Bertsoak - Fitxa ikusi   Atal honi buruz gehiago jakiteko

2022-03-30 Baiona Berezia [Bertsoa] / Miren Artetxe, Odei Barroso

Bertsoa entzun  

Informazio orokorra

Kategoria
Bat-batekoa
Saioa
2022-03-30 Baiona Berezia
Gai-jartzailea
Erremundegi, Ekhi
Bertsolariak / Egileak
Artetxe, Miren
Barroso, Odei
Lana
Binaka gaia-emanda
Jarritako gaia
Korrika heldu dela eta, euskara ikasten ari direnei hitza eman ohi diete hedabide anitzetan. Seguruenik irakurriko zenituzten horietako artikulu batzuk. Nik BERRIAko bat aipatu nahi nizueke. Erabilpenari buruz egunerokoan dituzten erraztasun eta zailtasunei buruz galdetuta, erantzun hauek eman ditu ikasle batek: «Badira euskaldun zaharrak denetan, baina batzuetan horma bat bada parean. Zuzentzen zaituzte, baina batzuetan blokeatzen du; beti ari zara akatsei pentsatzen... Niretzat ez da naturala euskaraz aritzea. Lotsatia naiz, batzuetan akitua naiz, eta ez dut ahalegina egiteko gogorik, eta anitzetan ez dugu ber hizkuntza. Erabiltzen ditudan hitzak ez dituzte ulertzen; erraten didate ez dela horrela erraten» «Euskaldun berriek ahaleginak egin behar ditugu, bai noski; baina euskaldun zaharrek ere bai»…

Deskribapena

Doinua
Geldirik ezin naizela egon
Neurria / Estrofaren izena
Zortziko handia (hg) / Lau puntuko handia (ip)

Kokapena

Kokapena
XDZ - Xenpelar Dokumentazio Zentroa
Bilduma / Funtsa / Proiektua
Bapatean Bilduma

2022-03-30 Baiona Berezia [Bertsoa] / Miren Artetxe, Odei Barroso

Neurria:  Zortziko handia (hg) / Lau puntuko handia (ip) 
Kokapena:  XDZ - Xenpelar Dokumentazio Zentroa 


M. Artetxe
Gure herrian bada euskaldun aina ideia ta teori
“Hori ez dago ongi errana, beste hori ez dago ongi…”
Nola liteke harri berean behin eta berriz erori?
Besteei eskatzen diegu ta guk egiten ez dugun hori.

O. Barroso
Nahiz ta euskaldun zaharrak askotan hartu dezakeen pena
pentsa euskaldun berriak berak izan dezakeen kondena
eta ez al da euskaldun zaharrok jakin behar genukeena?
Kurtso denboran ez baldin bada zuzentzea ez da zuzena.

M. Artetxe
Zenbat alditan egin dugu geuk besteen akatsen zerrenda?
Ta zertarako konpletiboak ta erlatiboak zenba?
Dena ez da ongi, dena ez da “Ze kler!”, dena ez da “Klaro!”, ez ”Benga!”
Dena ez dago ongi, dena ez da erreza baina eroriz ikasten da!

O. Barroso
Eguzkiak jo ta altxa ere egin dezake itzalak
lagundu nahian beti ez gira uste bezain zerbitzalak
euskaldun zaharrok karrikan usu botatzen ditugu balak
baina akatsak ez dira beti izaten gramatikalak.

M. Artetxe
Zuetako zenbatek AEKn ditu arratsak igaro?
Zuetako zenbat sentitu dira sistema baten esklabo?
Berdin du akatsa, berdin biziki, berdin oso zein zeharo
ze gehienetan elkar laguntza gure begiradan dago.

O. Barroso
Norbait ikasten ari delarik bere xokoan euskara
soilik makulu izan behar dugu atera dadin plazara
nahiz ta hamaika akats egin hor ikasten aritzen bada
bere euskara ez da onena, euskara ederrena da.

M. Artetxe
Denen artean eraiki behar badugu herri amestua
nor da aski euskalari ona, aski euskaltzain prestua?
Nork du beti hain eztarri finko, mardula baina estua?
Hobetzeko deus ez duen horrek altxa dezala eskua!

O. Barroso
Neri berdin zait nor-nori-norka berdin hamaika istori
gure baldintza soilik delako zuk “Hartu!” eta nik “Tori!”
Neri berdin zait egiten diren, lasai, akats bat edo bi
zeren hizkuntza ezin da izan erabiltzen ez den hori!

Datu-base honetan eskainitako informazioari buruz jakiteko, kontsultatu lege oharra