Bertsoak - Fitxa ikusi Atal honi buruz gehiago jakiteko
Azken puntua [Bertsoa] / Ekaitz Goikoetxea
Azken puntua [Bertsoa] / Ekaitz Goikoetxea
Neurria:
Hamalaukoa, txikiaren moldekoa, 9 puntuz (hg) / Bederatzi puntukoa, txikiaren moldekoa (ip)
Dokumentu-mota:
Ordenadore dokumentua
Kokapena:
XDZ - Xenpelar Dokumentazio Zentroa
Azken puntua
1.
Ganbaran ez du biltzen
lasto hainbat gari,
bete ditudanetik
laurogeita bi;
haizea zakar eta
eguzkia nagi,
udazken grisa negu
beltzaren atari...
Zentzumenak adi,
mintzoa haragi,
hasi naiz kantari,
bizitza laburtzeko
heriotzari.
2.
Nozbait izan ginenak
sasoiko nerabe,
orain dena pastilla
eta jarabe;
egunez piztutako
farolaren pare,
ia ez gara geure
itzalaren jabe.
Pausoa herabe,
zalantzen mirabe,
helbururik gabe,
gutxiago gara ta
gehiago gaude.
3.
Gizarteak uzten du
gizartetik kanpo
gu bezalako hainbat
gizabanako;
zer gertatuko zaigun
gaurkotik biharko,
mugitu gabe nola
egiten den salto...
Esaguzu malko,
tanta handibat tanto
galdu dugulako;
denbora geldi dago
gu noiz pasako.
4.
Urtaroak urtaro
ta garaiak garai,
bakardadeak denok
gaitu hautagai.
Bi alabak kieto,
lau semeak lasai,
gurpildun aulkiak nork
bultzatuko darrai.
Herentzirako bai,
gainerakoan, ai,
astegunetan jai,
inork ez du kargaren
kargu egin nahi.
5.
Iranaga oinaze,
oraina gaztigu,
ez al ginen lurralde
bereko tribu?
zaintzaileen besotik
gabiltza beti gu,
haien aldamenean
zerbait dirudigu.
Bat, bi eta hiru,
urteren gatibu,
zahartzeak hori du,
azken igurtzia nork
emango digu?
6.
Esku batean "balitz",
bestean "balego",
zainen bueltan poltsa
bete suero;
begi bakoitzean sei
dioptria edo,
bi belaunetan ere
hamaika endredo.
Bulegoz bulego
ia egunero,
normala da gero,
gabeziak soberan
izanez gero.
7.
Santuei otoitzean
gurtzen dugu gaba,
bekatuak aitortuz
badaezpada;
ortzimugan iltzatu
zaigu begirada,
ai San Miguel, San Pedro
ta Santa Barbara!
Hona eta hara
ibiltzeko jada
nahikoa lan bada,
beste mundura nola
joango gara?
8.
Eskaintzen didanetik
irrifar zabala,
zenbateraino lazten
zaidan azala,
helarazi nahi nuen
sentitu bezala,
ea limurtzen dudan
Herio zitala!
Nola edo hala,
nire eginahala
aditu ahala,
azken puntua berak
jarri dezala.
Azken puntua [Bertsoa] / Ekaitz Goikoetxea
Neurria:
Hamalaukoa, txikiaren moldekoa, 9 puntuz (hg) / Bederatzi puntukoa, txikiaren moldekoa (ip)
Dokumentu-mota:
Ordenadore dokumentua
Kokapena:
XDZ - Xenpelar Dokumentazio Zentroa
Ikusi dokumentuak:
xdz5_btx_001134.pdf |
xdz5_btx_001134.pdf
Datu-base honetan eskainitako informazioari buruz jakiteko, kontsultatu lege oharra