Bertsoak - Fitxa ikusi Atal honi buruz gehiago jakiteko
2012-10-12 Lekunberri (N) Jaialdia [Bertsoa] / Uxue Alberdi, Iker Zubeldia
Bertsoa entzun |
2012-10-12 Lekunberri (N) Jaialdia [Bertsoa] / Uxue Alberdi, Iker Zubeldia
Neurria:
Zortziko handia (hg) / Lau puntuko handia (ip)
Kokapena:
XDZ - Xenpelar Dokumentazio Zentroa
U. Alberdi
Orain artean dena izan da
bularra eta sabela
aita ta aman jolasak eta
etxe barruko epela.
Negar hotsekin betetzen denez
ikastola hontako gela
pentsatu nahi dut malko guztiak
beharrezkoak direla.
I. Zubeldia
Goizean jeiki eta jazten det
beti guapa ta apaina
lehendabiziko biberoiari
hartzen diogu tamaina
eskolan sartu, atea itxi
zenbat negar zenbat maina!
Haundinak aina indar daukate
txikitxoak dira baina.
U. Alberdi
Gelan sartuta egoten dira
bai uda ta bai neguan
patio baten buelta-bueltaka
dauden presoen moduan
jolasa eta aire librea
ahaztuz lehen segunduan
ikasteko beste eraren bat
egon behar da munduan.
I. Zubeldia
Esaten diot "Ba al dakizu
klaseko guapa zarela?"
esaten diot "Ba al dakizu
gelan ederki zaudela?".
Atea itxi ta botatzen dit
begirada bat itzela
ta burumakur aldegin behar
huts egin banu bezela.
U. Alberdi
Nik aitortzen dut zalantzak dauzkat
ta bihotza bi zatitan
entrenatzen da fisikan eta
antzera matematikan
entrenatzen da estrategian
ta lanerako teknikan
inoiz ez dezan desobeditu
mundua dugun fabrikan.
I. Zubeldia
Zenbat guraso sortua danez
hamaika negar aitzeko
ta ze gogoa ematen digun
lepotik gogor heltzeko.
Nahiz ta klasean gelditzen diren
danak kopeta beltzeko
orain negarra beharrezko da
gero parrez bizitzeko.
U. Alberdi
Nik sentitzen dut ez nago ados
ez dut pentsatzen horrela.
Nahiago nuke segi dezala
sorgin-sorgin gaur bezela
baina gu ere atera ginen
utziaz klasea, gela
konfiantza dut beren bidea
eiten jakingo dutela.
I. Zubeldia
Munduan dauden ume goseek
nolako negar zarata!
Ta gu gabiltza maina batzukin
jiraka eta bueltaka.
Klasen utzita etxera noa
gurea ere da marka
lasai nijoa badakit eta
ezer ez zaiola falta.
Datu-base honetan eskainitako informazioari buruz jakiteko, kontsultatu lege oharra