Bertsoak - Fitxa ikusi   Atal honi buruz gehiago jakiteko

2020-02-15 Iruñea Lagun-artekoa [Bertsoa] / Sustrai Colina, Julio Soto

Bertsoa entzun  

Informazio orokorra

Kategoria
Bat-batekoa
Saioa
2020-02-15 Iruñea Lagun-artekoa
Gai-emailea
Beaumont, Mikel
Bertsolariak / Egileak
Colina, Sustrai
Soto, Julio
Lana
Binaka gaia-emanda
Jarritako gaia
Igande goiza da, eguraldi bikaina eta Julio Takonera parkera joan da paseatzera bere emazte eta haurrekin. Bertan, duela hogeita bost urte ikusten ez zuen Sustrai, garai bateko gelakidea topatu du. Sustrai beste lau gizonekin mugikor aplikazio batekin Pokemonak harrapatzen dabil.

Deskribapena

Doinua
Antton eta Maria I
Neurria / Estrofaren izena
Hamarreko txikia (hg) / Bost puntuko txikia (ip)
Bertso kopurua
8

Kokapena

Kokapena
XDZ - Xenpelar Dokumentazio Zentroa
Bilduma / Funtsa / Proiektua
Bapatean Bilduma

2020-02-15 Iruñea Lagun-artekoa [Bertsoa] / Sustrai Colina, Julio Soto

Neurria:  Hamarreko txikia (hg) / Bost puntuko txikia (ip) 
Kokapena:  XDZ - Xenpelar Dokumentazio Zentroa 


J. Soto
Igande goiza eta
zeruertza garden
andre ta umeekin
gu etorriak lehen
ta hara ze sorpresa
hor Sustrai dena den
nahiz ta azken alditik
pasa mende laurden
ez nago ziur nitaz
akordatzen zaren. (bis)

S. Colina
Zara lehen lerroan
eseri ohi zena
aprobatzen zuena
notarekin dena
irakasle guztien
kuttun kuttunena
gaur berriz familiko
aitatxo gorena
bihurtu zara zutaz
espero nuena. (bis)

J. Soto
Bai bigarren txikia
jaio da oraintsu
gauez bare-bare ta
hurrena ai ze su!
Zu ere gelan zinen
azterketen maisu
sozializatzen zinen
guztiekin aizu!
Ta orain Pokemonekin
zer gertatu zaizu? (bis)

S. Colina
Zuk familiarekin
ohitura kunplitu
ta umeei jaten eman ta
oreinez kupitu
nik mugikorra piztu
ta pista segitu
hor nabil Pokemonak
ezin errenditu
hemen bakoitzak bere
desgraziak ditu. (bis)

J. Soto
Nahiz eguzkia izan
denon zutabea
munduan zenbat mundu
dagon goi ta behea
zuk Pokemon bakarra
nik ume parea
nahiz batetik bestera
badagon aldea
hemen bakoitzak bere
realidadea. (bis)

S. Colina
Pokemonekin nabil
nerbioso xamarrik
ez didate egiten
ez onik ez txarrik
nahiz ta berez ez dudan
nik euren beharrik
ta zuk ez dezun falta
ez andre ez haurrik
Julio ikusten zaitut
ni bezain bakarrik. (bis)

J. Soto
Sarritan badakizu
pixkat urrunago
mundua ikusteko
errezago dago
lehenago ezagutu
baininduzun frango
nola sentitzen naizen
bihotz eta zango
ez, ez nago bakarrik
edo igual nago? (bis)

S. Colina
Hara nere eskaintza
ta proposamena
aldatzeko eskema
aldatzeko dena
emaztea ta haurrak
utzita aurrena
etor zaitez nerekin
parkean barrena
behingoz egizu zutaz
espero ez dena. (bis)

Datu-base honetan eskainitako informazioari buruz jakiteko, kontsultatu lege oharra