Bertsoak - Fitxa ikusi   Atal honi buruz gehiago jakiteko

1999-11-27 Donostia Jaialdia [Bertsoa] / Ainhoa Agirreazaldegi, Anjel Mari Peñagarikano

Bertsoa entzun  

Informazio orokorra

Kategoria
Bat-batekoa
Saioa
1999-11-27 Donostia Jaialdia
Gai-jartzailea
Iturain, Iñaki
Bertsolariak / Egileak
Agirreazaldegi, Ainhoa
Peñagarikano, Anjel Mari
Lana
Binaka gaia-emanda
Jarritako gaia
Zuek biok lagun minak zarete. Baina Anjel Mari azken bolada honetan depresioak jota dabil, triste, kexa besterik entzuten ez zaiola. Berak egiten duen kexa bakoitzeko botaiozu loretxo bat-edo, Ainhoa. Ea laguntzen diogun.

Deskribapena

Doinua
Espainian behera
Neurria / Estrofaren izena
Hamarreko txikia (hg) / Bost puntuko txikia (ip)

Kokapena

Kokapena
XDZ - Xenpelar Dokumentazio Zentroa
Bilduma / Funtsa / Proiektua
Bapatean Bilduma

1999-11-27 Donostia Jaialdia [Bertsoa] / Ainhoa Agirreazaldegi, Anjel Mari Peñagarikano

Neurria:  Hamarreko txikia (hg) / Bost puntuko txikia (ip) 
Kokapena:  XDZ - Xenpelar Dokumentazio Zentroa 


Peñagarikano:
Nere ingurutatik
nik zenbat atake,
beti ni zirikatzen
dabiltza jo ta ke!
Aurtengo udazkenean
umilatu naute;
nik bizitzeko pozik
ia ez det bate,
Gipuzkoan "kobarde"
deitzen baitidate. (bis)

Agirreazaldegi:
Lagun-usteengatik
hainbeste zartako,
zu zirikatu nahian
ibili da pranko.
Nik, pentsatzen jarrita,
uste dut zertako:
zure faltan guztiak
hain dabiltza bapo,
Gipuzkun ondo daude
zu ez zaudelako. (bis)

Peñagarikano:
Nunahi egiten al det
hainbat enbarazu?
Zure lore horrekin
puxkat poztu nauzu
eta berriro ere
ni poztu nazazu;
aspaldin poztasunez
ni hain nabil antzu,
ilobak esaten dit
"ze zaharra zeran zu". (bis)

Agirreazaldegi:
Iloba jaio zala
hainbeste denbora,
hau ere ikastolan
ona izango da;
esan dizun horixe
izan duzu froga.
Daukazun ilobakin
zaudela gustora,
oso argia baita
daukazun iloba. (bis)

Peñagarikano:
Hau bai ez dala broma,
hau ez degu txantxa,
bihotz barnean daukat
halako arantza!
Nere atzekaldean
hortxe daukat mantxa,
Ainhoak poztutzeko
badet esperantza;
diote daukadala
nik Bilintxen antza. (bis)

Agirreazaldegi:
Berriro ere zatoz
lorearen eske;
nik erantzungo dizut
gozo bezin aske:
depresioak jota
zaude bataz beste,
Bilintx zure antzekoa
denikan ez uste,
hura perfilez ez da
zu zeran hainbeste. (bis)

Peñagarikano:
Hau dana gainditzeko
aizu ez naiz kapaz,
ni depresiok jota
egun eta gabaz
ta berdin zait euskeraz
ta berdin erderaz;
haren perfila ere
esan dezu, beraz;
nolaz deitzen didate
"Cyrano Berberaz"(1) (bis)

Agirreazaldegi:
Aitzakia tristeez
hain zaude aseta,
ikusten zaitut oso
barrutik erreta.
Askok egin dizute
itxuraz iseka,
ezizen bakar horri
ez jarri arreta,
ezizen gehiago ere
badituzu eta. (bis)

Peñagarikano:
Zugana etorri naiz
gaur Anoetatik,
isekak bainituen
alde denetatik.
Oain zer ein behar dedan
nik ondo badakit,
oso gustora noa
gaur Donostiatik.
Mila esker bihotzez
piropoengatik. (bis)

Agirreazaldegi:
Nola ikusi zaitudan
gaur triste antzeko,
erabakia hartu dut
nik zu laguntzeko;
lagunak ez baititut
edonoiz saltzeko,
ta oraindik bazaude
noizbaite trantzeko,
berriro deitu lasai
kafe bat hartzeko. (bis)

Datu-base honetan eskainitako informazioari buruz jakiteko, kontsultatu lege oharra