Bertsoak - Fitxa ikusi   Atal honi buruz gehiago jakiteko

2006-03-03 Zaldibia Lagun-artekoa [Bertsoa] / Amets Arzallus, Andoni Egaña, Iñaki Murua

Bertsoa entzun  

Informazio orokorra

Kategoria
Bat-batekoa
Saioa
2006-03-03 Zaldibia Lagun-artekoa
Bertsolariak / Egileak
Arzallus, Amets
Egaña, Andoni
Murua, Iñaki
Lana
Hirunaka gai-librean
Jarritako gaia
Gai librean
Gaiari oharrak
Elkar zirikatzen eta tentatzen jardun ondoren, beste hainbat gai jorratu zituzten.

Deskribapena

Doinua
Zazpi ahizparen gai den oihala
Neurria / Estrofaren izena
Zortziko handia (hg) / Lau puntuko handia (ip)

Kokapena

Kokapena
XDZ - Xenpelar Dokumentazio Zentroa
Bilduma / Funtsa / Proiektua
Bapatean Bilduma

2006-03-03 Zaldibia Lagun-artekoa [Bertsoa] / Amets Arzallus, Andoni Egaña, Iñaki Murua

Neurria:  Zortziko handia (hg) / Lau puntuko handia (ip) 
Kokapena:  XDZ - Xenpelar Dokumentazio Zentroa 


A. Arzallus: Ordua da ta hemen lanari
beharko diogu ekin;
hara Andoni, hara Iñaki
poz bat badaukat behinepin:
denak gazteak edo ia denak
ta badakizue jakin
lehenengo aldiz jardungo gera
gure adinkideekin.

A. Egaña: Lehenengo "Gabon" esan nahi nuke
"On daigula!"kin batera;
hemen adinan bataz besteko
gezurrezkoik ez atera!
Afaldu degu ta bertsotako
desberdin eseri gera:
xilofono bat ematen degu
gaztenetik zaharrenera.

I. Murua: Beraz zaharrena ni nazutela
Egaña esaten ari da;
Amets daukagu mutil koxkorra
nahiz luze gorputzan jira;
Andoni berriz burusoildua
nahiz ta ez zaion kupira;
hura gazteentzat ariko da ta
ni berriz zaharrei begira.

A. Arzallus: Zahar eta gazte gazte eta zahar
zergatik sortu problemak?
Ez pentsa gero zale finenak
maiz direnik gazteenak!
Neri sarritan pasa izan zait
hala agindu dit senak
Ametsen bueltan ere amonak
ibili dira gehienak.

A. Egaña: Hemen Zaldibin gaur lortu degu
sekulako elkartea:
gazteentzako Amets gertatu
liteke tipo betea
ta zaharrentzako izango omen da
Iñaki Muruak botea;
nik zer arraio egin behar det
iragarkien tartea?

I. Murua: Erdi mailako adinekoa
sasoia lanai heltzeko;
lau txapelekin Egaña ez dago
oaindik burua galtzeko;
erdi-erdian jarria degu
txapeldun haundi antzeko.
Zer eingo dezu! Onena zera
denei adarra jotzeko.

A. Arzallus: Ez gazte ez zahar eta orduan
denei kantatu ezin ba;
iragarkien tartearekin
jarri nahi nukeela ginda;
lau txapelen jabe da bai
guztiok gaude jakinda
ta hori ere lortzen omen da
marketin asko eginda.

A. Egaña: Aizazu Amets zu gaur bezela
ni ere izana gazte
eta txapelen bila izandu
det hamaika buruhauste!
Ilea handik pixkat laburtu
patrozinadore eske...
Dena marketin kontua bada
zu ere hasi zintezke.

I. Murua: Honek marketin asko egin du
antzematen dan modura;
bertsolaritza behintzat jaso du
maila apaletik zerura;
ez dakit nola piura honekin
lortu dun bere helmuga!
Wazemankeko abildadea du
ta Burusoiltxon itxura.

A. Arzallus: Itxurarekin sortu litezke
majina bat desengaino!
Begiraiozu puru erretzen
dena puru ke ta laino;
Murua berriz konparatuaz
etorri da honeraino...
Mister Properren antz gehiago du
burusoiltxorena baino.

A. Egaña: Egañarekin adarra jotzen
hasi zerate ostera
baina Murua tentatutzea
hobe genuke ospera!
Eskolan honek bi asignatura
emateko du aukera:
alde batetik pena ematen du
eta besteetan euskera.

I. Murua: Bukaera ez zait gustatu baina
polita zendun hasera;
egia da bai maisu moduan
noa ni beti atzera.
Beittu gaurkoan zer gertatu dan
ta konturatuko zera:
egunez greba egin dutenak
gauean datoz klasera.

A. Arzallus: Orduan lana egiten dute
behar denean atsedena;
seguru asko berriz grebakin
hasiko da astelehena.
Filosofia omen bestea
hori da entzun detena;
filosofia irakasleek
maiz ematen dute pena.

A. Egaña: Filosofoak izan behar du
ideia zailen jostuna;
gogoan daukat Platon leizea
ta irudian oihartzuna.
Muruak ere holako zerbait
izango du bai entzuna;
nola arraio azalduko du
berak ulertzen ez duna?

I. Murua: Erdi-erditik asmatu dezu
ez zaude tipo motela!
Wittgenstein dela edo Descartes
edota Platon hor dela;
bestela berriz aipatzen degu
Niezstchen Jainkoan eskela;
esaten dute Ramon* ta biok
burutik jota gaudela.

A. Arzallus: Ni beldurtu naiz Descartes eta
Nizstche zuk hemen aipatzean;
nik Platonena bakarrik dakit
beste horiek ezean.
Egaña ere nunbait sartu zen
Platon haundian leizean;
zuk'e arreta nik bezelaxe
lehendabiziko klasean!

A. Egaña: Bigarrenera ere joan nintzen
ez zaite horrela ari!
Nik bezelaxe maisu jaunak'e
jakingo du bai ugari;
inork galdera eginez gero
problema latza da hori;
begiratu bat ematen dio
El Mundo de Sofiari.

I. Murua: Bueno hortan'e aritzen naiz ba
horretara banijoa
baina Ametsen Platon kontua
ez zait iruitu nahikoa;
nahiz ta arretaz pasatu zuen
klase bat lehenbizikoa
berak ez daki oraindik baina
Dionisos dauka Jainkoa.

A. Arzallus: Erantzuteko oraintxe jarri
didazu garbi aukera:
zuk Dionisos aipatu dezu
ta hori zein kristo ote da?
Jainkoa dala ez da Jainkoa
harritu nauzu kolpera;
barka zaidazu ni oaindik ez naiz
kobazulotik atera.

A. Egaña: Neroni ere gaur aurkitzen naiz
kobazuloan bezala
Muruan lehengo bertsoa ulertzen
egin arren eginahala;
zerbait esan dit ta belarria
luzatuagatik hala
juxtu-juxtuan ulertuko diot
ardoana Paco dala.

I. Murua: Inauteritan Baco Jainkoa
gazte guztiek gogora
ta Dionisosek bere garaian
Egaña zuen aztora;
Amets hau berriz koban oraindik
dabil behera eta gora...
koba haundin bat ez baldin bada
makurtuta egongo da.

Datu-base honetan eskainitako informazioari buruz jakiteko, kontsultatu lege oharra