Bertsoak - Fitxa ikusi   Atal honi buruz gehiago jakiteko

2010-11-06 Maule-Lextarre Berezia [Bertsoa] / Amets Arzallus, Andoni Egaña

Bertsoa entzun  

Informazio orokorra

Kategoria
Bat-batekoa
Saioa
2010-11-06 Maule-Lextarre Berezia
Bertsolariak / Egileak
Arzallus, Amets
Egaña, Andoni
Lana
Binaka gaia-emanda
Jarritako gaia
Itsas bazterrean duzue etxea, eta zuen kezkak partekatuz etorri zarete Maulera; zuen eguneroko kezkak, Euskal Herriari buruzko kezkak, euskarari buruzko kezkak. Baina Maulerantz hurbildu ahala, zuen kezkak moldatuz, aldatuz, joan dira.

Deskribapena

Doinua
Aditu laguna itsasoak
Neurria / Estrofaren izena
Zortziko handia (hg) / Lau puntuko handia (ip)

Kokapena

Kokapena
XDZ - Xenpelar Dokumentazio Zentroa
Bilduma / Funtsa / Proiektua
Bapatean Bilduma

2010-11-06 Maule-Lextarre Berezia [Bertsoa] / Amets Arzallus, Andoni Egaña

Neurria:  Zortziko handia (hg) / Lau puntuko handia (ip) 
Kokapena:  XDZ - Xenpelar Dokumentazio Zentroa 


A. Arzallus:

Pasatu Zarautz pasa Hendaia
ta bidean tirri-tarra
ta Andoni gaur gogoratu zait
euskaldunen zoritxarra
euskara triste eta kezka dut
errazu Andoni zaharra
euskaldunori eskas zaigula
itsasoaren indarra.


A. Egaña:

Itsasoa da zoragarria
apar zuri arrats gorri
ez ote gera Zumaiatikan
Hendaiaraino etorri?
Baina zuk kasu egin zaiozu
aspaldiko Xalbadorri
eta ze kristo egin behar zaio
muga ez den muga horri?


A. Arzallus:

Muga ahantzita bilaka gaiten
Andoni elgarren altzo
baina Hendaian ta Baionan ai
frantsesez hainbertze multzo!
Ta Donibane Garazin zenbat
artzain ta etxalde xintxo!
Ta Oskaxen gora nik sumatu dut
jendea inglesez mintzo.


A. Egaña:

Halaxe da bai batzuk inglesez
ari ziren bero-bero
nunbait ditugu modernitate
antzuenaren bezero.
Etorkizunik ezin daiteke
herri honetan espero
beste guztiei beso zabalduz
geurea ahantzi ezkero.


A. Arzallus:

Hara Xiberu etxe ederrez
eta inglesez jantzia!
Eta gu ere urtean bitan
lasaitzeko kontzientzia.
Pentsatzen nago Andoni ez den
gure Xibero ahantzia
gure buruko errukiaren
zazpigarren probintzia.


A. Egaña:

Kontzientziaren xomorrotxoa
hasten baitzaigu lanean
geure buruaz haserretzea
gerta leike azkenean.
Xiberuraino etortzen gara
gu’re turista planean
gehienez ere Larrainen gora
Tourra pasatzen denean.


A. Arzallus:

Onena dugu euskaldunak jin
sartu eta ugaltzea
nahi baldin bada inglesengandik
gure herria libratzea
baina Andoni pena litaike
gaur istripuan galtzea
ta onena dugu etxerakoan
ezkerretik gidatzea.


A. Egaña:

Itxaropena izan daiteke
etorkizunaren giltza
alde hortatik suma ditzaket
horrenbeste eki printza.
Tira ba Amets goazen zinera
hemen alperrik gabiltza
ta han gureak izango dira
bai doinua ta bai hitza.

Datu-base honetan eskainitako informazioari buruz jakiteko, kontsultatu lege oharra