Bertsoak - Fitxa ikusi Atal honi buruz gehiago jakiteko
2013-01-26 Donostia Berezia [Bertsoa] / Uxue Alberdi
Bertsoa entzun |
2013-01-26 Donostia Berezia [Bertsoa] / Uxue Alberdi
Neurria:
Hamaseiko berdina, 8 puntuz eta 8 silabaz (hg) / Zortzi puntuko berdina, 16 silabaz (ip)
Kokapena:
XDZ - Xenpelar Dokumentazio Zentroa
Tentazioa da sua
txinparta baten dardara
edo gorputz eder baten
zeharkako begirada
agian zigarrotxo bat
sartzea ezpainetara
edo eta boterea
norberaren patrikara.
Gainditua uste nuen
salbu nengoela jada
baina kalean ixkinan
itzuli egin da hara!
Nahiz eskertzen den tentaldi
gabeko aroen patxada
etortzen da ta orduan
bizirik sentitzen gara. (bis)
Familia izan liteke
toki goxo ta xamurra
ta bikote egonkor bat
hain egitura ziurra
baina zeinen hurbil dauden
egia eta gezurra
zein biguna haragia
ta ze gogorra hezurra!
Hemen nork ez du izan nahi
orekatua zuhurra?
Baina nahasten da sabela
ta lehortzen da zintzurra.
Tentaldiak bertigoak
dardarazten badu lurra
erortzeko gogoa da
ez erortzeko beldurra. (bis)
Tentazio bakoitzak du
gutxienean bi alde
hautatu behar da eutsi
edo eta egin alde
baina bietan edozein
ez da izaten debalde
eta zein komeni zaigun
gure buruari galde.
Betiko ezin da ibili
emozioen eskale
zerbait berriaren bila
aroz aro kalez kale
baina tentaldia hori da
egin kale edo bale
ta halakorik ez duena
zahartu egin den seinale. (bis)
Datu-base honetan eskainitako informazioari buruz jakiteko, kontsultatu lege oharra