Bertsoak - Fitxa ikusi Atal honi buruz gehiago jakiteko
2008-09-27 Urnieta Jaialdia [Bertsoa] / Uxue Alberdi, Andoni Egaña, Beñat Gaztelumendi, Jon Maia
2008-09-27 Urnieta Jaialdia [Bertsoa] / Uxue Alberdi, Andoni Egaña, Beñat Gaztelumendi, Jon Maia
Neurria:
Lauko handia (hg) / Bi puntuko handia (ip)
Kokapena:
XDZ - Xenpelar Dokumentazio Zentroa
B. Gaztelumendi: Nere onduan nolako poltsa
jarri duten alajaina!
Nere zainetan ez da egongo
hori betetzeko aina!
A. Egaña: Nere odola hartzen duena
bildurtu liteke errez:
maiz positibo eman behar du
nahiz eta berak edan ez.
U. Alberdi: Neri orratza sartu didate
baina ez da irteten bela!
Zerbaitegatik dio amonak
xinxangre hutsa naizela!
J. Maia: Bai ba nik asko dadukat baina
ez da izango hobea
susmagarria ez al da daukan
kalimotxo kolorea?
B. Gaztelumendi: Ohartzerako sartu didate
neri orratza barrena
dena borroso ikusten ai naiz
eta ez da festarena.
A. Egaña: Erizain batek zera esan dit
espero nuen antzera:
"Bokadiloa hartu zak eta
Egaña joan hai etxera!"
U. Alberdi: Nik ipuinetan ez nun sinisten
baina hau ezuste itzela!
Konturatu naiz Andoni Egañak
odol urdina duela.
J. Maia: Gai hau ta beste lehengo gai batek
lotura dute honela:
positiboa eman zulako
galdu zun honek txapela.
B.Gaztelumendi: Positiboa eman edo ez
hurbildu natzaio garaiz.
Zure odola hartu ezkero
txapelduna izango naiz.
A. Egaña: Ezkerretako kamilla hortan
etzanda Jon Maia daukat
ta belarrira xuxurlatu dit
"Emaiak nei ere pixkat!".
U. Alberdi: Nere erizainak ez du asmatzen
itxuraz dago urduri.
Barkatu baina nere besoak
koladorea dirudi.
J. Maia: Mikroskopioaz fijatu gera
honen globuluen trazan:
denek zeukaten txapel bana ta
bat behintzat burusoila zan.
B. Gaztelumendi: Hola egin ta egin ari naiz
ta ze txuri alafede!
Ia indarrik ez zait gelditzen
firma botatzeko ere!
A. Egaña: Konduzitzeko moxkorra naiz ni
ta odol emateko txarra
akaso kendu eingo didate
nedukan karnet bakarra!
U. Alberdi: Irtendakoan hiru hauei
botako diet epela
neu bakarrikan portatu bainaiz
hemen gizona bezela!
J. Maia: Jaietan eta plaza erdian
izan da kontu hau dena
ta azkenean hau bihurtu da
aktorik festivoena.
Datu-base honetan eskainitako informazioari buruz jakiteko, kontsultatu lege oharra