Bertsoak - Fitxa ikusi   Atal honi buruz gehiago jakiteko

1993-05-16 Oiartzun Jaialdia [Bertsoa] / Sebastian Lizaso, Anjel Mari Peñagarikano, Jon Sarasua

Bertsoa entzun  

Informazio orokorra

Kategoria
Bat-batekoa
Saioa
1993-05-16 Oiartzun Jaialdia
Gai-emailea
Aizpurua, Karlos
Bertsolariak / Egileak
Lizaso, Sebastian
Peñagarikano, Anjel Mari
Sarasua, Jon
Lana
Hirunaka gaia-emanda
Jarritako gaia
Anjel Mari, orain arte haurdun zinen, erditu eta seikiak izan dituzu. Erditze horretan Sebastian izan da aurrena ateratzen eta Sarasua azkena.

Deskribapena

Doinua
Txoriak eta txoriburuak
Neurria / Estrofaren izena
Zortziko handia (hg) / Lau puntuko handia (ip)

Kokapena

Kokapena
XDZ - Xenpelar Dokumentazio Zentroa
Bilduma / Funtsa / Proiektua
Bapatean Bilduma

1993-05-16 Oiartzun Jaialdia [Bertsoa] / Sebastian Lizaso, Anjel Mari Peñagarikano, Jon Sarasua

Neurria:  Zortziko handia (hg) / Lau puntuko handia (ip) 
Kokapena:  XDZ - Xenpelar Dokumentazio Zentroa 


Peñagarikano:
Orain amatxo egin naiz eta
nago pozik eta alai,
hilabetetan hortxe egon naiz
eguna noiz helduko zai,
eta erditze lanetan gogor
esaten nun "Ai eta ai",
azkenekoak lana ez dit eman
baina aurrenekoak bai. (bis)
S.Lizaso:
Lasaitu, ama! Trantze txar denak
zuretzat pasiak daude,
nahiz-ta zerrendan nor zen aurrena
barrendik ez gendun galde,
haundiena zen lehenbizikoa
eta zeuretzat mesede,
azkenengoa egingo zendun
batere sufritu gabe. (bis)
J.Sarasua:
Ni ondo nengon eta haundiak
atera nahi zuen garaiz,
ni azkenengo izanagatik
ez naiz haundi horren bekaitz,
tripa barruan ateratzeko
beldurrez egon arren maiz,
horren burua pasa ondoren
oso errez atera naiz. (bis)
Peñagarikano:
Izugarria dela uste det
gu andreon almazena,
nik zaharrenari jarriko diot
Sebastianen izena,
kilo ta erdi azkenengoa
ta lehenengoa gizena,
bati titia eman beharko
ta besteari Maizena. (bis)
S.Lizaso:
Egin gaituzu ta mantentzeak
badu bere garrantzia,
ama mesedez entzun ezazu
semearen irrintzia,
haundiena naiz oraindik ere
nik nahi nuke haunditzia,
beraz titia hartzerakoan
nik daukat preferentzia. (bis)
J.Sarasua:
Haundien horrek ateratzeko
beti izan du asmoa,
oso normala ez ote degun
beti izan det susmoa,
tripa barruan beti gu jotzen
hau ez da anai sanoa,
hori kanpoan baldin badago
ni berriz barrura noa. (bis)
Peñagarikano:
Negar da negar ari dira bik
eta ez dira isiltzen,
gaurtik aurrera saiatu behar
nere umetxoak hazitzen,
komadrona ere ni bezelaxe
hortxe egon da sufritzen,
bi ordu ta erdi behar izan ditu
honen burua garbitzen. (bis)
S.Lizaso:
Zuk diozunez ondo garbitzen
izan dezute nahiko lan,
hala ta guzti ama haurrikan
zuk ez baztertu inolan,
nere pixuan erdia hartu
horrek nik aina denboran,
taila normala iritsi arte
sar zazu inkubadoran. (bis)
J.Sarasua:
Anai haundia normala denik
neri ez zait iruditu,
ama maitea tripa barruan
ai, zenbat degun sufritu!
Seme zaharrena egin dezu ta
begitu iozu, begitu!
Gu hasieran zortzi ginan da
zaharrenak biak jan ditu. (bis)
Peñagarikano:
Nik sei ume gaur izan ditut ta
ibili naiz ezinean,
bainan hala ere ni salbo nago
zerbait badet barrenian,
ta alkarrekin jarriko ditut
nik sehaskan sukaldian,
esango dute kukukumea
txantxangorrian kabian. (bis)
S.Lizaso:
Arren ez utzi besteren esku
egin zazu ahalegina,
hazteko ere errezago zan
biok berdinak bagina,
seguru nago ama ni nauzu
lehenbiziko etekina,
ta anai txiki hori bai dala
azkeneko zipristina. (bis)
J.Sarasua:
Egia esan anai guztiak
ez gera berdin etorri,
halare nahi dut familia hau
bere onera ekarri,
konpon gaitezen gure bizitza
izan dadin eamangarri,
guri titia emaiguzu ta
haundiari behi bat jarri. (bis)

Datu-base honetan eskainitako informazioari buruz jakiteko, kontsultatu lege oharra