
ez dugu lortu albistegiak
hitz hauekin zabaltzea.
Kontua ez da aurrera egin
ta ahaztu guztiz atzea
besteeri ez eragin eta
neroni izurratzea.

A. Mendiluze
Baina aurrera egin ezean
gelditzen zera atzean
ta aurreratu egin daiteke
norbera izorratzean.
Askori ez zaio mezurik heldu
zeuk esan dezun antzean
eta ez zaie inoiz helduko
errepikatu ezean.

A. Arzallus
Bai baina Aitor besterentzako
da greba honen hizkuntza
ez dut ulertzen guri inortxok
ez ematea laguntza
ez dira aldatzen ez PNV
ez Diario Vasco, ez Kutxa
gure borroka ezin da izan
egoskorkeria hutsa.

A. Mendiluze
Neuk ere hala pentsatu izan det
zertan ari ote naizen?
Zerbait lortuko al den horrela
edo norantza goazen?
Ta erabaki det norbaitek jarri
behar dula bidea zuzen
zalantzan dauden beste guztiak
atzetik joan daitezen.

A. Arzallus
Horrela luze segi ezkero
gelditu zintezke larri
besteek baina ez dauzkate
ez etika ez belarri
ta kapitala proiektuakin
aurreratu da izugarri
horiek mugarik ez dute baina
zure buruai zuk jarri.

A. Mendiluze
Bai baina ezin arituko naiz
neure baitara begira
ojala eurek geure moduan
kezkatu izan balira!
Erraustegia ordea bere
martxa egiten ari da
ta gu erreta agian nonbait
su txikiak pizten dira.

A. Arzallus
Su asko daude auzo batzarrak
edo Auzitegi Goren
nik horietan segituko dut
gose greba utzi ondoren
eta guztiei esango diet:
“Hara Aitor nola dagoen”
baina ahal bada utzi ezazu
guztiz erraustu baino lehen.

Datu-base honetan eskainitako informazioari buruz jakiteko, kontsultatu lege oharra