Bertsoak - Fitxa ikusi   Atal honi buruz gehiago jakiteko

2005-01-05 Oñati Jaialdia [Bertsoa] / Sustrai Colina, Sebastian Lizaso

Bertsoa entzun  

Informazio orokorra

Kategoria
Bat-batekoa
Saioa
2005-01-05 Oñati Jaialdia
Gai-emailea
Aizpuru, Egoitz
Bertsolariak / Egileak
Colina, Sustrai
Lizaso, Sebastian
Lana
Binaka gaia-emanda
Jarritako gaia
Mobila modako artikulua da eta zuek biok bikotea osatzen duzue. Sustrai mutilak urtebetean lau aldiz aldatu du mobila. Sebastian neska-lagunari ideia hori ez zaio asko gustatu.

Deskribapena

Doinua
Txoriak eta txoriburuak
Neurria / Estrofaren izena
Zortziko handia (hg) / Lau puntuko handia (ip)

Kokapena

Kokapena
XDZ - Xenpelar Dokumentazio Zentroa
Bilduma / Funtsa / Proiektua
Bapatean Bilduma

2005-01-05 Oñati Jaialdia [Bertsoa] / Sustrai Colina, Sebastian Lizaso

Neurria:  Zortziko handia (hg) / Lau puntuko handia (ip) 
Kokapena:  XDZ - Xenpelar Dokumentazio Zentroa 


S. Lizaso:
Nere mutilak bete nahi luke
modakoaren papela;
buruan zerbait gertatzen zaio
ezin liteke bestela!
Urtebetean lau bat alditan
mobila aldatu duela...
ni zenbat aldiz aldatu ote nau
neronek ez dakitela? (bis)

S. Colina:
Orain artean ibili gera
bikote zintzoen pare
konfidantza ta amodioa
zen harremanan zutabe;
baina mobila aldatuz gero
zu ere alperrik zaude:
zu aspalditik geratu zinen
koberturarikan gabe. (bis)

S. Lizaso:
Babesa eta kobertura eman
hori genduen tratua
ta aurrez hitza ematen duna
betetzera behartua.
Zure kasoa zer izan degun
orain nago ohartua:
neretzat beti komunikatzen
eta komunikatua. (bis)

S. Colina:
Sarri askotan deitu didazu
eta alper-alperrikan
nahiz ta zurekin izango zendun
hitz goxo ta suharrikan.
Bada garaia uler dezazun
gauz bat bakar-bakarrikan
maitatutzeko ez dagoela
mobilaren beharrikan. (bis)

S. Lizaso:
Mogitzen ez dagon harekin jai
hori zeuk'e badakizu
eta mutila jarria nago
orain kezkati ta izu:
neskatxa danak telefonotik
deika hor ari zaizkizu
eta nigana zatozenean
antenak fallatzen dizu. (bis)

S. Colina:
Arrazoi duzu zure ondoan
antena joaten zait behera
gure artekoa ulertzen baitut
telefonoan arabera;
konparaketa egingo dizut
komeni zaigun antzera:
mugikor asko eduki arren
nere fijoa zu zera. (bis)

S. Lizaso:
Haundi samarra egingo zendun
gauz hori ziurtatzea
gerta liteke tuntunena ere
noizbait espabilatzea;
ez zazu uste fijo papela
nik betirako hartzea;
ez al dakizu modan dagola
konpainia aldatzea? (bis)

S. Colina:
Orain artean izandu gera
zu erregin, ni errege
ta maitasunak eduki arren
gugan nahikoa botere
oraingo hontan konpainia aldatzen
hasi nahi zenuke trebe
baina ez daukazu aldatzerikan
asko saiatuta ere. (bis)

S. Lizaso:
Uste al dezu engainatzea
zuk horrela hitz eginda?
Gehiago ez zaitut lagun jasaten
nola zabiltzan jakinda.
Erabakia serioa da
ta honezkero berdin da;
barkatu baina gure arteko
hartu-emana eten egin da. (bis)

Datu-base honetan eskainitako informazioari buruz jakiteko, kontsultatu lege oharra