Bertsoak - Fitxa ikusi Atal honi buruz gehiago jakiteko
2022-11-26 Baiona Txapelketa [Bertsoa] / Nerea Ibarzabal
Bertsoa entzun |
2022-11-26 Baiona Txapelketa [Bertsoa] / Nerea Ibarzabal
Neurria:
Hamalauko handia (hg) / Zazpi puntuko handia (ip)
Kokapena:
XDZ - Xenpelar Dokumentazio Zentroa
Gaur hamar urte eman genuen
azkenengo besarkada
ta etxekoak ta ni ordutik
dezente urrundu gara
hain desberdina nintzen izaki
haiek eguna, ni gaba
bakoitzak bere bidezidorrak
hautatuak badaezpada
baina bizitza izan daiteke
telefono dei bat hara!
Izeba hila omen dago ta
bihar doa lurpetara
baina nik ez dut itzuli gura
familia horretara. (bis)
Ez dira egon nire minean
pozean ta hasarrean
beste etxe bat sortu nuen nik
beraien kontrakarrean
ta orain denekin elkartu behar
arratsalde bakarrean
irri txikiak, keinu lasaiak
hoztasuna beharrean
beilatokiko gezur artean
ahapeko marmarrean
horrek guztiak ipiniko nau
oso umore txarrean
famili on bat bagina legez
herri osoaren aurrean. (bis)
Beraz ez naute han aurkituko
beilatokiko atean
ea bizitzak batzen gaituen
beste aukeraren batean
nik nahiago dut kandela piztu
bakarrik bake-bakean
eta pentsatu izebarengan
negarrean eta kean
bere gorpua sartu ahala
suzko labean, harpean
barkatu izeba sentitzen dut zu
joatea apartean
baina pertsonak maite behar dira
bizirik dauden artean. (bis)
Datu-base honetan eskainitako informazioari buruz jakiteko, kontsultatu lege oharra