Bertsoak - Fitxa ikusi   Atal honi buruz gehiago jakiteko

2007-11-03 Aramaio Lagun-artekoa [Bertsoa] / Sustrai Colina, Sebastian Lizaso, Aitor Mendiluze

Informazio orokorra

Kategoria
Bat-batekoa
Saioa
2007-11-03 Aramaio Lagun-artekoa
Gai-emailea
Elortza, Igor
Bertsolariak / Egileak
Colina, Sustrai
Lizaso, Sebastian
Mendiluze, Aitor
Lana
Hirunaka gai-librean
Jarritako gaia
Gai librean

Deskribapena

Doinua
Kantore berri xarmant batzuek
Neurria / Estrofaren izena
Zortziko handia (hg) / Lau puntuko handia (ip)

Kokapena

Kokapena
XDZ - Xenpelar Dokumentazio Zentroa
Bilduma / Funtsa / Proiektua
Bapatean Bilduma

2007-11-03 Aramaio Lagun-artekoa [Bertsoa] / Sustrai Colina, Sebastian Lizaso, Aitor Mendiluze

Neurria:  Zortziko handia (hg) / Lau puntuko handia (ip) 
Kokapena:  XDZ - Xenpelar Dokumentazio Zentroa 


S. Colina: Gabon danori eta on egin
errespeto ta ohore
afalostean zenbat irripar
begi dizdira, umore...
Egia da bai arrankatzea
dugula danontzat hobe
baina hau ez da toki txarrena
geldirik egoteko're. (bis)

A. Mendiluze: Baina geldirik nor egongo da?
Patxadarik zeinek hartu?
Aurretik bada zer hitz egina
eta bada zer kontatu;
gero kolpetik gu hasi eta
denak isilik geratu...
Ez zerate hain txintxoak eta
orain ez disimulatu! (bis)

S. Lizaso: Denborarekin gailentzen dira
sasoia eta alkohola
horrelakotan afalondoan
berotu ohi da odola.
Mugimentua mugatu leike
zuri ez bazaizu ajola:
burua martxan mingaina dantzan
gorputza geldik dagola. (bis)

S. Colina: Horrela saltsa sortu liteke
hortara etorri gara gu
hortan gabiltza saiorik saio
ta tabladurik tabladu.
Euskal Herrian bertsolariak
alperran fama daukagu
eta egiten ez dakienak
egoten jakin behar du. (bis)

A. Mendiluze: Alperran fama daukagu beraz
hortik kanpo zenbat izen
baina egoten badakigula
ez zazu esan hain ozen;
denak ihesi joan litezke
hemendik etxera zuzen
ta egitea tokatzen zaigu
besteak egon daitezen. (bis)

S. Lizaso: Bertsolariak alperran fama
nolako fama ankerra!
Baina norbaiti eman beharko
egotearen eskerra
eta nolabait zuzendu behar
daukagun fama okerra:
ondo egoten ikasi duna
ez da izaten alferra. (bis)

S. Colina: Alperrak gera baina hala're
gabiltz herritik herrira
bertso bikainak bota nahiean
zalearen neurrira.
Egin ta egon, egon ta egin
aitortzea komeni da:
mundu hontako gauza goxonak
jarrita egiten dira. (bis)

A. Mendiluze: Gauza goxoak aipatu eta
irripartsu dago bera;
gauza goxoak zein ote diren
izan liteke galdera;
baina jarrita egite al dira?
Horretan ados al gera?
Batzuk zutik'e egin litezke
gustoaren arabera. (bis)

S. Lizaso: Sustraik egin dun ateraldia
korapilatzen ari da;
hainbat arrazoi eman diteke
noski posturan harira
ta Kittariok* ezetza zion
urrutitikan begira;
mundu hontako gauz politenak
etzanda egiten dira. (bis)

S. Colina: Egia esan ez nun espero
horrelako erantzuna
nahiz ta jarrita egin liteken
jardun goxo ta lizuna;
Kittariok dio etzanda hobea
dugula eginkizuna
eta txorixo kontu hoietan
bera degu jakituna.** (bis)

A. Mendiluze: Beraz txorixo kontu hoietan
bera daukagu nagusi
hortan aritzen omen da bere
posizio eta guzi;
etzanda hobeto esanagatik
esate hutsa itsusi
aipatu askotan aipatzen ditu
ta nik ez ditut ikusi. (bis)

S. Lizaso : Aurki San Martin ta txorixoak
zure gosean neurrira;
zerriak utzi eta banoa
berriro lehengo harira.
Ta ama batek esan dezake
bere haurtxoai begira:
mundu hontako gauz politenak
etzanda egiten dira. (bis)

