Bertsoak - Fitxa ikusi Atal honi buruz gehiago jakiteko
2012-08-07 Aia Jaialdia [Bertsoa] / Julio Soto, Iker Zubeldia
Bertsoa entzun |
2012-08-07 Aia Jaialdia [Bertsoa] / Julio Soto, Iker Zubeldia
Neurria:
Zortziko txikia (hg) / Lau puntuko txikia (ip)
Kokapena:
XDZ - Xenpelar Dokumentazio Zentroa
I. Zubeldia
Zaldia entrenatzen
nolako jarduna!
Kargu eske hasi zait
ondoko laguna
txakur plako horrekin
ez dator txukuna
baina ez dakit zein dan
bitan zorritsuna. (bis)
J. Soto
Zakurra utzi zazu
ta orain serio
zaldia hor ari da
“Io io io” *
ohartu naiz eztenaz
ze erremedio
pentsua baino gehio
erakusten dio. (bis)
I. Zubeldia
Nere zaldia dabil
munduan gustoa
“Io io” hasita
hau da disgustoa!
Ekologista hau da
zelebre askoa
bereizten ez dituna
zaldi ta astoa. (bis)
J. Soto
Astoak “Io io”
hori banekien
zaldiak “Io io”
bai esan dut lehen
ta hala egiten badu
eta proba hemen
hortik kontuak atera
ze zaldi mota den. (bis)
I. Zubeldia
Nere zaldi edar hau
asko da gizendu
pentsu asko jaten du
nahi det nabarmendu
aspiletik ez diot
mokadurik kendu
ta zure fiera horrek
ze kristo jaten du? (bis)
J. Soto
Ni oso azkarra naiz
ta umila tira
ta begira zakurra
begira-begira.
Etorri zaite Pintto
ez joan urrutira
ba honek ez du jaten
haizeaz bizi da. (bis)
I. Zubeldia
Neri kargu hartzeko
zeukan esperantza
honek zenbat dakien
badaukat zalantza.
Haizeaz bizi dala
gauza hortan datza
orain ere zakurrak
nagusian antza! (bis)
J. Soto
Zuk txakurraren antza
bazenu ojala!
Ez zinake izango
hain gizon petrala.
Ez dakit zer dakidan
zenion bezala
dakidana da multa
jarri dizudala. (bis)
* Onomatopeiak ahoskatzean, zaldiaren irrintzia eta astoaren arrantza imitatu zituen
Datu-base honetan eskainitako informazioari buruz jakiteko, kontsultatu lege oharra