Bertsoak - Fitxa ikusi Atal honi buruz gehiago jakiteko
1990-07-01 Igeldo Jaialdia [Bertsoa] / Imanol Lazkano, Sebastian Lizaso, Xabier "Euzkitze"
Bertsoa entzun |
1990-07-01 Igeldo Jaialdia [Bertsoa] / Imanol Lazkano, Sebastian Lizaso, Xabier "Euzkitze"
Neurria:
Zortziko handia (hg) / Lau puntuko handia (ip)
Kokapena:
XDZ - Xenpelar Dokumentazio Zentroa
S. Lizaso
Zoritxarrean droga gaiztoa
sartu zan gure artean,
nik erruki det erortzen dana
eten ezin dan katean,
baina ez dakit arazo hori
nola konpon litekean,
galerazi behar lutekenak
zabaltzen duten artean. (BIS)
Euzkitze
Egunkariak eskeintzen digu
mila albiste itxusi,
gaurkoan ere ona ez dan bat
guztiok degu ikusi,
zaku batean nahastu zaizkigu
gaizkile eta polizi,
hoien eskutan gauden artean
ezin leike lasai bizi. (BIS)
Lazkano
Lur normal baten ezin daiteke
holakorik ezagutu,
bertsolari bat hau entzun eta
nolatan gelditu mutu,
nere iritziz hoik bi ekintzak
nahi lituzkete burutu,
gazte jendea usteldu eta
aldi berean dirutu. (BIS)
S. Lizaso
Gaztediari zer pasa zaion
hoiei ez zaie kupira,
oraingo hontan seiren izenak
agertu dira argira,
itxaropenez egon gindezke
konponbidea(r)i begira,
saltsa horretan sartutakoak
sei bakarrikan balira. (BIS)
Euzkitze
Hoien joerak sortzen dizkigu
hamaika gazteren penak,
ez dira oso joera onak
polizi jende horrenak,
aspaldin kezkaz beteta gaude
euskaldunikan gehienak,
euren artean ez ote dauden
kulparik gehien dutenak. (BIS)
Lazkano
Jaunak esanda, esanda ere
hau da zelebrezko jira,
harriak negar egin lezake
gertatzen dana(r)i begira,
errespetoa behar dutenak
horrela hasten badira,
zein Jesukristok ekarriko du
pakea gure Herrira. (BIS)
S. Lizaso
Esaten dute drogaren kontra
dabiltzala egunero,
bilatzen dute baina norberak
ahal bada saltzeko gero,
sei bakarrikan dabiltzanikan
nik behintzat ez det espero,
sei dozena ere agertu baietz
ondo aztertu ezkero. (BIS)
Euzkitze
Guraso asko ikusten degu
oso aurpegi tristeko,
itxaropenik ez dutelako
gazteak aberasteko,
polizi asko nahastuta dabil
bateko eta besteko,
hamaika gazte izurratu da
hoiek ondo gizentzeko. (BIS)
Lazkano
Droga kontua okertzen doa
hemen urtean-urtean,
ta zuzentzeko itxurarikan
ez dauka pixka batean,
negargarria gertatzen dena
gaur egun gure tartean,
zakur haundiak jolasean da
txakur txikiak katean. (BIS)
Datu-base honetan eskainitako informazioari buruz jakiteko, kontsultatu lege oharra