Bertsoak - Fitxa ikusi   Atal honi buruz gehiago jakiteko

2021-05-25 Zarautz Berezia [Bertsoa] / Oihana Bartra, Xabat Galletebeitia, Amaia Iturriotz Etxaniz

Bertsoa entzun  

Informazio orokorra

Kategoria
Bat-batekoa
Aldizkako Ekitaldia (Saioarena)
Plaza Biziberritzen (2021)
Saioa
2021-05-25 Zarautz Berezia
Gai-jartzailea
Berriozabal, Maite
Bertsolariak / Egileak
Bartra, Oihana
Galletebeitia, Xabat
Iturriotz Etxaniz, Amaia
Lana
Hirunaka gaia-emanda
Jarritako gaia
A guztiz maiteminduta zaude B-rekin; ez dakizu berak berdina sentitzen duen, baina kafe baterako geratu zarete 16:00etan malekoian. 15:50ak dira. C da A-ren bikotekidea. A, B-k maite bazaitu C utziko duzu; eta B-k maite ez bazaitu, C-rekin geratuko zara. 15:50ak dira eta Oihana malekoian dago jadanik.
Gaiari oharrak
Gai-emaileak bertsolariei A, B edo C pertsonaien artean bat hautatzeko aukera eman zien; hots, bertsolariek hautatu zituzten pertsonaiak. A izatea O. Bartrak hautatu zuen. Gainera, gaia eman azaldu ostean, gai-emaileak aipatu zien kanturako txanda ez errespetatzeko xantza zutela; nahi zutenean eta nahi beste kantatzeko, hots.

Deskribapena

Doinua
Oihaneko pagoak blai
Neurria / Estrofaren izena
Kopla handia

Kokapena

Kokapena
XDZ - Xenpelar Dokumentazio Zentroa
Bilduma / Funtsa / Proiektua
Bapatean Bilduma

2021-05-25 Zarautz Berezia [Bertsoa] / Oihana Bartra, Xabat Galletebeitia, Amaia Iturriotz Etxaniz

Neurria:  Kopla handia 
Kokapena:  XDZ - Xenpelar Dokumentazio Zentroa 


O. Bartra
Orduaren arrazoia
ze polita malekoia!
Ba B ez badator zelako pena
ta badator ze marroia! (bis)

O. Bartra
Berriro ere banaiz gose
ta ez dakit zelan ase
ideiak joan eta badatoz
olatuak bezalaxe. (bis)

O. Bartra
Bizitzak hainbeste tongo
beti ibili izan naiz ondo
nik garbi daukat edozelan be
bakarrik ez naiz egongo. (bis)

A. Iturriotz
Bakarrik zu ez zaude maiz
ni nator aurpegi alaiz
barkatu idazu aizu Oihana
berandu etorri banaiz. (bis)

O. Bartra
Eman didazu hainbat poz
berandu ez baita inoz
orduak ez du hainbat inporta
baina zu zertara zatoz? (bis)

A. Iturriotz
Ni ote naiz ba ergela?
Etorri naiz dena dela
ulertu nizun aurreko baten
geratu nahi zenuela. (bis)

O. Bartra
Hartu ezazu umorez
ta ez berbak halan gordez
baina zuzenki esan eidazu
zuk maite nauzun edo ez.

A. Iturriotz
Galdera hori bertan bego
bihurtu al zera ero?
Bene-benetan esango dizut
hau ez nuela espero. (bis)

O. Bartra
Ez zabiltzala ederto
harrituta dagoeneko
nik maite zaitut baina denbora
asko ez daukat galtzeko. (bis)

A. Iturriotz
Gu gabiltz modu berdintsun
dena jarri nahi dut pisun
zuk zerbait esan nahi zenidan bai
nik zerbait esan nahi nizun. (bis)

O. Bartra
Aldatzen da perspektiba
ordularian harira
eske lauretan geratu gara
ta laurak ta hamar dira. (bis)

X. Galletebeitia
Kasualitatea zer den!
Amaia ta Oihana ejem!
Malekoian zehar nindoan ta
zer eiten duzue hemen? (bis)

O. Bartra
Ba holako kasuetan
malekoiko olatuetan
ba hain justu be oraintxe geunden
ai zuri buruz berbetan! (bis)

A. Iturriotz
Barka zaidazu laguna
lehenagoko erantzuna
baina egitan igual Xabat da
zerbait esan nahi dizuna. (bis)

X. Galletebeitia
Egingo dut estropozu
ze lotsa ta ze esfortzu
ederki aski hasi zara ta
Amaia zeuk esaiozu. (bis)

O. Bartra
Hitz egingo dut et, et, et!
zeozer esan dezaket
neurri eta era ezberdinetan
nik biak maite zaituztet. (bis)

A. Iturriotz
Jo! Sentitzen naiz arraro
baina Oihana akabo
biok ez dugu denbora galdu
ta erdibiderik ez dago. (bis)

X. Galletebeitia
Maite gaituzu jakina
ta biok gura adina
hain justu problema da nik ezin
dudala esan berdina. (bis)

O. Bartra
Eman nahi dizut bakea
zuk berriz errematea
ba aizu Xabat posible zendun
lehenago esatea!

A. Iturriotz
Hortan arrazoi daukazu
eta egiozu kasu
ondoren neri behintzat berdina
ez egin hola ez zara zu. (bis)

X. Galletebeitia
Kontua da ahalegintzea
ez naiz urdina ez printzea
badakizue kosta egiten zait
gauzak erabakitzea. (bis)

O. Bartra
Ni ere ez naiz borobila
ta erabakitzen abila
bizitzan biak behar baitira
pelota ta eskobilla. (bis)

A. Iturriotz
Hitzik gabe gelditu naiz
jo zure hitz eta epaiz
nik soilik nahi dut paseatu ta
helaua jan aldarte alaiz. (bis)

X. Galletebeitia
Hitz, epai eta enparau
ni ondo nago baina uau!
Noiz arte luzatu behar dugu
egoera deseroso hau? (bis)

O. Bartra
Bi ordu pasatu dira
elkarrizketen neurrira
bakar-bakarrik geratuko naiz
itsasoari begira. (bis)

A. Iturriotz
Azkenik joan egin da
ta egunari jarri ginda
lasai al zaude pixka´t gorroto
zaituela hark jakinda? (bis)

X. Galletebeitia
Ez dakit naizen ergela
edo hau zen erregela
arren Amaia esan zeu ere
gaizki sentitzen zarela. (bis)

A. Iturriotz
Luze jardun gera aurten
eta honi pisua ezin ken
Xabat egia esango dizut
hobeto egin zitekeen. (bis)

X. Galletebeitia
Lehen esan behar zenidan ai!
Nik ere ez nuen nahi
ta orain etxera joaterakoan
bertan edukiko dut zai. (bis)

A. Iturriotz
Bai, arazoa hori da
ni ere banoa tira
eta zu hemen gera zaitezke
itsasoari begira. (bis)

X. Galletebeitia
Hemen geratu naiz tinko
ta bat-batean bi tipo…
Galdetu didate mutil zaharra
izango naizen betiko. (bis)

Datu-base honetan eskainitako informazioari buruz jakiteko, kontsultatu lege oharra