Bertsoak - Fitxa ikusi Atal honi buruz gehiago jakiteko
2011-07-13 Getxo Jaialdia [Bertsoa] / Andoni Egaña, Fredi Paia
Bertsoa entzun |
2011-07-13 Getxo Jaialdia [Bertsoa] / Andoni Egaña, Fredi Paia
Neurria:
Zortziko handia (hg) / Lau puntuko handia (ip)
Kokapena:
XDZ - Xenpelar Dokumentazio Zentroa
F. Paia:
Worda zabaldu eta banator
zuzentzaileaz batera (1)
zentratu nadin orain banoa
nire facebook itzaltzera.
Bertsolaritzaz idatziko dut
eta kritiko gainera:
Andoni Egañak azken urtean
bertsotan egin du behera.
A. Egaña:
Tira ba Fredi goxatu zazu
zure idazkera planta
jainkoagatik eskatzen dizut
ez zazula sartu hanka!
Andoni behintzat ez aipatu hor
ta zentsuratxo hau barka!
Harpide asko gal genitzake
Egaña Jainkoa da-ta!
F. Paia:
Nire editore berri honekin
jada hasi naiz beldurtzen
nik debekurik ez dut onartzen
ta ez al nau ezagutzen?
Kritikauko dot orain Berria
egia malkotan urtzen:
harpidedunak ugari ditu
ta inork ez du irakurtzen.
A. Egaña:
Erosi ta ez irakurtzea
askok duen politika
gero ta askoz zailago baita
begi ta letren kimika.
Mesedez Fredi gai zail horrekin
zu ez hasi ika-mika
Berrian ezin baitegu hasi
geure buruai harrika.
F. Paia:
Ba politikaz mintza gaitezen
posible bada oraindik
ta Garitano Gipuzkoako
Aldundi hortan izanik
Bildu alderdi sortu berria
horrela ikusten dut nik:
kristoren boto piloa dute
baina ez dute programarik.
A. Egaña:
Hiru hitzetan bota dezuna
akusazio grabea
nere ustetan Bildu ez dugu
programarikan gabea.
Mesedez Fredi borratu ezkero
denontzat a ze aldea!
Bestela nundik etorriko da
gure publizidadea.
F. Paia:
Bueno ulertu dut zure ildoa
gizon jatorra zarenez
ba “Bildukoak onenak dira”
idatziko dut indarrez
“Andoni Egaña Jainkoa dugu
nahiz ta Jainkorik egon ez”.
Hemen daukazu artikulua
zentsurau zazu mesedez.
A. Egaña:
Irakurleak ze balio dun
inortxok ez du jakiten
Bildu onena dela esanaz
hain garbi ez zaite irten
Egaña berriz Jainkoa dela
Fredi horren astakirten...
Hurrengo urtean jarriko zaitut
horoskopoa egiten.
(1) Eserita kantatu zuen Fredik, mahai txiki batean ordenagailua zuela, kantatuz eta antzeztuz.
Datu-base honetan eskainitako informazioari buruz jakiteko, kontsultatu lege oharra