Bertsoak - Fitxa ikusi Atal honi buruz gehiago jakiteko
2006-12-03 Bera Jaialdia [Bertsoa] / Maialen Lujanbio, Xabier Silveira
Bertsoa entzun |
2006-12-03 Bera Jaialdia [Bertsoa] / Maialen Lujanbio, Xabier Silveira
Neurria:
Hamarreko txikia (hg) / Bost puntuko txikia (ip)
Kokapena:
XDZ - Xenpelar Dokumentazio Zentroa
X. Silveira: Egun gogorra da hau
bihotza dut dena su;
justizia egin behar
ta justizia antzu.
Zatoz ttiki motxila
zintzilika zazu;
amatxorekin zoaz
emaidazu muxu;
asko maiteko zaitu
ikusiko duzu.
M. Lujanbio: Ni zurekin egon naiz
urte hauetan zehar;
orain ikusten zaitut
zu sutan lehertzear;
hemen pasatu degu
mila egun edar?
Gizon batek esan du
eta aitak negar?
ta neri inork ez al dit
deus galdetu behar?
X. Silveira: Ttiki heldutasun hau
behar dizut eskertu;
gure norabidea
da pixkat okertu;
gertatzen ari denak
zentzurikan ez du.
Nahiz eta ez dizuten
zuri deus galdetu
zuk ez galdetu zeren
ezin da ulertu.
M. Lujanbio: Galde dezaidatela
ni nabil eskeko:
hamar urtekin banaiz
iritzi askeko;
burua oso argi
daukat nik hasteko
eta amak eta zuk
batekoz besteko
min gehiegi dezute
ongi ikusteko.
X. Silveira: Ez dakit nola esan
ez daukat hitz nahiko
hitzen ordez irteten
zaizkit mila malko.
Amatxorekin zoaz
denboraldirako;
nahiz eta egingo duzun
igual negar asko
laister batuko gara
berriz betirako.
M. Lujanbio: Beti ibili zerate
hark kendu zuk tori;
hamar urte motzetan
hamaika istori?
Atzera begiratu
ta zenbat memori!
Zai nago egun hori
dago heldu zori
nere motxila nik neuk
eingo dudan hori.
X. Silveira: Ama eta nerea
bukatu zen dena
bukatu zen infernu
jasangaitz bat zena;
ustez izan genuen
kristoren kemena
baina orain ohartu naiz
ta hau da hau pena!:
zu zara gure kakak
jaten dituena.
M. Lujanbio: Ez pentsa nengoenik
hoi entzun desiran;
triste jartzen zaizkizu
begiak diztiran;
zeinen agur goibela
azken despedidan!
Baina nola helduen
estiloa hori dan
gu gera zapitxoak
euren sokatiran.
X. Silveira: Gure etxe haundian
guztia da ate
baina ezin duzu joan
ta biontzat kalte;
zu aina mundu hontan
ez dut ezer maite;
zatoz ta besarkatu
fuerte, fuerte, fuerte;
ta orain agur ttiki
eta laister arte.
Datu-base honetan eskainitako informazioari buruz jakiteko, kontsultatu lege oharra