Bertsoak - Fitxa ikusi Atal honi buruz gehiago jakiteko
1994-07-08 Lesaka Jaialdia [Bertsoa] / Bittor Elizagoien, Sebastian Lizaso
Bertsoa entzun |
1994-07-08 Lesaka Jaialdia [Bertsoa] / Bittor Elizagoien, Sebastian Lizaso
Neurria:
Zortziko handia (hg) / Lau puntuko handia (ip)
Kokapena:
XDZ - Xenpelar Dokumentazio Zentroa
S.Lizaso:
Lagun ginenak gu orain gaude
uste eztako trantzean,
ustegabean hor bilatu haut
erdi lo kale ertzean,
nunbait bizitzak ez hau tratatu
merezi huen antzean,
altxa hortikan lo egitera
sartu hai nere kotxean.
Elizagoien:
Zaku batekin kalean nabil
ez naiz umore beruan,
merzedesakin adarra jotzen
al zabiltza zu onduan?
igual ez nintzen egongo hemen
orain nagoen moduan,
garai batean zuk aina diru
lapurtu izan banuan.
S.Lizaso:
Lagun nuena mintzatua zait
zitalki bezain serio,
ni aberats ta hau diru gabe
baina zer egingo zaio,
haizak laguna bizibidea
aldatu ezak propio,
dagon tokitik hartu behar dik
eskeak ez dik balio.
Elizagoien:
Nere ustetan zuzen zuzena
daramakit nik bidia,
lapurtu gabe esketik nola
lortzen duten nik ogia,
zu bezain garbi bizi naiz hemen
esaten dizut egia,
muturra daukat zikina bainan
kontzientzia garbia.
S.Lizaso:
Hik neretzako desafioa
soilik daukak mingainean,
gaizki esaka eraso didak
eskeintzaren ordainean,
arrisku latza jokatzen dek hik
utzi nahi haut jakinean,
mugitu edo nahiko lora duk
hilobiaren gainean.
Elizagoien:
Nere barruan eduki arren
hainbat gose eta laino,
oraindik behintzat ez naiz joango
hemendik hilobiraino,
orain bezela jarraituko dut
oraindikan oraindaino,
horrela bizi nahiago baitut
besteren kontura baino.
Datu-base honetan eskainitako informazioari buruz jakiteko, kontsultatu lege oharra