Bertsoak - Fitxa ikusi Atal honi buruz gehiago jakiteko
2024-02-03 Sara Lagun-artekoa [Bertsoa] / Haira Aizpurua Ibargarai, Amets Arzallus
Bertsoa entzun |
2024-02-03 Sara Lagun-artekoa [Bertsoa] / Haira Aizpurua Ibargarai, Amets Arzallus
Neurria:
Hamarreko txikia (hg) / Bost puntuko txikia (ip)
Kokapena:
XDZ - Xenpelar Dokumentazio Zentroa
A. Arzallus
Ez da errexa izan ateak ixtea
egun hau iritsiko zela sinistea
horra azken presoa, horra albistea
hauxe da bai neretzat, ta ez da txistea
inoiz nahiko ez nuen ohore tristea.
H. Aizpurua
Irudika ezina baina ez gezurra
haragi ta gorputza dardarka hezurra
azkenak gira Amets hori da segurra
itzulera ez dugu ukanen samurra
betiko izanen al da badugun beldurra?
A. Arzallus
Zalantza bat dudala noa aipatzera
diote preso denak azkenik etxera
baina hori ez da xuxen entzun ‘zazu zera
gogoan daramatzat nerekin batera
behin sartu zirenak ta inoiz ez atera.
H. Aizpurua
Atera ez zirenak nola ez gogora?
Nahiko genuke dena hurbil ta ondora
orain beharko dugu guk biek ganora
Zer da etorkizuna? Eta zer gerora?
Sendatzaile bakarra ez baita denbora.
A. Arzallus
Denborak zimurtua dugu begirada
baina umore dena ez dut galdu hara!
Atean kartzelazain betikoa bada
lehen hor zenbiltzan gizon trailari-trailara
orain ni banoa, zu hor gelditzen zara.
H. Aizpurua
Azkenak izan gara beraz artaldean
lehen sentitzen ginen betiko taldean
orain kasik da lotsa matelen aldean
nahiz eta familia badugun parean
kartzelaren itzala dugu gibelean.
A. Arzallus
Baina bizian mila hertsapen badira
bortxaz beti makurtuz goiko legedira
berdin lanera doan harek lantegira
Haira badut duda bat, pasatu ez al gira
kartzela ttipitikan kartzela haundira?
H. Aizpurua
Gure itzala soilik ukan urtez urte
manifen oihartzunak, milaka entzute
aurten azken presoak aipatua dute
batetikan bestera pastea ez uste
betirako makurtu eginak gaituzte.
A. Arzallus
Sasira aspaldian joan ginenean
amets haundi batzuek nik begi menean
gauzak ainitz aldatu dira azkenean
baina egi bat badut gaurko orenean
libre izango naiz denak libre garenean.
H. Aizpurua
Urteetako beldurra dugu ahoratu
zulo ilun batekin dugu konparatu.
Joan diren guziak nola gogoratu?
Bagoaz etxera ta denek ohoratu
noizbait eginen dira sasiak loratu.
Datu-base honetan eskainitako informazioari buruz jakiteko, kontsultatu lege oharra