Bertsoak - Fitxa ikusi Atal honi buruz gehiago jakiteko
2015-10-29 Iruñea Jaialdia [Bertsoa] / Eneko Fernandez, Unai Iturriaga
Bertsoa entzun |
2015-10-29 Iruñea Jaialdia [Bertsoa] / Eneko Fernandez, Unai Iturriaga
Neurria:
Zortziko handia (hg) / Lau puntuko handia (ip)
Kokapena:
XDZ - Xenpelar Dokumentazio Zentroa
U. Iturriaga
Gurasoak beti egiten du
bere seme-alaben alde
hainbesteraino ze ondorioz
egin digutela alde.
Bata punta batean bestea
beste punta baten daude
ondoan izango genituzke
Iruñera joan gabe.
E. Fernandez
Nahiz ta seme-alabak bisitan
etorriko diren aurki
nola ez biok gure ondoan
nahi genituzke eduki.
Genuen dena eman genien
nahiz ta bagenuen gutti
arrakastatik gertu agian
baina gugandik urruti.
U. Iturriaga
Bata Estatu Batuetara
bestea Txinako puntara
mapamundian erdi aldean
geu soilik geratu gara.
Famili honen ordutegia
paradoja ez al da ba?:
bata esnatzen ari denean
doa bestea lotara.
E. Fernandez
Arrazoi duzu gure famili
honek ez dunez etekin
ikasketekin eduki zuten
Unai hainbertze zeregin.
Baina gaur guztiz ados naukazu
zure paradoxarekin
eurek ernatu triste iten dira
ta nik ezin dut lo egin.
U. Iturriaga
Bada alferrik zabiltz buruai
bueltak ta bueltak ematen
begira zazu Txinan zein USAn
ze etorkizun daukaten.
Segitzen badu gure familiak
karrera hau eramaten
egin kontu gure ilobak jaio
daitezkeela igual Marten.
E. Fernandez
Marten kontuak gizarte honen
tranpa uzten du agerian
sarri egon naiz eurek noiz heldu
esperoan atarian.
Urteak pasaz egoera hau
aldatuko da agian
zuk eutsi zazu bilduko gara
Gabon Zaharreko afarian.
Datu-base honetan eskainitako informazioari buruz jakiteko, kontsultatu lege oharra