Bertsoak - Fitxa ikusi   Atal honi buruz gehiago jakiteko

2003-08-15 Zizurkil Jaialdia [Bertsoa] / Joxe Agirre, Jokin Sorozabal

Bertsoa entzun  

Informazio orokorra

Kategoria
Bat-batekoa
Saioa
2003-08-15 Zizurkil Jaialdia
Gai-emailea
Alkorta, Igotz
Bertsolariak / Egileak
Agirre, Joxe
Sorozabal, Jokin
Lana
Binaka gaia-emanda
Jarritako gaia
Zu, Joxe, baserritarra zara. Atxurrarekin satorra harrapatu nahian ari zarela, hor etortzen zaizu Jokin arkitektoa korbata eta trajea jantzita Abiadura Handiko Trena zure baserriaren gainetik pasako dela esanez.

Deskribapena

Doinua
Uso zuri bat inguratu zait A
Neurria / Estrofaren izena
Zortziko handia (hg) / Lau puntuko handia (ip)

Kokapena

Kokapena
XDZ - Xenpelar Dokumentazio Zentroa
Bilduma / Funtsa / Proiektua
Bapatean Bilduma

2003-08-15 Zizurkil Jaialdia [Bertsoa] / Joxe Agirre, Jokin Sorozabal

Neurria:  Zortziko handia (hg) / Lau puntuko handia (ip) 
Kokapena:  XDZ - Xenpelar Dokumentazio Zentroa 


J. Sorozabal:
Atxurra hartu ta satorretan
pasatzen dezu eguna
alde hortatik betetzen dezu
etxian dagokizuna
baina orainguan lan latzagua
tokatu zaizu laguna:
bada sator bat zure atxurrak
akabatuko ez duna.

J. Agirre:
Beraz sator bat txarra zala ta
okerragoa bestea
garai batean ez nun pentsatzen
kontu hauek ikustea.
Gorbataduna: hobeko dezu
neri pakean uztea
nahi ez badezu atxurrarekin
lepo mehe hori moztea!

J. Sorozabal:
Nik hitz egiten hasi nahi nuen
itxuraz eta pakian
azaldu zaigu atxurrarekin
eztabaida aitzakian
guk arrastuak egin ditugu
oso modu egokian
zure etxia dago jarrita
jarri behar ez zan tokian.

J. Agirre:
Hori ote zan adiskidea
zuk esan beharrekua?
Nere ustetan zuk hartu dezu
hain bide okerrekua
lehengo aitonak aukeran zuten
etxea eiteko lekua
zuk uste ez baldin badezu ere
trena baino lehenokua.

J. Sorozabal:
Ikusten degu gaur eztabaidak
nola berotuta dauden
hiru-lau behi ta hogei bat ardi
ikusten ditut gaur hemen
eta goseak ta egarriak
galduta daude nabarmen
oraintxe dezu garai polita
zoaz akatu baino lehen!

J. Agirre:
Jentuza honek beti izaten du
horrelako abentura
aita ta amen kontura noizbait
hartua zuten kultura
sekula kolpeik ez egin arren
igota daude altura
hamaika alu bizi dek hemen
langilearen kontura!

J. Sorozabal:
Zuk esandako kontu horrekin
ni oso pozik ez nago
zure aukera aprobetxatu
edo bestela akabo.
Plazan jendiak zer eiten duen
ikusi besteik ez dago
erretiratzen jakin behar da
ekaitza baino lehenago.

J. Agirre:
Egualdia ere jarria zaigu
nahiko itxura torpean
lehenbizi keinu egin du eta
jo gaitu oraingo kolpean.
Hola ez dago aritutzerik
hobe deu egon pakean
ta lehorpera juan gaitezen
pixkat atertu artean.

Datu-base honetan eskainitako informazioari buruz jakiteko, kontsultatu lege oharra