Bertsoak - Fitxa ikusi Atal honi buruz gehiago jakiteko
1993-12-19 Donostia Txapelketa 17:00 [Bertsoa] / Andoni Egaña, Anjel Mari Peñagarikano
Bertsoa entzun |
1993-12-19 Donostia Txapelketa 17:00 [Bertsoa] / Andoni Egaña, Anjel Mari Peñagarikano
Neurria:
Hamarreko handia (hg) / Bost puntuko handia (ip)
Kokapena:
XDZ - Xenpelar Dokumentazio Zentroa
Egaña:
Burutapenak etortzen zaizkit
egoeraren harira:
futbol zelaitan lehenengo ranpla
orain ikusten ari da;
zineman, berriz, justu-justuan
izaten degu kabira;
mezetan ere ezin iritsi
behar genuken tokira;
leku guztiak eginak daude
gizon osoen neurrira. (bis)
Peñagarikano:
Guri laguntzen ari den harek
badauka nahiko meritu;
nik istripu bat behin izan nuen
ta hanka biak txikitu.
Orain gurpildun aulkian nago,
inora ezin mugitu;
orinala ere azpian daukat
eta ezin det garbitu,
nere iloba maitagarriak
goizero garbitzen ditu. (bis)
Egaña:
Orain artean laua genuna
bihurtu zaigu golgota;
zati bat falta ta iristen da
gizakumeen porrota;
gure ezina nola laburtu
dozen'erdi bat lerrota...
Zure iloban eszelentzirik,
arren, ez zaidazu konta;
persona batzuk alde dauzkagu,
baina gizartea kontra. (bis)
Peñagarikano:
Zenbat oinaze ekar dezakeen
egun bateko okerrak;
hori delako orain bizitzan
pasa beharra senperrak:
ezin mugitu ene besoak,
ezin mugitu izterrak;
baina hala ere ikusten ditut
Euzkal Herriko bazterrak;
nork lagundua badet oraindik,
Jaungoikoari eskerrak! (bis)
Egaña:
Neri ordea, falta egin zait
babesa eta magala;
jendeak errez berezi ohi du
normala ta anormala.
Normaltasunan neurria beti
berbera balitz bezala!
Kanpaina batek halaxe dio:
denok berdinak gerala,
baina nik diot kanpaina hori
zurikeri hutsa dala. (bis)
Peñagarikano:
Behin da berriro "eskerrik asko!",
nere iloba kuttuna;
zu zeralako arindu baita
etxeko zama astuna.
Zuri eskerrak nik ez det ahaztu
zer dan zoriontasuna;
une hauetan gauz bakarra da
biok desio deguna:
ez dakiola inori gerta
guri gertatu zaiguna. (bis)
Datu-base honetan eskainitako informazioari buruz jakiteko, kontsultatu lege oharra