Bertsoak - Fitxa ikusi   Atal honi buruz gehiago jakiteko

2025-10-17 Usurbil Lagun-artekoa [Bertsoa] / Sustrai Colina, Eli Pagola

Informazio orokorra

Kategoria
Bat-batekoa
Saioa
2025-10-17 Usurbil Lagun-artekoa
Gai-emailea
Gartzia, Onintza
Bertsolariak / Egileak
Colina, Sustrai
Pagola, Eli
Lana
Binaka gaia-emanda
Jarritako gaia
Bikotea zarete. Baratza daukazue eta, zu, Eli, azken urtetan Jakoba Errekondoren jarraitzaile sutsu bihurtu zara. Haren irratsaioa entzuten duzu larunbatero; egutegi dinamikoa erosi eta zehatz mehatz jarraitzen duzu baratzeko lanak egiterakoan eta abar. Baratzarekin nahiko ez eta, orain sendabelarrekin ere emozionatuta zabiltza. Sendabelarrak topatu, bildu, lehortu, ukenduak egin… Egia esan, zure bizitza horren baitan antolatzen duzu, eta azkenaldian, beste planak uzten hasia zara… Sustrai, gaur zure etxekoekin bazkaria daukazue eta Elik esan dizu, Jakobaren egutegiaren arabera lore eguna dela eta sendabelarrak bildu behar dituela arratsaldeko 14:00etatik 16:00ak bitartean.

Deskribapena

Doinua
Orioko balearena
Neurria / Estrofaren izena
Zortziko txikia (hg) / Lau puntuko txikia (ip)

Kokapena

Kokapena
XDZ - Xenpelar Dokumentazio Zentroa
Bilduma / Funtsa / Proiektua
Bapatean Bilduma

2025-10-17 Usurbil Lagun-artekoa [Bertsoa] / Sustrai Colina, Eli Pagola

Neurria:  Zortziko txikia (hg) / Lau puntuko txikia (ip) 
Kokapena:  XDZ - Xenpelar Dokumentazio Zentroa 


S. Colina
Erotuta zeundela
aspaldi banekin
baina puntu hontaraino
oraindik ez, en fin.
Geratu behar al duzu
sendabelarrekin
ez bazkaltzeagatik
txorimaloekin? (bis)

E. Pagola
Biodinamika da
ulert’zazu Sustrai
ez da zure sendia
nik ez detela nahi
baino egutegian
ezin det egin jai
ilbehera ez da hautatzen
ta familia bai. (bis)

S. Colina
Ezkiak eta mentak
bildu ditu segan
gero begiak jarri
porru ta azelgan
nola esango dizut?
Ea ulertzen geran
gure hartu-emana
dagola ilbeheran. (bis)

E. Pagola
Nola betetzen dezun
hitz hutsez ahoa
gure sendabelarren
kontua badoa
eta ilbeherarena
zeinen oparoa
ez al nauzu sumatzen
emankorragoa? (bis)

S. Colina
Itxuraz emankorra
zabiltza orain zu
haurdun zaudela esan
behar al didazu?
Halakorik ez arren
ze hartuko dut su
umeari Jakoba
jarriko diozu! (bis)

E. Pagola
Holako aukerarik
neregan balego!
Ez zaidazu ipini
maite buru-bero
Jakoba izena ez
baina hontaz gero
izendatuko al degu
aitabitxi edo? (bis)

S. Colina
Jakobarekin dabil
ekin eta jarrai
nola esango diot
nik ez dudala nahi?
Izan da aitabitxi
izendatzeko gai
aita dugun ez dakit
baina bitxia bai. (bis)

E. Pagola
Lasai umerik ez da
bertatik sortua
nik hala nahita ere
ez baita lortua
zurea bitxia da
horixe kontua
izena soilik dezu
lurrera lotua. (bis)

S. Colina
Horregatik agertu
orduko parera
esan zenuen “Hau dut
gustoko platera”
izena bakarrik dut
lotua lurrera
ta zu Jakoba bezain
azidoa zera. (bis)

E. Pagola
Gure etxe jira hontan
nenbilen aspaldi
azidoa gozotik
zer ote zun adi
harreman bat eman nahi
niona lurrari
lur emango al diogu
gure harremanari?

Datu-base honetan eskainitako informazioari buruz jakiteko, kontsultatu lege oharra