Bertsoak - Fitxa ikusi   Atal honi buruz gehiago jakiteko

2016-10-15 Donostia Jaialdia [Bertsoa] / Andoni Egaña, Maialen Lujanbio

Bertsoa entzun  

Informazio orokorra

Kategoria
Bat-batekoa
Saioa
2016-10-15 Donostia Jaialdia
Gai-jartzailea
Uria Albizuri, Jone
Bertsolariak / Egileak
Egaña, Andoni
Lujanbio, Maialen
Lana
Binaka gaia-emanda
Jarritako gaia
Matematikan, behin arauak adostuta daudenean, gauzak definitzen hasi behar gara. Anbiguotasunik gabeko definizioak izan behar dute matematikoak izateko.
Gaur, lau hitz azaltzen joango dira pantailan, eta zuk, Andoni, emandako hitzaren definizio matematikoa egin beharko duzu, eta Maialen, zuk definizio ez-matematikoa, esaterako, poetikoa.

Deskribapena

Doinua
Hil da Canovas fuera Canovas I
Lagundurikan danoi II
Neurria / Estrofaren izena
Zortziko handia (hg) / Lau puntuko handia (ip)
Bertso kopurua
8

Kokapena

Kokapena
XDZ - Xenpelar Dokumentazio Zentroa
Bilduma / Funtsa / Proiektua
Bapatean Bilduma

2016-10-15 Donostia Jaialdia [Bertsoa] / Andoni Egaña, Maialen Lujanbio

Neurria:  Zortziko handia (hg) / Lau puntuko handia (ip) 
Kokapena:  XDZ - Xenpelar Dokumentazio Zentroa 


Pantailan agertzen den hitza eta irudia: ILARGIA

Neurria: Hamarreko txikia
Doinua: Lagundurikan danoi II

A. Egaña
Sortu izan dituna
hamaika balada
hilabete osoan
ez da berdin jada.
Bere inguruan du
izarren ilada
ta berak agintzen du
uhinen bolada.
Eta eguzkiaren
antonimoa da.

Neurria: Hamarreko handia
Doinua: Hil da Canovas fuera Canovas

M. Lujanbio
Superilargi bat ikusteko
begira gaur gabekua
betea eta hurbila baita
bate ertzik gabekua.
Ai ilargia gure amets ta
fantasiez jabetua
mugitzen duna marea, odola
mugitzen duna lakua.
Artista eta pentsalarien
bigarren bizilekua.


Pantailan agertzen den hitza eta irudia: HUTSA

Neurria: Hamarreko txikia
Doinua: Lagundurikan danoi II

A. Egaña
Beti tarte bat dela
ez al da nabari?
Inguruan duena
objektu ugari.
Euskal belarri denak
egon orain adi!
Hizkuntz desberdina da
jakina da hori
ta hola deitzen zaio
hemen beteari.

Neurria: Hamarreko handia
Doinua: Hil da Canovas fuera Canovas I

M. Lujanbio
Matematikak bezela artea
ulertzen ez da erreza.
Batzui atzera ematen die
eta besteei pereza.
Baina Txillida edo Oteiza
formak eta kutxa beltza
artista txarren ta onen artean
badago aldea pentsa!
Batzuek hutsa landu baitzuten
ta besteek ezereza.

Pantailan agertzen den hitza eta irudia: KAMALEOIA

Neurria: Hamarreko txikia
Doinua: Lagundurikan danoi II

A. Egaña
Narrasti ibiltzen da
narrasti zen jaio
edozein ingurutan
moldatzen da iaio.
Maiz margo berdeari
marroiak darraio
hurrena jaxpeatu
ez al da? Arraio!
Inguruari ongi
egokitzen zaio.

Neurria: Hamarreko handia
Doinua: Hil da Canovas fuera Canovas I

M. Lujanbio
Gaztetxeetan bera gaztena
berdin porro, berdin puru
politikoekin diplomatiko
elegante ta seguru
baserritarren artean suelto
ez nerbio, ez apuru
kamaleoirik kamaleoina
Andoni Egaña dugu.
Pentsa fotoan ondoan jarri
ta antza ere hartu du.

Pantailan agertzen den hitza eta irudia: EURIA

Neurria: Hamarreko txikia
Doinua: Lagundurikan danoi II

A. Egaña
Gure paisajearen
lagun nabarmena
ukimenez likido
bistara gardena
sarritan nostalgiko
jartzen gaituena
plubiometroak neurtzen
dio bolumena
hodei kondentsazioz
sortzen omen dena.

Neurria: Hamarreko handia
Doinua: Hil da Canovas fuera Canovas I

M. Lujanbio
Udarak falta izaten du ta
udazkenari dario
batzuentzako etsai da eta
besteentzako sozio
aszensoretan ta portaletan
ai berekin ze sesio!
Denen gustora ez du egiten
ta ez denentzat propio
baina salbatu izan dizkigu
hamaika konbertsazio!

Datu-base honetan eskainitako informazioari buruz jakiteko, kontsultatu lege oharra