Bertsoak - Fitxa ikusi   Atal honi buruz gehiago jakiteko

2010-01-05 Oñati Jaialdia [Bertsoa] / Amets Arzallus, Aitor Mendiluze

Bertsoa entzun  

Informazio orokorra

Kategoria
Bat-batekoa
Saioa
2010-01-05 Oñati Jaialdia
Gai-emailea
Aizpuru, Egoitz
Bertsolariak / Egileak
Arzallus, Amets
Mendiluze, Aitor
Lana
Binaka gaia-emanda
Jarritako gaia
Urte hasierarekin batera dieta egiten hasi zarete; orain, jaten duzuenari kontu handiz begiratzen diozue. Berriaren harpidedunen asteroko zozketan sekulako bazkaria tokatu zaizue Arzakenean; justu oraintxe, jana zaintzen hasi zaretenean.

Deskribapena

Doinua
Eguna pasa nekean eta
Neurria / Estrofaren izena
Zortziko handia (hg) / Lau puntuko handia (ip)

Kokapena

Kokapena
XDZ - Xenpelar Dokumentazio Zentroa
Bilduma / Funtsa / Proiektua
Bapatean Bilduma

2010-01-05 Oñati Jaialdia [Bertsoa] / Amets Arzallus, Aitor Mendiluze

Neurria:  Zortziko handia (hg) / Lau puntuko handia (ip) 
Kokapena:  XDZ - Xenpelar Dokumentazio Zentroa 


A. Arzallus:

Ni behin baskulan jarri nintzen ta
ene zenbat desengaino!
Pentsatu nuen “Derrepentean
jaitsi behar dut beheraino”.
Arzaken dena plater txikia
ta minuskuloa da ño!
Iruditzen zait dieta hoberik
ez dagola hori baino. (bis)


A. Mendiluze:

Dietan jartzea behin erabaki
ta hau da hauxe kasoa!
Tokatu zaigun sariagatik
dieta baten frakasoa.
Dena omen da plater txikia
hori da ba arazoa:
denak direla plater txikiak
baina ogia goxoa. (bis)

A. Arzallus:

Ez zaitezela orain erori
zu ogi-mami eztitan
ogirik ezin bailiteke jan
horren leku garestitan.
Gero faktura pasako dute
numeroak eguzkitan
bai kilo batzuk galduko ditut
gainera zentzu guztitan. (bis)

A. Mendiluze:

Ordaindu eurek egingo dute
faktura ez dator txarrera
baina zalantza haundi xamar bat
daukat neure arabera:
bazkari on bat tokatu zaigu
zeinen errua ote da?
Zergatikan ez zendun eskatu
La Perlarako sarrera? (bis)

A. Arzallus:

Nere lagunak beti kopeta
lagunak beti azala
ba arrazoia emango dizut
pentsatu nuen bezala:
Arzaken beti foix petit micuit
beti ipintzen du hala
ta demostratu egin nahi nizun
frantsesez badakidala. (bis)

A. Mendiluze:

Ene laguna hori zalantzan
ez det nik jarri sekula
ta azentua atera al dezu
neri egiteko burla?
Konturatu naiz zuk ahoskatzen
oso ondo dakizula
ta problema da ahoskatu ez
ahoratuko dezula. (bis)

A. Arzallus:

Beraz ahora sartu nezake
hala agindu dezu zuk
baina hala ere lehenengo egin
beharko dira tratu batzuk:
larogei kilo ia ehun kilo
ere sumatzen dizkizut
azkar argaltzen ez bazerade
frantsesez esango dizut. (bis)

A. Mendiluze:

Esan nahi dezun hizkuntzan baina
ez naiz mudatzen kolorez.
Hala ta guzti gauzak hotzean
pentsa ditzagun faborez.
Joan gaitezen bai Arzak hortara
dieta armairuan gordez
izango dira urte gehiago
igual sari gehiago ez. (bis)

A. Arzallus:

Guazen ba hurrengo astean biak
har dezagun bertan zita
agian Belen Estebanek’e
hara egiten du bisita
eta gu biak han presentatu
dieta guztiak ahantzita
baina hori bai ezin gera joan
mendiko botak jantzita! (bis)

A. Mendiluze:

Mendiko botak ezin jantzia
esateko korajea!
Han ere ez degu izango noski
letxua ta potajea.
Lasai! Dotore egingo degu
Arzakerako biajea
baldin berriro kabitzen bazait
nere bodako trajea. (bis)

Datu-base honetan eskainitako informazioari buruz jakiteko, kontsultatu lege oharra