Bertsoak - Fitxa ikusi   Atal honi buruz gehiago jakiteko

2001-12-25 Larrabetzu Jaialdia [Bertsoa] / Andoni Egaña, Maialen Lujanbio

Bertsoa entzun  

Informazio orokorra

Kategoria
Bat-batekoa
Saioa
2001-12-25 Larrabetzu Jaialdia
Gai-emailea
Gaztelumendi, Patxi
Bertsolariak / Egileak
Egaña, Andoni
Lujanbio, Maialen
Lana
Binaka gaia-emanda
Jarritako gaia
Aita-alabak zaree: aite Andoni, alaba Maialen; ta gainea badakigu Maialen aspaldian ibiltari samar dabilela batetik eta bestera, eta gai honetan be horrela suertatu da: Maialen ikasketak egitera atzerrira joan da, eta orain Gabonak datozela-ta ba etxera bueltatzeko-ta aita joan jako bila aireportura, eta aitak espero zauen Maialenek "aita!" edo esatea, baina antza denez, Maialenek dakarren txikiak "aitita" esan du.

Deskribapena

Doinua
Kontzientzia izaten degu
Neurria / Estrofaren izena
Zortziko handia (hg) / Lau puntuko handia (ip)

Kokapena

Kokapena
XDZ - Xenpelar Dokumentazio Zentroa
Bilduma / Funtsa / Proiektua
Bapatean Bilduma

2001-12-25 Larrabetzu Jaialdia [Bertsoa] / Andoni Egaña, Maialen Lujanbio

Neurria:  Zortziko handia (hg) / Lau puntuko handia (ip) 
Kokapena:  XDZ - Xenpelar Dokumentazio Zentroa 


Lujanbio:
Aspaldiko aita, zer moduz zaude?
Itxuraz ederki behintzat.
Ustekabeko izan dira bai
nere ikasketen emaitzak.
Andoni jarri diot izena
nere aita hartuta aintzat;
Olentzeroak ekarri digu
neretzat eta zuretzat.

Egaña:
Olentzeroa ikazkina den
jakin gura nuke behintzat.
Ederki asko astindu'ituzu
Europa aldeko ertzak!
Bejondeizula, bete dituzu
aitita honen ametsak:
ikasketak zuk egin dituzu
ta tituloa neretzat!

Lujanbio:
Bizitzak berak ipini zidan
azterketa bat sakona,
ta hona nere nota bikaina:
haurtxo malko dariona.
Albiste hori jaso nunean
aita ez zen izan broma!
Hasera baten ze atsekabea
ta orain ze zoriona!

Egaña:
Zure umea ekarri dezu
ta ez daukagu uzterik;
ene alaba ez zaite egon
zalantzan edo tristerik.
Ez zazu espero hemen erritan
edota bronkan hasterik,
atsekabeak ez baitit iraun
segundu erdi bat besterik.

Lujanbio:
Urte ta erdi-edo daramat
Londres haundian barrena;
Bilbora itzuli naiz eta hau da
bizi honek dakarrena;
ta badakizu aita ze ohi dan
horrelakoetan pena:
zuk ez zenekin ezertxo baina
amak bazekien dena.

Egaña:
Hauxe sorpresa, hau ezustea
alabak orain esana!
Nere biloba onartuko dut
eta horixe da dana.
Bihar kotxean harro hartuta
joango naiz lagunengana,
ta ia noizbait konpontzen dudan
amakiko harremana!

Lujanbio:
Emozionatu egin da aitona
ia ito du negarrak!
Bera ikusi eta ni ere
erabat jan nau dardarrak.
Londres haundi da gu biok txiki
ta gaude triste samarrak.
Kantaizkiozu guri kantatzen
zenizkigun bertso zaharrak.

Egaña:
Kantatuko'itut sehaska ondoan
hamaika bertso atsegin,
lehenago zuri kantatuak ta
orain bilobari berdin.
Igual Markesan alabarenak
hirurogei bertsorekin,
nere biloba gure etxean
luzaroan gera dadin.

Datu-base honetan eskainitako informazioari buruz jakiteko, kontsultatu lege oharra