S. Colina: Etzanda egin litezkeelako
hasera eta segida
eta kontuak gaizki badoaz
heldu leike despedida
baina txorixo ta txoritxoak
igualtsuak dira tira:
aipatu sarri aipatzen dira
ta gutxi ikusten dira. (bis)

A. Mendiluze: Nolanahi ere berriro bueltan
etzandako posturara
haur txikiari begiratuta
gogoratzen den hortara;
nahiz gauz goxoak eta haurtxoak
Sebastianek konpara
zenbaitentzako goxoago da
haurrik ikusten ez bada. (bis)

S. Lizaso: Batzuk ihesi beste batzuek
haurraren bila lanean
eta zerorrek ere pare bat
badituzu azkenean;
ta goxo-goxo zauden garaian
andrean aldamenean
altxatzen zenbat kostatzen zaizu
negarrez hasten denean? (bis)

S. Colina: Ume-negarra despertadora
antzekoa omen da maiz
jotzen dulako behar ez denean
beti goizegi ta garaiz;
lehen hasieran kontu goxoak
boteak umore alaiz
baina haur kontuak entzut ditut ta
nerbioso jartzen ari naiz. (bis)

A. Mendiluze: Egia da bai ume kontuak
ugaldu dira hemendik
ta lasai egon haren negarra
gutxitan entzuten det nik.
Baina ondoan Sustrai urduri
pentsatua nuen lehendik:
umeengatik urduritzeko
gaztea zera oraindik. (bis)

S. Lizaso: Batzuk urruti abitzen dira
eta bidaiak hor konpon
gertuan ere beti ez baita
komeni hainbat zorion.
Entzun ezazu esperientziak
nere ahotik zer dion:
komeni dana jakitea da
erdibidea nun dagon. (bis)

S. Colina: Garai bateko ekintzailea
ta astakirten totala
bihurtu zaigu legun-leguna
ia-ia sentimentala;
nun dago gure azpeitiarra?
Nun da gure sementala?
Jende guztiai entzuten diot
zahartu egin zerala. (bis)

A. Mendiluze: Beraz eskasi asko ikusten da
Sebastian zahartuan...
Igual bai baina ez nuke hartu nahi
kontrariotzat tratuan;
gainera ganau zaharraz lehen ere
nago sarri usaituan
belar goxoa jaten duela
bere gustoko lekuan. (bis)

S. Lizaso: Larre goxoak bilatzen dira
gabiltzala gabiltzala
nahiz eta berrogeita hamarrek
nei aurki egin itzala
nahiz ta zahartzen ari naizen ni
Sustraik esan dun bezala
gutxienean aitortu zazu
gaztea izan nintzala. (bis)

S.Colina: Baina ez duzu lehengo kemenik
ez duzu lehengo indarrik
jada ez dezu gehio edaten
lehengo txanpan ta pattarrik...
Gazte izan zera baina Sebastian
zaude zahartu xamarrik:
lehen "Mekauen dioz!" esaten zenun
orain "Mekauen!" bakarrik. (bis)

A. Mendiluze: Beraz urteek izan dituzte
hain ondorio tristeak
pena ematen du gazte izana
horretaraino jaisteak;
orain "Mekauen!" bakarrik dio
ahaztu zaizkio besteak;
hori ekartzen du dios delakoa
gertuago ikusteak. (bis)

S. Lizaso: Ez nau beldurtzen ni Jaungoikoak
urruti baitut eskela
ta aitortzen det ni formaltzea
egi osoa ez dela;
mekauen diosik ez bota orain
garai batean bezela
eta "Mekauen Sustrai!" esaten
aurki hasiko naizela.

S. Colina: Ni naizelako mutil txepela
ta ni naiz mutil kaikua
gure Sebastian haundia ere
hemen daukat gogaitua.
Egia da bai igualak gera
neroni eta Jainkua;
gure amak ere halaxe dio
"Bakarra eta nahikua!". (bis)

A. Mendiluze: Zure buruai jarri diozu
igual ez zeukan itzala
Jainkuan pare ba omen zera
ahaltsu ta zerbitzala.
Amak nahikoa zela bakarra
esaten omen du hala
ta ez al dezu inoiz pentsatu
goizegi damutu zala? (bis)

S.Lizaso: Beste batentzat utzita hobe
Jangoikoaren papela
fededunak'e fedegabeak
bailirateke bestela.
Baina ukatzen det beti ibiltzen
oso zalea zarela
minik eman ez, pakerik'e ez
arkakusoak bezela. (bis)

Datu-base honetan eskainitako informazioari buruz jakiteko, kontsultatu lege oharra