Bertsoak - Fitxa ikusi Atal honi buruz gehiago jakiteko
2013-05-05 Donostia Jaialdia [Bertsoa] / Amets Arzallus
Bertsoa entzun |
2013-05-05 Donostia Jaialdia [Bertsoa] / Amets Arzallus
Neurria:
Hamarreko handia (hg) / Bost puntuko handia (ip)
Kokapena:
XDZ - Xenpelar Dokumentazio Zentroa
Ekonomia zuhaitz batekin
alderatzea onena:
lehenago zuhaitz oparo bat zen
ta hostoz betea dena
baina pixkana bakantzen joan da
azkenaldian barrena
aldatzen doa zeren aspaldi
negutu da udazkena
baina haizerik ez da aldatzen
ta horixe da problema.
Hostoz bakantzen halaxe doa
zerutik bailetor berez
nahiz eta batzuk beren barrutik
manejatzen duten errez
aldatuko da agian hostoz
aldatuko da kolorez
aldatuko da agian kabiz
bai eta txori dotorez
baina haizerik ez da aldatzen
ta pertsonarik ere ez.
"Zu lasai gauzak aldatzen dira"
jendeak ohi dio hola
baina txarrerantz dira aldatzen
ta haieri bost ajola.
Hola iraun nahi duenak sortu
du zenion parabola
ta horren kontra nik sinisten dut
sor liteke zirimola
sinis dezagun aldaketa hori
geure barruan dagola.
Datu-base honetan eskainitako informazioari buruz jakiteko, kontsultatu lege oharra