Bertsoak - Fitxa ikusi   Atal honi buruz gehiago jakiteko

Zer egin dizu bizitzak? [Bertsoa] / Ekaitz Goikoetxea

Informazio orokorra

Kategoria
Ez bat-batekoa
Aldizkako Ekitaldia
Basarri Saria (33. 2017. Zarautz)
Bertsolariak / Egileak
Goikoetxea, Ekaitz

Deskribapena

Izenburua
Zer egin dizu bizitzak?
Dokumentuan jasotako izenburua
Zer egin dizu bizitzak?
Dokumentuan jasotako bertsoaren hasiera
Zeinek egurtu ditu haritzak? Nork du lore bat udaberritzat?
Doinua
Trumoia ortzi beltzean hoska
Neurria / Estrofaren izena
Bederatzikoa, handiaren moldekoa, 6 puntuz (hg) / Sei puntukoa, handiaren moldekoa (ip)
Bertso kopurua
8
Bertso dokumentu mota
Ordenadore dokumentua

Edukia

Kokapena

Kokapena
XDZ - Xenpelar Dokumentazio Zentroa
Originala / Kopia
Originala

Zer egin dizu bizitzak? [Bertsoa] / Ekaitz Goikoetxea

Neurria:  Bederatzikoa, handiaren moldekoa, 6 puntuz (hg) / Sei puntukoa, handiaren moldekoa (ip)  Dokumentu-mota:  Ordenadore dokumentua 
Kokapena:  XDZ - Xenpelar Dokumentazio Zentroa 


Zer egin dizu bizitzak?

1.
Zeinek egurtu ditu haritzak?
Nork du lore bat udaberritzat?
Ondorioa zenbateraino
baldintzatzen du baldintzak? (bis)
Isiluneen hizkuntzan nola
jokatzen dira aditzak?
Behar ditut zure hitzak...
Zuk heriotza aukeratzeko
zer egin dizu bizitzak? (bis)

2.
Zeruak kaixo, zorua kexu,
besarkadarik gabeko mezu
trumoitsuei so emaztea ta
hiru haur irribarretsu. (bis)
Destinoaren eten puntuei
bi lapurtu dizkiezu,
hauts bihurtua zaude zu,
aurretik izan zenezakeena
aurretik eraman dezu. (bis)

3.
Ausentziaren aritmetika,
ederra beti ez da polita...
Senideek maiz biluztu dute
doluaren margarita. (bis)
lagunok ere geure burua
itsasoari harrika
zigortzen dugu aldika,
erantzun bila joan baitzara
galderak hemen utzita. (bis)

4.
Erlojuaren azken tik-taka,
agur Ulises, agur Itaka!
irakasleen oporrak eta
medikuaren soldata... (bis)
Ustez guztia eskura izan
eta azkenean kaka,
garrantzitsuena falta;
ezin al zinen gu bezala hil
pixkanaka-pixkanaka? (bis)

5.
Erdi xomorro, erdi zizare,
erietxeko orratzen pare,
ilunabarra gugan barrendu
denez suabe-suabe, (bis)
malko berean ito ditugu
Jainkoa, Ala ta Yahveh,
heldulekuak non daude?
bizitza deitzen diogu baina
bizitza al da zu gabe? (bis)

6.
Falta zaizkigun hitzen segida
gugan balego, gugan balira...
Pentsamendua arrazoiari
azalpen eske ari da; (bis)
zure ezpainen erliebea,
zure begien distira,
ezerezari begira,
isiltasuna baino sekretu
handiagoak badira. (bis)

7.
Gaua umezurtz, loa desditxan,
nola hilerri, hala elizan,
nahiz agur esan genizun sahats
negarti baten gerizan, (bis)
oroimenean gurutziltzatu
zatzaizkigu mamu gisan,
izan gabe nola izan?
Zeure buruaz beste egiteko
lepo bila al zenbiltzan? (bis)

8.
Lepoak lepo, buruak buru,
zerua amets, lurra helburu,
arnas luzeko zeharkaldiak
asebetetzen gaitu gu. (bis)
Gure gogoak zuganainoko
distantzia trazatu du,
bidea egin nahi dugu...
tartea hartu diguzu baina
harrapatuko zaitugu. (bis)

Zer egin dizu bizitzak? [Bertsoa] / Ekaitz Goikoetxea

Neurria:  Bederatzikoa, handiaren moldekoa, 6 puntuz (hg) / Sei puntukoa, handiaren moldekoa (ip)  Dokumentu-mota:  Ordenadore dokumentua 
Kokapena:  XDZ - Xenpelar Dokumentazio Zentroa 


Ikusi dokumentuak:

xdz5_btx_001135.pdf

xdz5_btx_001135.pdf

Dokumentua

Datu-base honetan eskainitako informazioari buruz jakiteko, kontsultatu lege oharra