Biografiak - Fitxa ikusi   Atal honi buruz gehiago jakiteko

Amets Arzallus

Datu pertsonalak

Izena
Arzallus, Amets
Izen abizen osoak
Arzallus Antia, Amets
Jaiotza
1983 Hendaia + Hendaia < Lapurdi Itsasegia < Lapurdi < Euskal Herria

Bertsolaritzan

Jarduera mota nagusia
Bertsolaria
Jarduerak
Bertso irakaslea
Bertso-jartzailea
Jarduerei buruzko azalpenak
Bertsolaria:
Euskal Herriko Bertsolari Txapelketa Nagusia: 2001 (finalaurreak); 2005 (finalista); 2009 (txapeldunordea); 2013 (Txapelduna); 2017 (finalista); 2022 (txapeldunordea).
Xilaba. Xiberua, Lapurdi eta Baxenafarroako Xapelgoa: 2008 (Txapelduna); 2010 (Txapelduna); 2012 (Txapelduna); 2016 (txapeldunordea); 2021ean (Txapelduna).
Nafarroako Bertsolari Txapelketa: 2000 (Txapelduna); 2001 (Txapelduna); 2002 (Txapelduna); 2003 (Txapelduna).
Euskal Herriko Eskolarteko Bertsolari Txapelketa: 1994 eta 1995 (finalista, 14 urte artekoak); 1996 eta 1997 (Txapelduna, 14 urte artekoak); 1998 eta 1999 (finalista, 14-18 urte).
Bertsulari Gazteen Xapelgoa (Lapurdi, Baxenafarroa, Zuberoa): 1994, 1995 eta 1996 (Txapelduna, 14 urte artekoak); 1998, 1999 eta 2001 (Txapelduna, 14-18 urte); 2000 (Txapeldunordea, 14-18 urte).
Xalto saria: 1997 (finalista); 1998 (Txapelduna).
Berritxu saria: 1997 (finalista).
Mattin saria: 2000 (Txapelduna).
Xenpelar saria (Errenteria): 2000 (txapeldunordea).

Bertso-jartzailea:
Joxe Legarreta bertso-paper lehiaketa: 1997 (1.saria, 14 urte arte)
Lazkao-Txiki bertso-paper lehiaketa: 1999 (2. saria, 14-18 urte bitarte)
Leioako bertso-paper lehiaketa: 1999 (1. saria, 17 urte arte)
On Manuel Lekuona bertso-paper lehiaketa: 1997 (3. saria, 16 urte arte); 1998 (1. saria, 16 urte arte)
Euskadi Irratia bertso-paper lehiaketa: 2002 (1.saria)

Datu biografikoak

Biografia
Donibane Lohitzunen (Lapurdi) jaio bazen 1983ko azaroaren 9an. Berehalaxe, ordea, Hendaiara (Lapurdi) joan ziren bizitzera eta hendaiartzat du bere burua. Hendaia eta Kanboko ikastoletan eta Baionako Lizeoan egin zuen Unibertsitatera arteko ibilbidea. Kazetaritzan lizentziatu zen EHUn, Leioan. Bertsolaritza da bere jarduera nagusia, bestelako sormen lanetan, kazetaritza alorrean eta idazle gisara egiten dituen ekarpenak alboratu gabe; egunkari, irrati eta azldizkari ugarietako kolaboratzaile emankorra izan da: Euskaldunon, Egunkaria, Ekaitza, Gaztetxulo, Euskadi Irratia, Berria, Xirika, Argia, Tolosaldeko Ataria ...

Jexux Arzallus bertsolari goiaztarraren eta Miren Antia zumaiarraren semea da, eta bertsoarekin harremanean bizitu da ume-umetatik; etxeko girotik datozkio bertso giroa eta kanturako grina; arreba du Maialen Arzallus bertsolaria eta bere saiakerak egin zituen arreba zaharrenak, Itsasok, gaztetxotan. Hendaiako Bertso Eskolara eraman zuen bere zaletasunak; aita lehenik eta Karlos Aizpurua gero izan zituen irakasle, eta hemendik egin zuen plazarako jauzia, garaiko ia guztiek bezala Eskolarteko Txapelketen abaroan. Gipuzkoako Eskolarteko Bertsolari Txapelketako kanporaketa batean, txikien mailan eta taldeka, kantatu zuen lehen aldiz plazan, 1992an, arreba Itsaso eta Sustrai Colina taldekide zituela. Zortzi urte zituen, artean. Lapurdi, Baxenafarre eta Zuberoako Eskolarteko Xapelketa antolatzen hasi ziren 1994an eta huts egin gabe parte hartu zuen 1999 bitartean, askotan bilduz sari nagusia.

Hamasei urte zituelarik, 2000. urtean, irabazi zuen lehen aldiz Nafarroako Bertsolari Txapelketa (Nafarroa, Lapurdi eta Zuberoako bertsolariei irekia), bere lehen parte hartzean. Berarentzat izan ziren hurrengo hiru urtetakoak ere.

Hemezortzi urte bete berritan hartu zuen parte lehen aldiz Euskal Herriko Bertsolari Txapelketa Nagusian, 2001ean, eta finalaren ate-atean gelditu zen. Orduz gero antolatu diren beste guztietako finaletan izan dugu, Txapeldun izan delarik 2013an eta txapeldunorde 2009an eta 2022an.

Xilaba (Xiberua, Lapurdi, Baxenafarroa) Bertsulari Xapelgoa antolatzen hasi ziren 2008an. Amets Arzallus izan zuen lehen Txapelduna; berak irabazi ditu 2010, 2012 eta 2021. urtean jokatutakoak ere.

Txapelketetako ibili hau, lehen urtetan, gazteentzako sariketekin uztartu zuen eta gero Euskal Herri osoko plazetan egindako ehundaka bertso saioekin. XXI. mendeko lehen hamarkadetako bertsolari erreferente handietakoa izatea ekarri dio horrek.

Bat-bateko bertsogintzaz gain, jorratu du bertso idatzien alorra ere, hainbat lehiaketetan parte hartu izan du, bere ibilbideko lehen urtetan nagusiki; gero, aldizkari eta egunkarietan argitaratzeko sortu ditu asko. Bertso-eskoloako irakasle gisara jarduna da Hendaiako bertso-eskolan.

Literatura alorrean, sona eta zabalkunde handia izan duen obra da 2019an argitaratutako "Miñan" liburua, Ibrahima Balde Konakrytarraren (Ginea) imigrazio ibilbidea oinarri duena, bien artean ondua eta Zilarrezko Euskadi Saria jaso duena (2020). Besterik beste, katalanera, galizierara, ingelesera, espainolera, alemanera eta italierara itzulia izan da.

Bertsolaritzan lehen pausuak

Lehen plaza
Beasainen, 1992an: Gipuzkoako Eskolarteko Txapelketako kanporaketan taldeka (Itsaso Arzallus eta Sustrai Colina taldekide zituela)

Argitalpenak

Beste argitalpenak
Amets Arzallus. Illimani: Boliviako izpiak eta hizkiak. Argia liburuak, 2006.
Amets Arzallus, Ibrahima Balde. Miñan. Susa, 2019