Bertsoak - Fitxa ikusi   Atal honi buruz gehiago jakiteko

2008-11-28 Donostia Jaialdia [Bertsoa] / Igor Elortza, Maialen Lujanbio

Bertsoa entzun  

Informazio orokorra

Kategoria
Bat-batekoa
Saioa
2008-11-28 Donostia Jaialdia
Gai-emailea
Elizasu, Unai
Bertsolariak / Egileak
Elortza, Igor
Lujanbio, Maialen
Lana
Binaka gaia-emanda
Jarritako gaia
Bikotea zarete. Hilabete honetan ez duzue etxean erratza pasatu. Ez dakit zenbat urte dituen sofa zaharrean zaudete eserita. Ostirala, gaueko hamabi eta erdiak, eta hautsita dagoen telebistari begira. Eta atzetik Imanolen kantu bat entzuten da: "Parke isileko banku txurian / ezpain beroen lankide..."

Deskribapena

Doinua
Ilun ikarak azken argia
Neurria / Estrofaren izena
Zortziko handia (hg) / Lau puntuko handia (ip)

Kokapena

Kokapena
XDZ - Xenpelar Dokumentazio Zentroa
Bilduma / Funtsa / Proiektua
Bapatean Bilduma

2008-11-28 Donostia Jaialdia [Bertsoa] / Igor Elortza, Maialen Lujanbio

Neurria:  Zortziko handia (hg) / Lau puntuko handia (ip) 
Kokapena:  XDZ - Xenpelar Dokumentazio Zentroa 


I. Elortza: Jada zikina gaur kasi-kasi
sartu liteke barrura.
Non ote dago lehen urteetan
bizi izandako lilura?
Orain dena da aspertzea ta
etsipena edo tristura...
Lehen maitasun huts genuen hura
maitasun hauts bihurtu da.

M. Lujanbio: Ia pizteko indar gutxitxo
ta mugitzeko berandu
gure harremanan metaforak hor
etxea hausten dihardu.
Maitasuna ta etxea bera
hartu gendun bion kargu
baina erratza pasatzeko're
ilusioa behar du!

I. Elortza: Neretzat jada berba arrotz bat
bihurtu da ilusio
gure etxean ez dugulako
behar lain motibazio
ta gu bionak ere ez du ja
ez arrazoi ta ez zio:
benetan asko maitatzen zaitut
baina ez zaitut desio.

M. Lujanbio: Sofa batean eta desio
zahar bat berpiztu nahian
armiarma-sare luxe mehe bat
tilin-talanka sabaian
gure lau hankak kruzatuta ta
kafe kikara bat mahaian...
Gu betirako gelditu ginan
estudiante garaian.

I. Elortza: Negar tanta bat hor erori zait
gaur hauts pilaren erdira
sentimentu bat badagoela
esan nahi du horrek begira.
Agian hobe dugu onartu
hauxe dela despedida...
Bi ilusio hil ziren baina
beste bi jaioko dira.

M. Lujanbio: Baina maitemin hura izan zan
bizi guzirako lege
denbora joanak eta hautsak ez,
ez digu egin mesede.
Eutsi dezagun! Eutsi dezagun!
Aguantatzea det xede
ta elkarrekin hil gaitezen gu
asperduraz bada ere!

I. Elortza: Baina zergatik egin behar da
bihotzen kontra borroka
baldin barrua baldin badugu
guk biok jadanik oka?
Nik gurago dut despeditzea
ta onartzea porrota
asperduratan hiltzea baino
nahiago zu faltan bota.

M. Lujanbio: Telebistari begira beti
nahiz ta ez ezer ageri
lehen egoten zen Carta de ajuste
bukatzen zen eta geldi.
Gaur egunean segi egiten du
hoita lau orduz gehiegi...
Gu're hola gabiltz, zentzurik gabe
segi, segi eta segi.

Datu-base honetan eskainitako informazioari buruz jakiteko, kontsultatu lege oharra