Bertsoak - Fitxa ikusi   Atal honi buruz gehiago jakiteko

2013-08-20 Bilbo Jaialdia [Bertsoa] / Oier Aizpurua Olaizola, Uxue Alberdi, Iñaki Apalategi Astigarraga, Amaia Iturriotz Etxaniz

Informazio orokorra

Kategoria
Bat-batekoa
Saioa
2013-08-20 Bilbo Jaialdia
Gai-emailea
Aristi, Ibon
Bertsolariak / Egileak
Aizpurua Olaizola, Oier
Alberdi, Uxue
Apalategi Astigarraga, Iñaki
Iturriotz Etxaniz, Amaia
Lana
Launaka gaia-emanda
Jarritako gaia
Nahiz gaizki dagoen hemen esatea eliza baten ondoan gaudelako, bertsolariak politeistak dira. Alegia, jainko bat baino gehiago dituzte. Adibide batzuk jartzearren: Andoni Egaña dago, bertsolari ahalguztiduna, edo Maialen Lujanbio, emankortasunaren irudi edo bertsolari askoren ama dena. Antzinako greziarrek bazuten parrandaren eta desfasearen jainko bat; haiek Dionisio zuten, eta guk... Badaezpada izenik ez diot jarriko. Gehiago daude: Amets Arzallus, adimena eta intelektualtasunarena eta abar. Zein da, baina, zuek gehien gurtzen duzuen bertsolaria? Eta zeren jainkoa da?

Deskribapena

Doinua
Kontu barri bat suzedidu da II
Neurria / Estrofaren izena
Lauko handia (hg) / Bi puntuko handia (ip)
Bertso kopurua
21

Kokapena

Kokapena
XDZ - Xenpelar Dokumentazio Zentroa
Bilduma / Funtsa / Proiektua
Bapatean Bilduma

2013-08-20 Bilbo Jaialdia [Bertsoa] / Oier Aizpurua Olaizola, Uxue Alberdi, Iñaki Apalategi Astigarraga, Amaia Iturriotz Etxaniz

Neurria:  Lauko handia (hg) / Bi puntuko handia (ip) 
Kokapena:  XDZ - Xenpelar Dokumentazio Zentroa 


U. Alberdi

Ba nik Iturriaga gurtzen dut
hori esanda nahikoa
biak batera delako bera
deabrua ta Jainkoa.

A. Iturriotz

Ba nik Maialen pozik gurtzen det**
beti nere inguruan
ta saiatzen naiz beti ipintzen
zapi haundi bat buruan.

I. Apalategi

Nik berriz Oier miresten det ba
onartu beharko det benga
gixajo gisan etortzen da ta
gigolo gisan joaten da.*

O. Aizpurua

Ni Xebaxtian Lizaso gurtzen det
mikrorik gabe nahikoa
izan'e neretzako bera da
altabozaren jainkoa.

U. Alberdi

Ba nik Jon Maia habaneretan
Maialen gai irikian
Jon Sarasua filosofatzen
ta Amets zortziko txikian.

A. Iturriotz

Uxuen modun ibiliz gero
hobea da beharbada
hainbeste Jainko eukitze hori
erlijio errexa da.

I. Apalategi

Nola ez degu adoratuko
Andoni Egaña maitea
berak bakarrik lortua baitu
beti gazte izatea.

O. Aizpurua

Beste arrazoi bategatikan
berriz Xebaxtian det gurtzen
bukaera txarra botata ere
inor ez da konturatzen.***

U. Alberdi

Ba nik Mañukorta miresten dut
ze nahi duzu esatea
berak bakarrik lortzen dulako
beti Mañu izatea.

A. Iturriotz

Nahiz oso garbi ez neukan berez
haseran nere aukera
Oier koplatik koplara aizu
konbentzitzen ari zera.

I. Apalategi

Berdin-berdin zait erdi jantzita
bizirik edota hilik
baina gustora ikusiko nuke
Mañu gurutzetik zintzilik.

O. Aizpurua

Txiki-haundi bat ere badaukat
nik benetan gustokoa
Lazkao Txiki izan daiteke
goxotasunan jainkoa.

U. Alberdi

Eta hor dugu Onintza Enbeita
ederrenetan politen
bera saiatzen baita Rajoyri
exorzismoak egiten.

Espontaneo bat

Gaurkoan hemen gaude bertsotan
ta zuek oso ondo pasa
baina bihar hobeto pasatzeko
egin zazue gaupasa.

A. Iturriotz

Oraintxe bertan bota digunak
gaur horren kopla alaia
bertsolaririk ez du ez gurtzen
jainkotzat du Marijaia.

I. Apalategi

Bi mila jainko pentsatu nahian
hemen geunden lasai-lasai
baina jainkoak soilik ez dira
aingeru batzuk ere bai.

O. Aizpurua

Beste jainko bat ere badaukat
guapoa eta alaia:
gaur eguneko dietetikaren
artista da Xabi Paya.

U. Alberdi

Honek bertsoa ez du izango
drogarikan gogorrena
Euskal Herrian zabaltzen dabil
Xabier Silveiran ordena.****

A. Iturriotz

Nola jainkotan ere probatu
behar izaten dan denetik
zuk ere lasai segi edaten
Jainkoaren odoletik.

I. Apalategi

Nik Silveiraren jainkotasuna
miresten det bai goi ta behe:
hainbat zartako nola banatu
sekula bat jaso gabe.

O. Aizpurua

Bai Silveira ta bai igo dena
aukeratzeko ordua:
zuen eskutan uzten deu eta
zein ote den deabrua.


* Aurreko bertsoaldi bati egiten dio aipamena.
** Hemendik aurrerakoa mikroa alboratuta kantatu zuen.
*** Azken puntua ziztu bizian kantatu du.
**** Espontaneo batek oholtzara igo eta kantatu zuen koplari egiten dio aipamena.

Datu-base honetan eskainitako informazioari buruz jakiteko, kontsultatu lege oharra