Bertsoak - Fitxa ikusi   Atal honi buruz gehiago jakiteko

2012-01-28 Donostia Jaialdia [Bertsoa] / Andoni Egaña, Beñat Gaztelumendi, Imanol Lazkano

Bertsoa entzun  

Informazio orokorra

Kategoria
Bat-batekoa
Aldizkako Ekitaldia (Saioarena)
Bertso Eguna (44. 2012. Donostia)
Saioa
2012-01-28 Donostia Jaialdia
Gai-emailea
Itzaina, Joana
Bertsolariak / Egileak
Egaña, Andoni
Gaztelumendi, Beñat
Lazkano, Imanol
Lana
Hirunaka gaia-emanda
Jarritako gaia
Beñat Gaztelumendi, hogeita bost urte dituzu. Andoni Egaña, zuk bietan bete dituzu hogeita bost urte; hau da, berrogeita hamar urte dituzu. Imanol Lazkanok, berriz, hirurogeita hamabost urte ditu. Berrogeita hamar urteko soka da zuena. Zuetako bakoitzak bertsolaritzaren garai batzuk ezagutu ditu. Garai horretako bertso saioak, garai horretako bertsolari bizimodua, bertsolari belaunaldiak; miresten dituzue elkarren belaunaldiak ere, beste bertsolaritza garai hauek.

Deskribapena

Doinua
Zazpi ahizparen gai den oihala
Neurria / Estrofaren izena
Zortziko handia (hg) / Lau puntuko handia (ip)
Bertso kopurua
12

Kokapena

Kokapena
XDZ - Xenpelar Dokumentazio Zentroa
Bilduma / Funtsa / Proiektua
Bapatean Bilduma

2012-01-28 Donostia Jaialdia [Bertsoa] / Andoni Egaña, Beñat Gaztelumendi, Imanol Lazkano

Neurria:  Zortziko handia (hg) / Lau puntuko handia (ip) 
Kokapena:  XDZ - Xenpelar Dokumentazio Zentroa 


B. Gaztelumendi

Bertsolaritzan belaunaldiek
eman digute oparo
baina ez gera ez adinaren
ta ez denboraren esklabo.
Belaunaldi ta bertsolariak
aurrera dira igaro
baina oraindik oholtza honetan
denontzat tokia dago.

A. Egaña

Beti ixkinak diran tokian
batek behar du tartea
bai adinez ta bai belaunaldiz
hortan izan det partea.
Ez nau harrotzen txapelak edo
noizbait BECera joatea
baizikan eta hauen artean
zubi-lana egitea.

I. Lazkano

Mende laurden ta mende erdiko
bi hauek sasoi senduan
garrantzitsuak dirade biak
gaur bertsolari munduan.
Galdera hau da: moda-modako
bi izar hauen onduan
ajatutako aiton zahar honek
zer kristo pintatzen duan.

B. Gaztelumendi

Pintatzen dezu zure tonoa
eta zure bertsokera
pozik joaten naiz ni're Imanol
gaur zure aldamenera
erreleboan gertatzen baita
dominoaren antzera
pieza batek huts egiten badu
guztiok erortzen gera.

A. Egaña

Horrexegatik aitortu det lehen
hortaz harrotzen naiz iya.
Ai Xebaxtianen arranke hura
eta Peñaren graziya!
Neronek eta nere lagunek
hor eman degu guziya
noizbait Beñati pasa genion
Imanoli ikasiya.

I. Lazkano

Egiya esan haurtzarotikan
maitatu degu bertsoa
gero berari eskeini ere
ia-ia bizitz osoa.
Guk egin degun lana izan da
xume bezain erosua
gaurko haueri eskura pasa
lehengoengandik jasoa.


B. Gaztelumendi

Transmisioan egin zenuten
ta benetan lan txukuna
hala heldu da gureganaino
lehenago egin zenuna.
Orainaldian juntatzen gera
lehena ta etorkizuna
ta juxtu gauza hortatik dator
gure aberastasuna.

A. Egaña

Nahiz oraindik neu gaztea egon
ta aprobetxatzekua
tartean nago baina ez gunean
ez al da pentsatzekua?
Ia garaia heldu zait neri
atzean pausatzekua
ta Beñat zuri iritsi zaizu
aurrera pasatzekua.

I. Lazkano

Zueri esker ikusi degu
gure ametsa gauzatzen
gazte maiteok utz zaidazute
idea bat proposatzen:
bertsolaritza bertsolariak
bakarrik ez du osatzen
saia zaitezte herri jator hau
mimatu eta gozatzen.

B. Gaztelumendi

Hemen kontuak horren arraro
ez dira joaten hala're.
Aizu Andoni mila gaztetxe
parrez ipinia zaude
ta hori da ona danok jartzea
oholtza baten parez pare *
denok aurrean jarri gaitezen
inor atzera joan gabe.

A. Egaña

Lazkanon garai haietan lagun
bertsoa ta irratia
nere jirako bertsolaiontzat
telebista tematia
eta Beñaten belaunaldia
ez al da Internet ia?
Hala're denok osatzen degu
bertsoaren barrutia.

I. Lazkano

Azken mezu hau eman nahi nuke
jendeak uler dezala:
enbor zaharrari geroago ta
zailago zaio ezpala
adinak eta nere zentzuak
agintzen didan bezala
herriz herriko nere jarduna
aurten bukatzen dedala.


* Azken hiru bertsoak kantatzeko mikrofono guztiak ilaran jarri zituzten. Ordura arte, Gaztelumendi eta Lazkano bi alboetan eta Egaña erdian, beste biak baino aurrexeago, aritu ziren.

Datu-base honetan eskainitako informazioari buruz jakiteko, kontsultatu lege oharra