Bertsoak - Fitxa ikusi   Atal honi buruz gehiago jakiteko

1989-04-23 Donostia Ekitaldipekoa [Bertsoa] / Ireneo Ajuria, Jon Enbeita, Imanol Lazkano

Bertsoa entzun  

Informazio orokorra

Kategoria
Bat-batekoa
Saioa
1989-04-23 Donostia Ekitaldipekoa
Bertsolariak / Egileak
Ajuria, Ireneo
Enbeita, Jon
Lazkano, Imanol
Lana
Hirunaka gai-librean
Jarritako gaia
Gai librean
Gaiari oharrak
Donostian 1989ko Apirilaren 23an «Korrika»ren bukaera ospatu zen haundikiro eta
zenbait eginkizunen artean bertsolariak ere izan ziren. Denak gai librean aritu ziren, baina gaia
begibistan zegoen: «Korrika» eta Euskara.

Deskribapena

Neurria / Estrofaren izena
Zortziko handia (hg) / Lau puntuko handia (ip)

Kokapena

Kokapena
XDZ - Xenpelar Dokumentazio Zentroa
Bilduma / Funtsa / Proiektua
Bapatean Bilduma

1989-04-23 Donostia Ekitaldipekoa [Bertsoa] / Ireneo Ajuria, Jon Enbeita, Imanol Lazkano

Neurria:  Zortziko handia (hg) / Lau puntuko handia (ip) 
Kokapena:  XDZ - Xenpelar Dokumentazio Zentroa 


Lazkano
Urtean bakan gertatzen dira
holako une alaiak,
bihotza ere piztutzen digu
Euskara zaharran usaiak,
hainbat gorantza merezi bait du
«Korrika» honen amaiak,
lehendabiziko ongi etorri
arrebak eta anaiak.
J. Enbeita
«Euskarak ez du ezer balio
ez da hizkuntz aberatsa»,
era honetan gure etsaiak
sarri egin du arrantza,
hau ikusi ta gaur hartuko du
hamaikak kokolo antza,
hemen argi da Euskara dela
Euskal Herriko ardatza.
Ajuria
Gu bultzatzera etorri gara
komeni jakun guztian,
ta esperantza ez dut galdutzen
hainbat jende ikustian,
Iruñan hasi gendun Korrika
amaitu da Donostian,
bere oihua entzun dezaten
gure Euskal Herri guztian.

Lazkano
Arazo latzak izanak ditu
Euskerak bere bizitzan,
urrats berriak eman dirade
askatasunaren giltzan,
itxaropen dut udaberriko
lore berri baten gisan,
korritu diran kilometruak
ez leizke alperrik izan.
J. Enbeita
Konstituzio izena dauka
enparantza honek jarria,
baina ez dugu hemen egina,
da kanpotik ekarria,
plaza honetan asetu dedin
herri honen egarria,
Euskaraz egin beharko dugu
Euskadirako barria.
Ajuria
Ikusten degu nolakoa den
gizon askon portaera,
sekulan ere ezin gintezke
joan jaunak gu gainbehera,
borondatetsu jarraituko de(g)u
ilusiotan aurrera,
gu bizi geran artean behintzat
ez da galduko Euskera.
Lazkano
Ai Irineok, esan duanaz
nik eman nezake hitza,
izanez ere besterik gabe
bide hortatik gabiltza,
amaren seme geranez gero
guk geure ama zerbitza,
hortik bagabiltz gure etsaiak
alper alperrik dabiltza.
J. Enbeita
Kendu beharra daukagu hemen
errespeto eta mito,
karidadean izenez bait da
eginik hainbat delito,
gure Euskara erdarapean
egin nahi digute ito,
kontra jasoaz egin dezagun
denok Euskara ta kito.
Ajuria
Nik hemendikan hartutzen ditut
kimu berrian usaiak,
baina horregatik ezin gintezke
bizi inola (e)re lasaiak,
eskurik esku lan egin daigun
arrebak eta anaiak,
Euskal Herrian bizi daitezen
gure Euskararen sustraiak.
Lazkano
Alperrikako ez leike izan
anai arteko jarduna,
bide hortatik etorriko da
deseo degun eguna,
gure eskutik eskurako da
beti amesten deguna,
Euskal Herri bat askatua ta
Euskal Herri Euskalduna.
J. Enbeita
Europan eman nahi digutela
babesa era magala,
Europan sartu nahi dugu baina
Herri libre bat bezala,
gaur Donostitik doan oihua
munduak entzun dezala,
Euskara bait da Euskal Herriko
Hizkuntza Nazionala.
Ajuria
Batzuk laguntzen ari dirade
besteak erdi debalde,
hori ulertu gura duenak
ez du zertan hemen galde,
baina aurrera apurka goaz
eta lotsarikan gabe,
sufrimentu hau (e)re izan bedi
gure Euskararen alde.

Datu-base honetan eskainitako informazioari buruz jakiteko, kontsultatu lege oharra