Bertsoak - Fitxa ikusi   Atal honi buruz gehiago jakiteko

2017-09-15 Lezo Jaialdia [Bertsoa] / Sebastian Lizaso, Maialen Lujanbio

Bertsoa entzun  

Informazio orokorra

Kategoria
Bat-batekoa
Saioa
2017-09-15 Lezo Jaialdia
Gai-jartzailea
Agirre, Amaia
Bertsolariak / Egileak
Lizaso, Sebastian
Lujanbio, Maialen
Lana
Binaka gaia-emanda
Jarritako gaia
Maialen, baratzean lanean ari zarela, Sebastian biloba etorri zaizu beste bi lagunekin eta landare batzuentzat zure baratzean lekua uzteko galdegin dizu.

Deskribapena

Doinua
Haize hegoak hurbiltzen ditu
Neurria / Estrofaren izena
Zortziko handia (hg) / Lau puntuko handia (ip)
Bertso kopurua
10

Kokapena

Kokapena
XDZ - Xenpelar Dokumentazio Zentroa
Bilduma / Funtsa / Proiektua
Bapatean Bilduma

2017-09-15 Lezo Jaialdia [Bertsoa] / Sebastian Lizaso, Maialen Lujanbio

Neurria:  Zortziko handia (hg) / Lau puntuko handia (ip) 
Kokapena:  XDZ - Xenpelar Dokumentazio Zentroa 


S. Lizaso
Hara amona nahiz ta kalean
ni bizi naizen aparte
zure etxeko baratza baten
hartu nahiko nuke parte.
Baratz kontuan nahiz ezjakina
izan arren orain arte
landare hauek zuk bezelaxe
Maria izena daukate. (bis)

M. Lujanbio
Harrigarria gaur hartu dedan
ezustearen tamaina
kaletik dator biloba eta
landaretan badu maina
eta gainera Maria izena
omen dute alajaina!
Hoik zaindu gabe ez dira hazten
ni hala hazi naiz baina. (bis)

S. Lizaso
Aprobatxo bat egitea da
nere ametsan oinarri
ta nahi nituzke landare batzuk
nik zure baratzan jarri
hosto zabala, kolorez berde
dute bere ezaugarri
zuretzat lan asko ez daukate
ta neretzat bizigarri. (bis)

M. Lujanbio
Bizigarriak baldin badira
igoko dira burura
emandakoan probatuko det
nik horien belar-ura
atxurra nondik heldu ez dakila
kalekumeen modura
azulejorik ez daukan lurra
zer dan ba al dakizu ba? (bis)

S. Lizaso
Ez dakit baina abiatu naiz
dakitenen esanean
eta makila jarri behar omen
igotzeko zuzenean
eta gehiago ere badabiltz
landare hauen senean
eta zureak dirala esan
ertzainak datozenean. (bis)

M. Lujanbio
Ertzainak hona ta horren bila
falta genuen bakarra!
Bai poliziak ta bai zuk ere
jasoko dezun marmarra!
Lehen paga bila etortzen baitzan
gure iloba kaletarra
opariakin badator noski
izan behar zun zerbait txarra. (bis)

S. Lizaso
Lasai amona nere ekintza
ez da zuretzat kaltea
nahiz lur zati bat utziko dudan
hor mariakin betea.
Lasai ertzainak jotzen badute
zure etxeko atea
adin horrekin suertea da
sospetxosa izatea. (bis)

M. Lujanbio
Gure iloba txiki haundiak
harrokeria du sobra
baina amona ez da tuntuna
nahiz eta izan jatorra.
Hona ertzainik etortzen bada
ze izango dezun horra:
hezurrak dauzkat ahulak baino
bastoia daukat gogorra. (bis)

S. Lizaso
Azkenerako amonatxoa
kontatuko dizut dana
landareak nik jarriko ditut
zure kargu zaintze lana
lehen ere inoiz jaso izan dut
nik xoxa hoiek emana
eta hauekin lortzen deguna
biontzako erdi bana. (bis)

M. Lujanbio
Beraz sortzen du nahiko nahaste
ta buruan nahiko laino
nik benenua bota ezkero ja
igoko zaizu goraino.
Diru pixka bat badu onura
ez da negozio txarra ño!
Prezio hobea egingo du ta
gure barazkiek baino. (bis)

Datu-base honetan eskainitako informazioari buruz jakiteko, kontsultatu lege oharra