Bertsoak - Fitxa ikusi Atal honi buruz gehiago jakiteko
2007-10-21 Irun Txapelketa [Bertsoa] / Uxue Alberdi, Josu Oiartzabal "Xamoa"
2007-10-21 Irun Txapelketa [Bertsoa] / Uxue Alberdi, Josu Oiartzabal "Xamoa"
Neurria:
Hamarreko txikia (hg) / Bost puntuko txikia (ip)
Kokapena:
XDZ - Xenpelar Dokumentazio Zentroa
J. Oiartzabal: Argazkiak gordeta
zeudenak urtetan
ikusiko nituzke
gustora benetan;
bat ikusi ta ordea
jarri naiz kezketan:
aitona ageri da
fusila eskuetan.
Zu're gaiztoa izan
al zinen gaztetan?
U. Alberdi: Ez ez nintzen gaiztoa
inondik inora;
argazki horretatik
pasa da denbora;
ez zaitela zu orain
horrela aztora
ta ulertu ezazu
mesedez biloba
askatasun egarriz
zegola polbora.
J. Oiartzabal: Gaur ez bazan behar zun
bihar edo etzi
familian barruan
zenbat traba, hesi...
Orain arte nuena
urtetan miretsi
fusila eskuetan
firme gogor eutsi...
pakeangatik zela
ezin det sinetsi.
U. Alberdi: Orduan genituen
ametsak ugari
eta askatasuna
zen guretzat sari.
Gauza bat esango dut
ta zuk entzun adi:
zuri beltzean geunden
ez al da nabari?
Kolorea jartzeko
etorkizunari.
J. Oiartzabal: Zuri-beltza juan zen
ta hura akabo
baina zu ikustea
egin zait arraro;
nere baitan egongo
da hori luzaro.
Zerbait gaizki egin zen
ni horretan dago
kolorea jartzeko
hil beharra al dago?
U. Alberdi: Ni ere uniformez
hain nago arraro;
gerra bat ona izan
sekula zeharo
baina garai haretan
ez geunden oparo.
Nik fusilik hartzeko
ez dizut esango
baina bake faltsu hau
ere ez dago ondo.
Datu-base honetan eskainitako informazioari buruz jakiteko, kontsultatu lege oharra