Bertsoak - Fitxa ikusi   Atal honi buruz gehiago jakiteko

2023-07-07 Lesaka Jaialdia [Bertsoa] / Maialen Lujanbio, Ekhiñe Zapiain Arlegi

Bertsoa entzun  

Informazio orokorra

Kategoria
Bat-batekoa
Saioa
2023-07-07 Lesaka Jaialdia
Gai-jartzailea
Sanjurjo, Josu
Bertsolariak / Egileak
Lujanbio, Maialen
Zapiain Arlegi, Ekhiñe
Lana
Binaka gaia-emanda
Jarritako gaia
Aurrez aurre zaudete bi emakume talentudun, belaunaldi ezberdinetakoak. Zer erranen zeniokete elkarri?

Deskribapena

Doinua
Zeru altuan zegoen Jaunak
Neurria / Estrofaren izena
Zortziko handia (hg) / Lau puntuko handia (ip)

Kokapena

Kokapena
XDZ - Xenpelar Dokumentazio Zentroa
Bilduma / Funtsa / Proiektua
Bapatean Bilduma

2023-07-07 Lesaka Jaialdia [Bertsoa] / Maialen Lujanbio, Ekhiñe Zapiain Arlegi

Neurria:  Zortziko handia (hg) / Lau puntuko handia (ip) 
Kokapena:  XDZ - Xenpelar Dokumentazio Zentroa 


M. Lujanbio
Bi emakume talentudunak
aurkeztu gaituzte hala
ez ahotsa ez gorputza ta ez
garaia ezta iguala
ze esango dizut? Jarrai ´zazula
orain artean bezala
a! Ta Ekhiñe zu entzuteak
poza ematen didala.

E. Zapiain
Poztuta zaude, poztuta nago
ia haunditu zait sena
galdera pila egin nahi ditut
eta zuk erantzun dena.
Ez dakit ongi nundikan hasi
bat botako dut aurrena
ene Maialen, ene Maialen
nola zara zu zarena?

M. Lujanbio
Ni naizena naiz, erdi ausarta
baina gehienetan izu
oharkabean bizkar gainean
hartu dut hamaika pisu
gazte-gazterik hasi nintzena
eta hara atzetik zu!
Zure adinean nik nekiena
baino gehiago dakizu.

E. Zapiain
Ez da egia erran duzuna
kontrako eztarriz eztula
nik noizbait ere izan nahi nuke
zu zeu zarena sekula
ez da galdera baina ohar bat
egin nahi dizut mardula
dula hamar urte plaza ixkin hortan
argazkia egin genula.

M. Lujanbio
Hori ez zenidan inoiz bidali
ta hori da akats itzela
nik ere hori erakusteko
garairen baten horrela
hemen urteak pasatzen dira
azkar tximista bezela
nola liteke amona baten
pare mintzatzen naizela?

E. Zapiain
Utzi itzazu amon kontuak
utzi adin ta zahartzaro
ez txapelketa ta ez finala
hori alboratu zeharo.
Lesakan plazan eta gainera
zure ondoan bi zango
bertso bidean nere helburua
ja nahiko betea dago.

M. Lujanbio
Ez dago oraindik ezer beterik
bada ta hamaika putzu
gure ondoan euskal herriak
ezagutuko dituzu
gazteei eman bertso grina ta
zuk hartu hizkuntzari pultsu
talentua ta burua duzu
gogorik baldin baduzu.

E. Zapiain
Gogoa sobran dauka Ekhiñek
eta bidea du maita
beraz bertsotan segiko dugu
hitza baita gure gai ta
ez zaitut haundi gisa jarri nahi
ta hau ez dut egin nahita
Lujanbio ere gure gisara
hezur-haragizko baita.

Datu-base honetan eskainitako informazioari buruz jakiteko, kontsultatu lege oharra