Bertsoak - Fitxa ikusi   Atal honi buruz gehiago jakiteko

2002-06-15 Elorrio Jaialdia [Bertsoa] / Joxe Agirre, Txomin Garmendia

Bertsoa entzun  

Informazio orokorra

Kategoria
Bat-batekoa
Saioa
2002-06-15 Elorrio Jaialdia
Gai-emailea
Irazu Muñoa, Jexux Mari
Bertsolariak / Egileak
Agirre, Joxe
Garmendia, Txomin
Lana
Binaka gaia-emanda
Jarritako gaia
Zuek biok gauza asko bizi eta ikusitakoak zarete. Ikusiak zarete diktadura nolakoa den, ikusiak zarete alderdiak legalizatu eta hauteskundeak egitea zer den, eta ikusiak zarete orain, partiduak ilegalizatzekotan nola dabiltzan. Nire galdera: zer ote gaude ikusteko?

Deskribapena

Doinua
Bertso polit bat kantatuko det A
Neurria / Estrofaren izena
Zortziko handia (hg) / Lau puntuko handia (ip)

Kokapena

Kokapena
XDZ - Xenpelar Dokumentazio Zentroa
Bilduma / Funtsa / Proiektua
Bapatean Bilduma

2002-06-15 Elorrio Jaialdia [Bertsoa] / Joxe Agirre, Txomin Garmendia

Neurria:  Zortziko handia (hg) / Lau puntuko handia (ip) 
Kokapena:  XDZ - Xenpelar Dokumentazio Zentroa 


J. Agirre:
Zer ikusteko ote daukagun
badaukagu zer esana
baina aitortzen det garai batean
zer moduz nintzan izana:
ia hogei bat urtera arte
nahiko ogirik ez jana...
Hargatik txiki gelditu nintzan
gehiago haziko nintzana.

Garmendia:
Makinatxo bat ikusteko gu
jaio ginaden mundura!
Sartu ginaden berrogei urteko
tunel bateko barrura.
Gure Euskal Herria zapaldutzen
ta Francoren diktadura...
Halare pozik hartu liteke
ordun gendun sasoi hura!

J. Agirre:
Nahiz ta orduan goseak egon
ezin ginan errenditu.
Orain nahikoa janagatikan
adinak zapaldu gaitu.
Baina zu Txomin ezin liteke
gaur ere inora abitu;
orain daukagun diktadura honek
zu hemen pozten al zaitu?

Garmendia:
Igaro gendun berrogei urtez
zigorrak duan trantzea;
orain daukagun diktadurakin
Joxe kejatzen al zea?
Ta hortik aparte ezautu genitun
egarria ta gosea...
Halare pena bakarra daukat:
gazte denbora pasea.

J. Agirre:
Arrazoi dezu gazte denbora
daukagula alde egina
baina orandik herrian alde
egin behar da ahalegina.
Ezautu zazu Paristik eta
Madrildik datorren grina...
Atzerritarran morroi gaudela
horrek ematen du mina!

Garmendia:
Euskal Herrian jabetasuna
euskaldunaren ardatza.
Zuk diozunez gaur'e badago
diktadura baten antza
bainan lanean saia gaitezen
alde bat utzi zalantza
sinistu nago bihar edo etzi
badegula esperantza.

J. Agirre:
Beti geroko esperantzatan
baina nik ez dakit nola
ikusitzen da ximeldu nahian
euskaldunaren arbola
eta gainera isuri nahian
guk dadukagun odola...
Esan liteke Patxi txikia
oandik bizirik dagola!

Garmendia:
Zuk diozunez bizirik dago
Patxi txikian grazia;
nik galdetzen det hemen zerbait'e
ez al da irabazia?
Gaurko egunez hainbeste gauza
egon arren itsusia
oraindikan'e iritsiko da
pentsatzen degun guzia.

J. Agirre:
Ojala hala balitza baina
nik ez dut gertu ikusten.
Ez al dakizu lege guztiak
nola jarritzen dituzten?
Ez al dakizu gu euskaldunak
zenbat gorroto gaituzten?
Hori hola dala kostako zaigu
hemen pakea iristen!

Garmendia:
Barkatu Joxe nere antzera
zu're aitonduta zaude
gu zahartu baino beste gazteak
gaur hemen kementsu daude
ta ahal degun arte saia gaitezen
geure herriaren alde
Erniora're ez da iristen
izardirik erten gabe.

J. Agirre:
Ni Erniora juate horri
aspaldi nago utzia
baina zelaian saiatutzeak
badu bere garrantzia.
Arrazoi dezu zahartuta nago
baina ez daukat ahantzia:
ia itxuraz utzitzen degun
gerokoen herentzia!

Garmendia:
Batetik Madril, bestetik Euskadi
gure arteko auzia
bien arteko soka da berriz
aspalditxotik hausia
baina ondorengo jatorrari
guk utzi nahi herentzia
ta itxaropena galdu ezkero
galduta dago guzia.

J. Agirre:
Arrazoi dezu hobeko degu
orandik ere eutsita
nahiz ta askotan gaizki ertetzen dan
gu euskaldunaren zita
eta gainera ni jarritzen naiz
malaletxean jantzita
Aznar txikia ikusirikan
gorbatakin ikusita.

Garmendia:
Aznar txiki ta bere antzekoak
gorbatarekin jarriak
ta bigoteak ere dauzkate
hain dotore igarriak
zapaldu nahirik nere iritziz
euskaldun eta herriak.
Xenpelar zanak esan zuena
"Jaioko dira berriak".

J. Agirre:
Xenpelar zanak esan zuena
hobe gogoan hartzea.
Lehengo bertsoa galdu zait eta
orain nahi det konpontzea
Aznar esaten hasi naiz eta
Aznarrekin bukatzea:
hari gainetik ikusten zaio
barruko malaletxea.

Garmendia:
Joxe Agirre ere ederki
nola dagon antzemanda
bertso batean edo bitan hor
ederki baitu esanda.
Komeniko da bukatutzea
bion arteko demanda
eta aldameneko lagunei
utzi dezaiogun txanda!

Datu-base honetan eskainitako informazioari buruz jakiteko, kontsultatu lege oharra