Bertsoak - Fitxa ikusi   Atal honi buruz gehiago jakiteko

2000-01-22 Zegama Jaialdia [Bertsoa] / Sebastian Lizaso, Anjel Mari Peñagarikano

Bertsoa entzun  

Informazio orokorra

Kategoria
Bat-batekoa
Saioa
2000-01-22 Zegama Jaialdia
Gai-jartzailea
Azkune, Laxaro
Bertsolariak / Egileak
Lizaso, Sebastian
Peñagarikano, Anjel Mari
Lana
Binaka gaia-emanda
Jarritako gaia
Garaiko pertsonaiak dira hauek ere, hala ez diruditen arren: Jose Maria Setien eta Juan Maria Uriarte aurrez aurre. Jakin dudanez, Setien uztera doan kargua Uriartek hartuko du. Ez dakit elkarri ezer kontatzekorik izango duzuen. Hasi dadila Setien.

Deskribapena

Doinua
Mutil koxkor bat itsuaurreko
Neurria / Estrofaren izena
Hamarreko handia (hg) / Bost puntuko handia (ip)

Kokapena

Kokapena
XDZ - Xenpelar Dokumentazio Zentroa
Bilduma / Funtsa / Proiektua
Bapatean Bilduma

2000-01-22 Zegama Jaialdia [Bertsoa] / Sebastian Lizaso, Anjel Mari Peñagarikano

Neurria:  Hamarreko handia (hg) / Bost puntuko handia (ip) 
Kokapena:  XDZ - Xenpelar Dokumentazio Zentroa 


Peñagarikano:
Bene-benetan lan haundia da
hemen egin beharrekua,
halabeharrez egin ninduten
bertako apezpikua;
baina badakit zein dan herria,
zein dan gure Jangoikoa;
ahal dan ondoen zaindu izan det
herria ta Gipuzkoa,
zuk ere ahal dan ondoen bete
nik utzitako lekua. (bis)

S. Lizaso:
Askorentzako txalogarria
jokatu dezun papela,
herriarentzat zure langintzak
ez du emaitza ustela.
Zure lekua bete nahi nuke,
zertara nator bestela?
Sinetsi nahi det konponbidea
noizbait lor genezakeela,
gizakiakin sinesten baitet
Jainkoarekin bezela. (bis)

Peñagarikano:
Gorabeherak haundi askoak
nik izan ditut bizitzan,
bainan hala ere neure lanean
ni fuerte sentitzen nintzan;
ahal dan guztia beti egin det
herrian eta elizan.
Adierazpenak egin itzatzu
egin behar diran gisan,
terroristaren alde zaudela
nahiz entzun beharra izan. (bis)

S. Lizaso:
Jakina nago zu bezelaxe
zenbat arazo dauzkaten,
lehenago ere ohituak gera
hainbat eraso jasaten;
baina egia neurekin badut
horrek ez dit erasaten,
ez zait ajola nahiz eta jardun
nigatik hori esaten,
otsoarentzat artzai onikan
inun ez baita izaten. (bis)

Peñagarikano:
Ez ote naizen guztiz leiala,
hoi da askoren kasketa,
esandakoak sortu baititu
ez dakit zenbat nahasketa!
Alde batera utzi dezagun
gorrotoa eta seta;
behin betirako zabal dezagun
askatasunan krisketa,
hemen pakerik izango bada
derrigorra da hizketa. (bis)

S. Lizaso:
Elkarrizketak ekarri bitza
ondorio nabarmenak,
behin betirako arin daitezen
herri zahar honen penak.
Bainan Setien zurekin daude
hemengo kristau gehienak
eta zurekin ta zure alde
otoitz eingo dute denak;
Euskal Herria ez dute maite
zu gorroto zaituztenak. (bis)

Peñagarikano:
Zuk badakizu, herria dago
dana gorrotoz betea
ta kaltegarri guztiontzat da
hau horrela egotea;
zorte haundia zuri opa dizut
oh Uriarte maitea;
ahal dan neurrian zabal ezazu
zorionaren atea;
pakean alde lan eitea da
egiz kristau izatea. (bis)

S. Lizaso:
Bihotzetatik kendu ezean
inoiz gorrotoan harrik,
begietatik ez da kenduko
malkorik eta negarrik;
horretarako ia fedeak
ematen didan indarrik...
ez dut esango ez daukatela
nik zortearen beharrik,
baina ez dago hau konpontzerik
zortearekin bakarrik! (bis)

Datu-base honetan eskainitako informazioari buruz jakiteko, kontsultatu lege oharra